Reala 0-2 Mallorca

Realak atzerapausoa eman du Europarako sailkatzeko bidean

Txuri-urdinek 0-2 galdu dute Mallorcaren aurka. Ez dira oso fin ibili erasoan, eta bi akats larri egin dituzte defentsan. Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldeari bikain atera zaio aurreikusita zuen plana.

Realeko jokalariak, burumakur, partida amaitu ostean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Realeko jokalariak, burumakur, partida amaitu ostean. ANDONI CANELLADA / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko apirilaren 12a
18:01
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurreko denboraldian Mallorcak kolpe gogorra eman zion Realari, penaltietan Espainiako Kopako finaletik kanpo utzita. Bada, sasoi honetan ligan eman dio kolpe bera. Herrialde Katalanetako taldea amesgaizto bihurtu da txuri-urdinentzat. Gaur 0-2 irabazi die Anoetan, eta, hala, Realak atzerapausoa eman du Europarako sailkatzeko, seigarren denboraldiz segidan. Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea saiatu da, baina bizitasunik gabe aritu da erasoan, ez oso trebe, eta Jagoba Arrasateren taldeak ederki baliatu ditu txuri-urdinek egindako bi akats, Anoetan hiru puntuak lortzeko. Bikain atera zaio aurreikusita zuen plana.

Azken bi partidak irabazi eta gero, Realak segida eman nahi zion bolada onari, eta Europan jokatzeko postuetan sendotu. Mallorca aurkari zuzena da, gainera, borroka horretan. Esperotako gidoia izan du partidak. Mallorca atzean sartuta irten da, erdiko hiru atzelarirekin jokatuta. Realak izan du jokoaren ekimena izan du hasieratik, baina berriro ere kostatu egin zaio erasoan zuloak topatzea eta joko zuzena egitea. Nahiz eta astean zehar partidarik ez jokatu, txinparta falta izan zaio. Dena den, txuri-urdinek gola sartu dute 14. minutuan. Oiartzabalek egin du, Ander Barrenetxearen pase oso on baten ostean. Baina epaileak ez du ontzat eman, Realeko kapitaina jokoz kanpo zegoelako, gutxigatik bazen ere. 

Realak ekinean jarraitu behar zuen, eta hala egin du, baina distirarik gabe. Gainera, Mallorcak gola sartu du 20. minutuan. Barrenetxeak huts egin du jokoa norabidez aldatzeko pase batean, Darderri eman dio baloia, eta hark bizkor eman dio pasea Larini. Aurrelariak sareetara bidali du baloia, ez Aranburuk ez Aritz Elustondok ez baitute baloia aldentzen asmatu.

Jagoba Arrasateren taldeak nahi zuen tokian zuen norgehiagoka. Hortik aurrera nahi eta ezin aritu dira txuri-urdinak, Mallorca ondo egon baita jarrita zelaian. Atsedenaldia baino lehen Realak bizpahiru abagune izan ditu berdinketa lortzeko, baina ez du egin. Aukera argiena Pablo Marinek izan du, 23. minutuan; area ertzetik egin duen errematea, ordea, Greifek geratu du. Kubo eta Oiartzabal ere saiatu dira, baina alferrik. Hala 0-1 amaitu da lehen zatia.

Remiroren akatsa

Realak beste 45 minutu zituen neurketa iraultzeko. Hori lortzeko zerbait aldatu asmoz, Imanolek Sergio Gomez zelairatu du Barrenetxearen ordez. Baina Mallorcak bigarren gola sartu du lehenengo jokaldian ia. Darderrek leun jaurti du area ertzetik, baina Remirok akatsa egin du. Baloia labaindu egin zaio, eta sare barruan amaitu du (47. minutua). Bazkalorduko bigarren atsekabea jaso dute txuri-urdinen zaleek. 

Egoerari buelta ematea zail samar zuen Realak. Imanolek hegalera bidali du Oiartzabal, eta Oskarsson atera du aurrealdera. Baina ez du arriskua sortzeko biderik topatu, eta baloia alde batetik bestera mugituz nekez lortu du Mallorcari min egitea. Halaber, une askotan presaka aritu da, eta akatsak egitea ekarri du horrek. Buruarekin baino gehiago bihotzarekin, pare bat korner jaurtitzea lortu du, eta horietako batean izan du aldea murrizteko aukerarik argiena, 70. minutuan. Jon Martinek erremate bikaina egin du buruz, baina Grifek ikusgarriro gelditu du. Minutuak aurrera joan ahala, Mallorca erosoago egon da, eta txuri-urdinek ezinean jarraitu dute epaileak neurketaren amaiera adierazi arte. Gainera, porrota ez da izan arratsaldeko albiste txar bakarra. Martin Zubimendiri bosgarren txartel horia atera diote, eta ezingo du hurrengo igandean jokatu, Vila-realen aurka. Burua altxa, eta lehian jarraitu beharko dute txuri-urdinek, oraindik 21 puntu baitaude jokoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.