OSASUNA 0-2 REALA

Realak bakarrik jarraituko du ametsetan

Talde txuri-urdinak Osasunari irabazi dio Sadarren, eta Espainiako Kopako final-laurdenetan ariko da. Oiartzabalek sartu du lehen gola, penaltiz, eta Merinok bigarrena, penalti baten aldaratzean. Arrasate kexu agertu da epailearen lanarekin.

(ID_13508630) ESPAÑA FÚTBOL COPA DEL REY
Mikel Oiartzabal, lehen gola ospatzen, gaur, Sadarren. JESUS DIGES / EFE
Julen Etxeberria.
2024ko urtarrilaren 17a
23:06
Entzun

Realak bakarrik jarraituko du amets egiten Espainiako Kopan zerbait handia egitearekin. 0-2 irabazi dio gaur gauean Osasunari Sadarren, eta final-laurdenetan ariko da. Hori lortuta, arindu egin du aurreko larunbatean San Mamesen Athleticen aurkako derbia galtzeak eragindako atsekabea. Realzale gutxi gogoratuko dira jada horrekin. Euren taldeak bi pausora du Kopako finala. Ostiral eguerdian jakingo du noren aurka jokatuko duen hurrengo kanporaketa. Egoeran berean dago Athletic, Kopako beste derbian Alaves kanporatu eta gero.

Realaren poza Osasunaren atsekabea da. Gorritxoek egin dituzte egin beharrekoak Kopan. Azken denboraldian finalera iritsi ondoren, bide askoz laburragoa egin dute aurten. Txapelketa bakarra falta zaie lehiatzeko, baina garrantzitsuena da: Espainiako Liga. Horrek du lehentasuna, eta horretan jarri behar dute orain arreta eta indar guztia.

Gorritxoek hobeto ekin diote partidari: bizi eta erasokor. Berehala sortu dute arriskua, lehen minutuan. Budimir Remiroren aterantz zuzendu da, baina erori egin da area barruan Zubeldiarekin trabatu eta gero. Epaileak ez du ezer adierazi, eta VAR epaileak ere ez dio ezer esan. 

Argi zegoen bi taldeen asmoa: Osasunak bizi jokatu nahi zuen; Realak, aldiz, patxadaz, baloia gehiago edukiz. Nahi, eta lortu. Horri esker lortu du pixkanaka presioa apur bat gainetik kentzea, eta aurrerapauso txiki bat ematea. Hala ere, inork arriskua sortzen badu, etxeko taldeak sortu du; bereziki, Budimirrek. Baina alferrik. Ez da golik egon lehen zatian.

Bi zigor jokaldi berean

Bigarren zatiari oso bizi ekin diote bi taldeek, eta Aimarrek eta Zakharianek aukera bana izan dute hasi eta berehala. Errusiarrak beste bat izan du handik gutxira, area kanpotik jaurtita, baina Aitor Fernandezek geldiketa bikaina egin dio. Hurrengo jokaldian, berriz, epaileak penaltia adierazi du Catenaren eta Le Normanden arteko lehian. Lehenbizi, txartel horia atera dio Osasunako erdiko atzelariari, baina, VAR epaileari entzun eta jokaldia telebistan ikusi eta gero, gorria atera dio. Oiartzabalek bota du penaltia, eta ez du huts egin. 0-1. 56. minutua zen. Realari alde jarri zaio partida. Osasunari, aldiz, maldan gora: galtzen ari zen, eta jokalari bat gutxiagorekin aritu behar zuen.

Golak jota utzi du etxeko taldea hasieran, baina gai izan da suspertzeko, eta Realaren area ingurura arriskuarekin iristeko. Jagoba Arrasatek eta Imanol Alguacilek aldaketak egin dituzte: batek, gola sartzeko asmoz; besteak, aldeari eutsi eta hutsen bat baliatu nahian. Hori gertatu da. 97. minutuan, Aitor Fernandezek penaltia egin dio Brais Mendezi. Huts egin du, baina Merinok gola sartu du aldaratzean.

Partidaren amaieran Jagoba Arrasate ez zen batere gustura epailearen lanarekin, eta penaltietako jokaldiak izan ditu hizpide: «Denok gauza bera sentitzen dugu. Azken partidan gertatu zenaren antzeko zerbait gertatu da. Aurkariaren areara iristen garenean sekula ez da nahikoa, eta gurean, gutxirekin, beti da nahikoa. Zaila da, eta are gehiago, jokalari bat kanporatuta».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.