Irabazi beharrean zegoen Reala. Txuri-urdinek Mallorcan jokatu dute gaur, eta gogotik lan eginda lortu dituzte hiru puntuak. Etxeko taldeak neurketa gogorra jokatzera behartu ditu. Mallorcak, bigarren zati osoan bat gutxiagorekin jokatu duen arren, ia lortu du puntu bat. Azkenean, Mikel Merino izan da heroia: 92. minutuan buruz errematatu du Pachecoren erdiraketa bat, eta markagailuan 1-2ko emaitza ezarri.
Zoroa izan da lehen zatia. Mallorca indar handiagoarekin zelairatu da, eta esnatu denerako sartu diote gola Realari. Hirugarren minutua zen, eta Antonio Sanchezek ezkerrez jo du area ertzean zegoen baloi bat. Gol bikaina izan da.
Minutuek aurrera egin ahala, hobera egin du Realak, eta lehia bizian ibili dira bi taldeetako jokalariak. Epaileak ez ditu falta gehiegi adierazi, eta etxeko taldeak eta zaleak haserrearazi ditu horrek. Falta eskatu duten jokaldi horietako batean heldu da bisitarien gola: Zubeldiak kendu dio baloia Muriqiri, Kubori eman dio, eta hortik aurrerako guztia japoniarrak egin du. Baloia gidatu, errematatu eta gola sartu.
Merino heroia
Atsedenaldiaren aurretik, Raillo Mallorcako kapitaina kaleratu du epaileak, protestan aritzeagatik. Egundokoa txistualdia entzun behar izan du.
Bigarren zatian, jokalari bat gutxiagorekin, atzean sartu da etxeko taldea. Realak ahaleginak egin ditu arriskua sortzeko, baina ez du batere asmatu azken metroetan. Batzuetan erabaki okerrak hartu dituztelako, eta besteetan erremateak txarrak izan direlako, txuri-urdinek ez diote lan askorik eman Rajkovic atezainari. Horrela amaituko zela zirudienean egin du hegan Merinok.
Sailkapen nagusian seigarren postuan dago Reala, 40 puntu lortuta.