Atletico Madril 1-1 Reala

Realak berdinketa baliotsua lortu du Kopako finalerdietako joanekoan

Amaiurrek sartu du txuri-urdinen gola, kontraeraso batean. Etxekoek lau aldiz jo dute langa baloiarekin, eta Elene Letek penalti bat geratu du lehen zatian.

(ID_13675146) ESPAÑA FÚTBOL (F) COPA DE LA REINA
Realeko Emma Ramirez, Atletico Madrileko Ajibaderekin lehian. DANIEL GONZALEZ / EFE.
ainara arratibel gascon
2024ko martxoaren 6a
21:45
Entzun

Banakoa edozeinek sinatuko zuen. Emaitza ona da. Baina pena pixka bat ere izango dute Realeko jokalariek, Espainiako Kopako finalerdietako joanekoan Atletico Madrilen kontra bana berdindu eta gero. Pena, etxekoen gola 90. minutuan iritsi zelako, eta 0-1ekoa emaitza bikaina zelako. Baina, bestela, kanporaketa etxean erabakitzeko aukera izango dute txuri-urdinek, astebete barru. Gainera, Atletico Madrilek lau aldiz bidali du baloia langara, eta Letek ere penalti bat geratu du lehen zatian. Beraz, merezi ere merezi zuen emaitza. Realari dagokionez, partida ona egin du, Natalia Arroyok aurretik iragarritako plana bikain bete baitu. Txuri-urdinen gola Amaiur Sarriegik sartu du 64. minutuan, eta berdinketa Gabyk, Realeko jokalari ohiak. Arroyoren taldeak azarotik darama galdu gabe, hamabi partida segidan.

Ondo ekin dio partidari Realak, zelaian ondo jarrita, jokoaren ekimena izanda, eta Jensenek eta Franssik zelaian aurkitutako zuloetan egin zezaketen mina baliatu nahian. Txuri-urdinentzat izan da partidako lehen aukera,  9. minutuan. Gabyk falta egindio Andreia Jacintori area ertzean. Nerea Eizagairrek egin du jaurtiketa, baina baloia kanpora joan zaio. Ondorengo minutuetan talde txuri-urdinak hortzak estutu behar izan ditu, Atletico Madril pare bat aldiz gerturatu baita Elene Leteren atera. 

Pixkanaka etxekoek hartu dute jokoaren ekimena, nahiz eta aparteko arriskurik ez sortu. Realari kosta egin zaio erasora irtetea, eta Atletico Madrilen presioa gainditzea. Hurrengo minutuak parekatuak izan dira. Ez talde batek, ez besteak ez dute lortu min egitea. Defentsako lana gailendu da, erasoko jardunaren aldean. Joan eta etorriko kanporaketa izanda, ez dute aparteko arriskurik hartu nahi izan. Zelai erdian batez ere ondo itxi ditu zuloak Realak, eta hala Atletico Madrilek ezin izan du baliatu zelai erditik aurrera dituen jokalarien abiadura. Batez ere Ajibaderena.

Baina parekotasun hori hausteko abagune argia izan du etxeko taldeak 35. minutuan. Ana Tejadak penaltia dio Ajidaberi. Hasiera batean ondo eutsi dio, baina, gero, ostikada inozo bat eman dio, eta epaileak ez du zalantzarik egin. Sheila Guijarrok jaurti du, baina Elene Letek bikain gelditu du. Susto hori pasatuta, berriro ere nor baino nor gehiago aritu dira bi taldeak. Lehen zatiko azken-aurreko jokaldian beste susto bat izan dute txuri-urdinek, korner batean Sheila Guijarrok langara bidali baitu burukada bat. Hurrengo jokaldian kontraeraso argi bat izan du Realak, baina Emmak ezin izan du jokaldia amaitu. 

Amaiurren gola

Bigarren zatia hasterako Atletico Madrilek aldaketa egin du.  Santos zelairatu da, ligan talde txuri-urdinari gola sartu zion jokalaria. Hastapen horretan etxekoek aurrerapauso bat eman dute, eta Realak sufritu egin du apur bat. Izan ere, pare bat jaurtiketa arriskutsu egin ditu etxeko taldeak, eta beste batek langa ere jo du. Kontraerasoren bat egiten ahalegindu da minutu horietan Arroyok zuzentzen duen taldea. 

Realak ez zuen baloia, eta sufritu egin du hor, baloia etengabe baitzegoen Elene Leteren ate inguruan. Arroyok esana zuen halako momentuak pasatu beharko zituztela, eta gakoa eustea izango zela. Hala egin dute. Bi teknikariek aurrera begira egin dituzte lehen aldaketak. Talde txuri-urdinean Lorenak utzi du zelaia, Amaiurren ordez. Eta etxekoak bolada onenean zeudenean iritsi da talde txuri-urdinen gola. Elene Leteren gelditu on batean ostean, Jensenek eta Franssik kontraeraso ona lotu dute, eta Amaiurrek patxada handiz definitu du. Aurrelaria min hartuta egon da sasoi honetan hainbat partidatan, eta behar zuen gola. 

Emaitza paregabea zen. Baina espero bezala, hortik aurrera are gehiago estutu du Atletico Madrilek, batez ere Ludmilaren hegaletik. Hain zuzen ere, brasildarrak beste baloi bat bidali du langara. Atletico Madrilek aurrera begira jarraitu du, baina bazirudien Realak ondo eutsiko ziola. Gabyren gola iritsi den arte. Menayoren erdiraketa bikain errematatu du, Vanegasi aurrea hartuta. Madrildarrek beste aukera bat izan dute, baina berriro ere langara bidali dute baloia. Banakoarekin amaitu da partida.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.