Realak balio handiko hiru puntu eskuratu ditu Almerian. Talde txuri-urdinak hiru puntuak eskuratu ditu jokaldi estrategikoetan egindako hiru goli esker, eta kokapen estrategikoan jarri da ligaren etenaren atarian. Imanol Alguacilen taldeak, gainera, irauli egin du azkenaldiko joera, eta neurketaren azken minutuetan lortu du garaipena, joan zen larunbatean gertatutakoaren kontrara. Txuri-urdinen golegileak Oiartzabal, Carlos Fernandez penaltiz eta Zubimendi izan dira.
Almeriako neurketak ez du asteazkenean Txapeldunen Ligan jokatutakoaren trazarik izan. Benficaren aurka, partida hasieran erabaki zuen lehia; oraingoan, berriz, luzapenean. Realak ondo ekin dio norgehiagokari, lehen hogei minutuetan partidaren kontrol ia erabatekoa izanda —Sadiq Umarrek zutoinera bota zuen baloia—, baina ez du aurkariaren ate aurrean asmatu. Hain justu ere, aurrelari nigeriarra izan da berritasun nagusietako bat. Imanolek hasieratik aritzeko aukera eman dio talde ohiaren zelaian. Sadiq saiatu da bere lehengo zaleen aurrean, baina asmatzea falta izan zaio. Aritz Elustondo, Arsen Zakharyan eta Beñat Turrientes ere hamaikakoan izan dira. Donostiarrek ez dute lar sufritu arratsalde osoan. Lehen minutuetako nagusitasuna apaldu egin da minutuek aurrera egin ahala, baina Almeriak ez du Alex Remiro atezaina estutu. Hala, patxadaz amaitu dira lehen 45 minutuak.
Bigarren zatiak suspertu du jokoa. Realak agintea hartu du ohiko jokalari gehiago zelairatu ahala; Mikel Merino eta Takefusa Kubo izan dira haietako bi. Txuri-urdinek erasora egin dute tantaka, eta arriskua aurki islatu da gol aukeretan. Turrientesek berak izan du argiena; beasaindarrak baloia sareratu du, baina Diaz de Mera Escuderos epaileak ezerezean utzi du jokaldia, erdilariak eskuz ukitu duelako. Baleko gol baten aurrekaria izan da, ordea. Hamar minutu eskasera, Realak aldeko korner jaurtiketa bat baliatu du markagailuan aurrea hartzeko. Kuboren erdiraketa buruz orraztu zuen Elustondok, eta Mikel Oiartzabalek, bigarren zutoinean, trabarik gabe errematatu du. Almeriaren atzeko lerroak markarik gabe utzi du kapitaina.
Realak egina zuen zailena, etxekoen erasoko ekinaldiak oso urriak izan baitira ordura artean. Nolanahi ere, Gaizka Garitanoren taldeak aurrera egin du, deus galtzekorik gabe, eta protagonismo handiagoa izan du Remiroren area inguruan. Azkenerako, saria eman dio horrek, eta Arribasek berdinketaren gola sartu du etxekoen mesedetan. Ordurako, Realaren jokoak eraginkortasuna galdua zuen erasoan. Hein batean, Oiartzabalen eta Ander Barrenetxearen aldaketak tarteko. Imanolek jokalari zamatuenak zelaitik kentzeko hautua egin zuen, eta horrek eragina izan zuen: «Uste dut berdinketaren gola guk sartu dugula gure atean, baina azken minutuetan konpondu dugu. Uste dut justua dela, sortu dugun aukera kopuruarengatik».
Almeriak arriskua sortu du golak hauspotuta, baina Realak erremedioa jarri dio azken minutuetan. Arauzko denbora gaindituta sartu ditu bi gol; Carlos Fernandezek bigarrena, penaltiz, jaurtiketa indartsu baten bidez, eta Martin Zubimendik hirugarrena. Donostiarraren gola lehendabizikoaren berdina izan da. Kuboren kornerra, orraztea, eta Almeriaren hutsegitea baliatuta, sarera. Alde horretatik ere, irabazteko puntu estrategikoa aurkitu du Realak partida irabazteko.