Realak aspaldiko ezaguna izango du aurrean

Txuri-urdinek Manchester United jasoko dute Anoetan Europa ligako final-zortzirenetan. Azken bost denboraldiak kontuan hartuta, elkarren aurka jokatuko duten bosgarren aldia izango da.

Reala Manchester Uniteden aurka, Anoetan, 2022-2023 denboraldian. JON URBE / FOKU
Reala Manchester Uniteden aurka, Anoetan, 2022-2023 denboraldian. JON URBE / FOKU
2025eko martxoaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

26 urte eta gero Europako lehiaketa batean kanporaketa bat irabazi ondoren, Realak urrun iritsi nahi du Europa ligan, eta Bilbon jokatuko den finalera iristea du amets. Horretarako, talde historiko eta ezagun bati irabazi beharko dio lehenengo: Manchester Unitedi. Txuri-urdinek Europako txapelketetan Ingalaterrako talde horrexen aurka jokatu dute gehien.

Realak Manchester United jasoko du Europa ligako final-zortzirenetako joaneko partidan, Anoetan, 18:45ean (Movistar+). Azken bost denboraldiak kontuan izanda, aurrez aurre arituko diren bosgarren aldia izango da, eta zazpigarren aldia 2013tik. Itzulerako norgehiagoka hurrengo ostegunean izango da, Old Trafforden, 21:00etan. 

Donostiarrek partida bat irabazi dute Ingalaterrako taldearen kontra, bi berdindu dituzte eta hiru galdu. Garaipen hori Manchesterren izan zen, eta orain Anoetan garaitu nahi dituzte deabru gorriak.

2013-2014 denboraldiko Txapeldunen Ligako multzoen fasean egin zuten topo lehen aldiz. Gero, 2021ean Manchester Unitedek Reala kaleratu zuen Europa ligako final-hamaseirenetan. Ingelesek 0-4 irabazi zuten Italian jokatu zen norgehiagoka hartan. Bi denboraldi geroago, berriro egin zuten topo Europa ligako multzoen fasean. Realak Old Trafforden 0-1 irabazi zuen Brais Mendezen gol bati esker, eta lehena izan zen multzoan.

Realak historiako futbol talde hoberenetako hiru kluben maratoia bukatuko du gaur. Aurreko astean Real Madril eta Bartzelonaren aurka jokatu zuen, eta gaur Manchester United jasoko du. 0-1 galdu zuen Real Madrilen aurka Espainiako Kopako finalerdietan, eta Bartzelonak 4-0 menderatu zuen Imanol Alguacilen taldea, epaileak Aritz Elustondori ateratako txartel gorriak eraginda.

Fase honetara iristeko, txuri-urdinek Midtjylland kanporatu zuten final-hamaseirenetan. Ez ziren zuzenean sailkatu final-zortzirenetara, ligaxkan hamahirugarren sailkatu zirelako. Lehenengo, Realak 1-2 irabazi zuen Danimarkan, eta gero, 5-2 Anoetan. Gipuzkoarrak eraginkorrak izan ziren aurrean, baina bigunegiak defentsan. 

Imanolek ez ditu deituko Alvaro Odriozola, Arsen Zakharyan eta Jon Pacheco. Luka Sucicek eta Mikel Oiartzabalek ez zuten Bartzelonaren aurka jokatu, baina osatuta daude. Martin Zubimendik ere sustoa eman zuen, baina prest dago gaurko neurketarako. Brais Mendezek eta Jon Ander Olasagastik Old Traffordeko neurketa galduko dute txartel horia ateratzen badiete.

Kanporaketa honetako irabazlearen final-laurdenetako aurkaria Olympique Lyonen eta Steaua Bukaresten arteko irabazlea izango da. Finalerdietan, berriz, Athletic, Erroma, Rangers edo Fenerbahce izango litzateke kontrarioa. Bi fase horietan itzulerako neurketak etxean jokatuko lituzkete Realak edo Manchester Unitedek.

Lo dagoen erraldoia

Manchester Uniteden azken denboraldiak oso txarrak izan badira ere, aurtengoa are lazgarriagoa ari da izaten. Hamalaugarrena da Premier Leagueko sailkapenean, eta Carabao Cupetik eta FA Cupetik kanpo dago. Azken horretan aurreko igandean kanporatu zuen Fulhamek, penaltietan. Europako postuetatik hamar puntura dago ligan, eta Txapeldunen Ligara sailkatzeko daukan modu bakarra Europa liga irabaztea da.

Izan ere, Manchester Unitedek Erik Ten Hag entrenatzailea kaleratu zuen urrian, eta Ruben Amorim ekarri zuten, Sporting Portugali hamar milioi euro ordainduta. Baina teknikari portugaldarrak ez du taldea hobetzea lortu, eta kluba inoiz baino okerrago dabil. Gainera, arazoak izan ditu Marcus Rashfordekin, eta jokalari ingelesa Aston Villara joan da, utzita.

Deabru gorrien denboraldi kaskarraren arrazoietako bat lesioak dira. Lisandro Martinezek, Kobbie Mainook, Amad Diallok, Mason Mountek, Luke Shawk, Altay Bayındırrek, Jonny Evansek eta Toby Collyerrek ez dute Donostiara bidaiatuko, min hartuta daudelako. Casemirok ez du itzulerako neurketa jokatuko epaileak txartel horia ateratzen badio.

Imanolek honela aztertu du biharko partida:  «Egia da ligan ez daudela ondo, baina sekulako kalitatea dute, eta erregistro guztiak menderatzen dituzte. Gure onena eman beharko dugu, ondo lehiatu eta kanporaketa gainditu ahal izateko»

Reala-Manchester United

Reala: Remiro; Aramburu, Zubeldia, Aguerd, Aihen; Zubimendi, Sucic, Brais Mendez; Kubo, Barrenetxea eta Oiartzabal.

Manchester United: Onana; Mazraoui, Yoro, De Ligt, Lindelof, Dalot; Casemiro, Eriksen; Fernandes, Garnacho eta Hojlund.

Epailea: Ivan Kružliak.

Lekua: Anoeta.

Ordua: 18:45 (Movistar+).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.