Futbola

Realak aurrera egin beharra du

Talde txuri-urdinak Valladoliden aurka jokatuko du gaur, Anoetan. Aurrean finago ibili nahi du Europarako postuetara gerturatu nahi badu. Gol eskasiaren arrazoiak aztertu ditu Larraitz Lukasek.

Mikel Oiartzabal. JON URBE / FOKU
Mikel Oiartzabal, baloia kontrolatu nahian. JON URBE / FOKU
2025eko martxoaren 29a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Denboraldia bukatzeko geroz eta gutxiago falta da, eta Realak Europarako postuetara gerturatu nahi du. Horretarako, Valladolid garaitu beharko du gaur Anoetan, Espainiako Ligako 29. jardunaldian (14:00, DAZN). Txuri-urdinen azken garaipena duela hilabete bat izan zen, Leganesen aurka; 3-0 gailendu ziren.

Selekzioen etenaldia amaitu eta gero, Realak emaitzak hobetu nahi ditu Espainiako ligan. Hamar jardunaldi falta diren honetan, Imanol Alguacilek entrenatutako taldea hamabigarren postuan dago, 35 puntu bilduta. Lau puntura du Celta, zortzigarren sailkatua, eta, bostera Mallorca, zazpigarrena. Aurten, ziurrenik, zortzigarren sailkatua Konferentzia ligan sartuko da, eta zazpigarrena Europa ligan. Espainiako Kopa irabazita ere sailkatu daiteke Reala Europa ligarako.

Irabazteko aukera aproposa dirudi gaurkoak, Valladolid zuloan baitago: azkena da, hamasei puntu bilduta, eta 11ra du hamazazpigarren sailkatua, Alaves. Azken bederatzi neurketetatik bat berdindu du, eta zortzi galdu. Norgehiagoka bakarra irabazi du Jose Zorrillatik urrun.

25 gol 28 partidatan

Txuri-urdinek 25 gol bakarrik sartu dituzte ligan; hau da, batez beste, Realeko jokalariek gol bat baino gutxiago sartu dute partidako. Ligan gol gutxien sartu dutenen artean bigarrena da Reala. Azkena Valladolid da, gaurko aurkaria. Aurreko urteetan, nahiz eta datuak bikainak ez izan, txuri-urdinek gol gehiago sartu zituzten 28 jardunaldian: berrogei gol aurreko sasoian, 38 gol 2022-2023koan eta 29 gol  2021-2022koan.

Espainiako Ligan gol gehien sartu duen jokalari txuri-urdina Take Kubo da. Japoniarrak bost gol sartu ditu, Mikel Oiartzabalek baino bat gehiago. Bi jokalariek golak sartu dituzte selekzioen etenaldian, baita Orri Oskarssonek eta Nayef Aguerdek ere.

Realeko aurrelari bati «gauza asko» egitea eskatzen zaiola uste du Larraitz Lukas Realeko jokalari ohiak (Donostia, 1982). «Aurrelaria zelai erdira jaisten bada lanean jarduteko edo bizkarrez jokatzeko, gero ez da iristen bigarren jokaldira». Realean aurrean jokatzeak «zama mental izugarria» dakarrela uste du.

«Realean aurrean jokatzeak zama mental izugarria dakar. Ezin da joko guztia Kuboren gain utzi»

LARRAITZ LUKAS Realeko jokalari ohia

«Oskarsson aurrelari petoa da», dio Lukasek. 20 urteko aurrelariak gol aukera gutxi sortu arren, «nahitaez» sartu behar dituela dirudi, Lukasen iritziz. Ondorioztatu du islandiarrari «zaila» egiten ari zaiola Imanol Alguacilen sistemara egokitzea. Hiru gol sartu ditu Espainiako Ligan, eta zazpi denboraldi osoan.

Oiartzabal, ordea, ez da aurrelari petoa, Lukasentzat. «Joko sistemak eskatzen dizkion gauza asko oso ondo egiten ditu». Hala ere, kapitainak lau gol bakarrik sartu ditu Ligan. 2016-2017ko eta 2022-2023ko sasoietan ere lau gol sartu zituen denboraldi osoan; aurreneko sasoia lehen taldean aritu zen lehen denboraldia izan zen, eta, bigarrena, berriz, belauneko lotailu gurutzatuko lesioa izan eta sendatu zena.

Lucasen iritziz, Realak erasoan dauzkan arazoetan larrienetako bat «bigarren jokaldiak» dira. «Jokalariak ez dira egoten egon behar duten tokian». Hegalekoek ere erasoan gehiago lagundu behar dutelakoan dago. «Hegal batetik eraso egiten bada, bestea bigarren zutoinera irits daiteke». Kubok jokaldiak bakarrik buka ditzakeela azpimarratu du, baina joko guztia ezin dela «Kuboren gain» utzi.

Geldikako jokaldietan ere arrisku gutxiegi sortzen dela azpimarratu du. «Korner asko motz geratzen dira, eta errematean daudenak ere ez dira leku egokian egoten». Martin Zubimendik sartu zuen sasoiko lehen gola korner bat zuzenean errematatuta, Vallecasen. Bestalde, uste du urrunetik gehiago jaurti beharko luketela. «Sucic, Brais Mendez, Olasagasti eta abar oso onak dira jaurtitzen».

Reala bi aurrelarirekin aritu da denboraldiaren bigarren zatian. Sadiq Umar Valentziari utzi zion, eta eta Jon Magunazelaia Kordobari. Esanguratsua da Sadiqen kasua: bost gol sartu ditu Valentzian hiru hilabetean, eta txuri-urdinekin lau bi urte eta erdian. «Esaten zuten Realerako ez zuela balio, eta, orain, golak sartzen ari da beste joko sistema batekin».

ALAVESEK EZIN DU HUTS EGIN GAUR ETXEAN, RAYOREN AURKA

Alaves bete-betean ari da mailari eusteko lehian, eta, helburu hori lortzeko, ahal bezainbeste puntu lortu behar ditu jardunaldi bakoitzean. Gaur, hirurak eskuratu nahi ditu, Rayo Vallecanori irabazita, Mendizorrotzan (18:30, DAZN).

Osasunak, berriz, inpugnatu egin du ostegunean Bartzelonaren aurka 3-0 galdu zuen partida, argudiatuta Iñigo Martinezek ezin zuela jokatu. Osasunaren iritziz, atzelaria ez zen aritu Espainiako selekzioarekin, min hartuta zegoenez gero, eta gutxienez bost egunez egon behar zuen jokatu gabe. 

Eibarrek, berriz, laugarren partida irabazi nahi du jarraian gaur, Levanteren zelaian (12:00, DAZN). Oso ondo ari da Yerai Martinek zuzendutako taldea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.