Realak berdindu egin du Rayoren aurka, defentsak gailendu diren partida astun batean. Txuri-urdinak ez dira eroso sentitu erasoan, eta Sadiqek eta Silvak osatu duten aurrealdeak ez du etekinik eman. Freskotasun falta igarri zaio taldeari, Espainiako Kopako lehiatik nekaturik iritsita. Okerrena lesioak izan dira: Zakharyanek herrenka utzi du zelaia lehen zatian, eta Le Normandek aldaketa eskatu behar izan du partida amaieran, leher eginda.
Adierazgarria izan da Imanol Alguacilek hasieratik ezarri dituen berritasun guztiak. Bost defentsako sistemara itzuli da, Javi Galan fitxatu berriak debuta egin du, eta entrenatzaileak Sadiq eta Andre Silva jarri ditu aurrelari, zeinak orain arte elkarrekin jokatu gabeak baitziren. Alde batetik ulergarria, jakinda Donostiako taldeak partida ugari jokatu dituela azkenaldian. Baina aldaketa asko egiten direnean, bada ondorio erraz bat: probak behar bezala ez funtzionatzea.
Reala bere jokoa inposatzeko ideiarekin irten da zelaira, baina ondo landutako Rayo bat topatu du aurrean, erraztasunik eman ez diona. Lehen ordu laurdenean, garrantzi oso gutxiko ekintzak izan dira, eta bi taldeek partida lantzen jarraitu dute sariaren bila. Baina minutuak pasatu, eta gidoia ez da batere aldatu: norgehiagoka oso trinkoa Anoetan. Hori gutxi ez, eta horrela zirela eskatu behar izan du Zakharyanek aldaketa, min hartuta.
Realaren erasoren bat edo beste iritsi da; argiena, Zubimendiren azkena, gutxigatik ez baitu partida ireki atsedenaldiaren atarian. Baina eskua sartu du Dimitrievskik sare gainetik bidaltzeko, eta dena erabakitzeke utzi du bigarren zatirako.
Bigarren zatia ere geldo hasi da, eta ez da askorik animatu hogei minutu igarota. Turrientes saiatu da, ederki egiten dituen jaurtiketa horietako batekin, baina berriro Dimitrievskik gelditu du. Rayo ere ez da atzean geratu, eta, pixkanaka, Remiroren atera gerturatzen hasi da. Lejeunek egin du lehen ahalegina, kanpora joan den jaurtiketa batekin.

Ordezkoek ere ez diote askorik eman taldeari, eta azken minutuetan Realak ez ditu izan ohiko erasoak. Sei minutuko luzapena eman du epaileak, eta behin besterik ez da iritsi Madrilgo taldearen atera. Oyarzabalek izan du aukera, baina jokoz kanpo zegoela adierazi du marrazainak. Rayok ez du jaurtiketa bat bera ere egin Remiroren zutoinen artean partida osoan, eta aski izan du defentsa lanak ondo egitearekin Anoetatik puntu batekin ateratzeko.