Denboraldi hasiera gorabeheratsua eta zaila izan zuen Realak, baina badirudi talde talde txuri-urdina onbidera bueltatzen ari dela eta denboraldiko momenturik gozoenean murgilduta dagoela. Jokatu dituen azken zazpi partidetatik sei irabazi ditu, eta etxean ere emaitza onak lortzen ari da berriro. Hala, Dinamo Kiev hartuko du gaur, Anoetan, Europa ligako ligaxkako seigarren jardunaldian. Donostiarrek lehen 24 sailkatuen artean finkatu nahi dute, eta final-hamaseirenetarako sailkapena bideratu. Aukera aproposa dirudi; izan ere, ukrainarrek ez dute punturik batu orain arte. Baina asmo horrekin zelairatuko dira.
Txuri-urdinek lau neurketa irabazi dituzte segidan lehen aldiz denboraldi honetan. Athleticen aurka derbia galdu ondoren, Ajax eta Betis 2-0 garaitu zituen etxean, lehena Europako ligan eta bigarrena Espainiako ligan. Espainiako Kopan, berriz, sufrituta irabazi zion Espainiako Federazioko Bigarren Mailan ari den talde bati, Conquenseri. Brais Mendezek sartu zuen partidako gol bakarra, luzapenean. Galiziarrak berak aurreratu zuen aurreko igandean Reala Leganesen zelaian, eta Barrenetxeak eta Oiartzabalek emaitza biribildu zuten bigarren zatian: 0-3. Butarquen garaipena lortu ondoren, Reala lehen aldiz dago Europarako postuetan, seigarren baita. Gainera, hainbat jokalari pixkanaka beren bertsio onenera gerturatzen ari dira. Brais Mendezek azken bi neurketetan gola sartu du, eta Mikel Oiartzabal kapitainak ere bi gol sartu ditu ligako azken bi partidetan.
Reala hamaseigarren dago Europa ligako sailkapenean. Zazpi puntu ditu, beste lau taldek bezala, baina talde donostiarra da gol alderik onena duena. Bost partidatan bi garaipen, berdinketa bat eta bi porrot izan ditu Imanol Alguacilen taldeak. Hain zuzen ere azken norgehiagokan Ajax menderatu zuen, bigarren zatian sendo arituta. Barrenetxeak eta Kubok sartu zituzten txuri-urdinen golak.
«Gustuko dut Dinamo Kieven jokatzeko modua. Baloia gustuko izaten du eta jokalari askorekin iristen da gora»
IMANOL ALGUACILRealeko entrenatzailea
Gaurko neurketari begira, Martin Zubimendi, Aihen Muñoz eta Sergio Gomez deialdian dira. Leganesen aurka, Imanolek hiru jokalariak kendu behar izan zituen, kolpeak hartu baitzituzten. Beñat Turrientes eta Orri Oskarsson ere jokatzeko moduan dira, eta aukeratuen artean daude: «Dena den, Oskarsson ez dut hasieratik jokatzeko moduan ikusten, eta bai Zubimendik eta baita Barrenetxeak ere proba bat egin dute bihar [gaur] eguerdian nola dauden argitzeko», adierazi zuen atzo Imanolek, partida aurreko agerraldian. Kanpoan geratu dira, berriz, min hartuta, Aritz Elustondo eta Hamari Traore, Arsen Zakharian.
Ukrainarrei irabazita, final-hamaseirenetarako ia sailkatuta egongo litzateke talde txuri-urdina. Final-zortzirenetarako zuzenean sailkatzea, ordea, zaila dauka. Anderlecht eta Viktoria Pilsen taldeen aurkako ustekabeko porrotek lehen zortzi postuetatik urrundu dute talde gipuzkoarra. UEFAko txapelketen sistema berria dela eta, liga faseko lehen zortzi taldeak zuzenean igaroko dira final-zortzirenetara. Hortaz, Realak ahalik eta puntu gehien lortu beharko du falta zaizkion hiru partidetan: Dinamo Kiev eta PAOK Donostian eta Lazio Erroman. Bederatzigarrenetik 24. postura geratzen diren taldeek final-hamaseirenak jokatu beharko dituzte otsailean, hau da, bi neurketa gehiago izango dituzte final-zortzirenetan egoteko.
Azkenaren aurka
Gaurko aurkaria, Dinamo Kiev, azkena da Europa ligako sailkapenean. Norgehiagoka guztiak galdu ditu, eta gol bakarra sartu du bost partidatan. Lehenengo jardunaldian, Lazioren aurka 0-3 galdu zuen Hanburgon (Alemania), Europa ligako etxeko neurketak han jokatzen baititu. Hurrengo partida ere Alemanian izan zuten, Hoffenheimen aurka, eta 2-0 galdu zuten etxetik kanpo. Hirugarren jardunaldian 1-0 galdu zuten Erroman, hurrengoan 0-4 irabazi zion Ferencvarosek, eta azken jardunaldian Viktoria Pilsenen aurka 1-2 galdu zuten. Emaitza bera lortu zuten txekiarrek Realaren aurka laugarren jardunaldian.
Ukrainako hiriburuko taldea lehen postuan dago bere ligan, eta albiste izan da asteburu honetan, Oleksandriaren aurka jokatutako neurketa aire-eraso alertagatik bertan behera utzi zutelako 78. minutuan. Hala ere, ordu erdi geroago jarraitu zuten, eta 3-0 irabazi zioten ligako bigarren sailkatuari. Oleksandr Shovkovskiik entrenatzen du taldea, eta golegile nagusia Vladislav Vanat aurrelaria da. Hamalau gol sartu ditu bederatzi neurketatan. Gainera, Andrii Yarmolenko eskuin hegala ere taldean dago, Borussia Dortmund eta West Ham taldeetan ibilitako ukrainarra.
Txuri-urdinek Dinamo Kiev garaitzea lortzen badute, laugarren garaipena lortuko dute jarraian etxean. Azaroan Bartzelona (1-0) eta Ajax (2-0) garaitu zituzten, eta hil honen hasieran 2-0 hartu zuten mendean Betis. Hiru garaipen horiek Anoetako urte eskasa hobetzen lagundu dute. Azarora arte, Realak soilik lau partida irabazi zituen hemezortzitik lehiaketa guztietan, Cadizen, Las Palmasen eta Valentziaren aurka. Valentziari bitan irabazi zioten. Hamar norgehiagoka galdu dituzte txuri-urdinek aurten etxean. Talde ukrainarra eta Las Palmas izango dira Realak aurten Anoetan hartuko dituen azken bi aurkariak.
Gaurko partida honela aztertu zuen Imanolek: «Gustuko dut Dinamo Kieven jokatzeko modua. Baloia gustuko izaten du, eta jokalari askorekin iristen da gora. Punturen bat izatea merezi zuen. Txapelketa honetan etxean jokatuko ditugun hurrengo bi partidak irabazi nahi ditugu aurrerapauso bat emateko».
REALA-DINAMO KIEV
Real Sociedad: Remiro; Odriozola, Zubeldia, Aguerd, Javi Lopez; Turrientes, Sucic, Brais Mendez; Kubo, Sergio Gomez eta Oiartzabal.
Dinamo Kiev: Bushchan; Timchuk, Popov, Mijavko, Vivcharenko; Brazhko, Shaparenko; Kabaev, Buyalski, Voloshin eta Vanat.
Epailea: Harm Osmers.
Lekua: Anoeta.
Ordua: 21:00 (Movistar La Liga).