Realak berdindu egin du Cadizen, urteko azken partidan

Txuri-urdinek puntu bat eskuratu dute, distirarik gabeko neurketa batean. Donostiarren atzealdeko hegaleko hiru jokalarik min hartu dute norgehiagokan zehar.

ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Mikel Oiartzabal eta Lucas Pires, baloi bat berreskuratu nahian. Roman Rios / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko abenduaren 21a
21:30
Entzun

Realari aho zapore garratza utzi dio 2023. urteko azken partidak. Marka da hori, berebiziko urtea osatu eta gero. Egiari zor, Espainiako ligaren bide luzean koska bat gehiago besterik ez da jardunaldi bakoitza, baina garaiak sortzen du esangura. Ez alferrik, beti baita garrantzitsua eten bati pozarren ekitea, geldialdia arinagoa egiteko. Txuri-urdinek ez dute halakorik lortu, hiru puntuak lortu nahi zituztelako.

Bakarra eskuratu du Cadizen. Izan ere, hasi bezala amaitu da Nuevo Mirandilla estadioko partida: golik gabe. Bi taldeek puntuak banatu dituzte, eta hori sari txikia da gorengo postuen peskizan ari den talde batentzat. Imanol Alguacilen multzoak aukera bikaina zuen gaur, Txapeldunen ligako postuen lehian ari diren taldeen erritmoari eusteko, baina apur bat atzera geratu da. Atletico Madril laugarrenak eta Athletic bosgarrenak lau punturen aldea dute orain; bi puntura geratzeko abagunea galdu du.

Sasoi hasieratik erabilitako jokalari multzoa kontuan hartuta, Imanolek talde egokia zelairatu du. Atzealdeko bi hegaletan txertatu ditu berritasun nagusiak, uste baino lehen osatu den Brais Mendezekin batera. Kieran Tierneyk eta Alvaro Odriozolak egin dituzte defentsako hegaleko lanak. Hori bai, bitxia izan da eskuin aldekoen kasua, partidan zehar jazotako gora-beherengatik. Orotara lau lagun aritu dira postu horretan.

Hamari Traorek hartu dio erreleboa Odriozolari, lehen zatian, baina ez du asko iraun. Malikoak min hartu du, eta Aritz Elustondok ordeztu du. Beasaindarrari ere sarrera itsusia egin diote, barren, eta hura ere aldaketa beharrean izan da. Azkenerako, Aihen Muñozek ezohiko lekuan jokatu behar izan du. Bost aldaketatik hiru horretarako erabili ditu Imanolek, bestelako erremediorik ezean.

Hura izan da neurketak eman duen hizpideetako bat, eta sintomatikoa da. Esan nahi du bi taldeak hutsal aritu direla erasoan. Cadiz aritu da biziago hasieran, garaipen premiak eraginda —irailaren lehenean irabazi zuen azken partida—, baina espejismoa izan da. Gabezia handiak ditu ate aurrean, eta izan dituen aukera apurrak ondo saihestu ditu Alex Remirok. Hain justu ere, atezain nafarra izan da Realekoen jokalari onentsuenetako bat. Neurketak izandako bilakaeraren beste sintoma bat da hori.

Eraginkortasunik gabe

Realak ez du beste aldietako nagusitasunik erakutsi. Distira falta izan zaio jokoan, azken metroetan batez ere, eta gol aukera urriak izan dituzte txuri-urdinek. Umar Sadiqen bakarkako saialdiek ez dute eraginik izan, eta gainontzeko jokalari esanguratsuak ere tantaka agertu dira erasoko jokoan. Hala, Martin Zubimendik izan du Realekoen aukerarik argiena. Eskuin hegaletik antolatutako jokaldi baten ostean, erdilari donostiarrak baloi galdu bat jaso du arean, baina haren ezkerkadak langa jo du. Beste behin, Zubimendik erakutsi du ahalaz gain fedea ere baduela. Ezohiko posturan errematatu du baloia, baina hark izan du gola gertuen.

Ordutik aurrera, deus gutxi berdegunean. Imanolek Beñat Turrientes eta Carlos Fernandez zelairatu ditu, jokoa suspertu asmotan. Erdilari beasaindarrak azkenaldiko joerari eutsi dio, eta borondatetsu aritu da zelaian. Aurrelari espainiarra, ostera, bere lekua aurkitu ezinean ari da. Bien bitartean, Sadiqek nahigabe aurpegiarekin utzi du zelaia.

Edonola ere, azkenerako bi taldeak katramilatu egin dira zelaian, eta jokalariek egindako falta kopuru handiak makaldu egin du jokoa. Joko eta distira gutxiko norgehiagoka izan da Cadizekoa, eta lehiaketari dagokionez urtea amaitu ondotik, egun batzuetako atsedenera joko dute orain. Realaren kasuan, aurrean dituen helburu garrantzitsuen aurretik atseden hartzeko garaia izango da, eta datorren urtea 2023aren trazakoa baldin bada, gaitzerdi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.