Futbola

Realak aro berria hasi du

Lau urteren ondoren, entrenatzaile berriarekin abiatu du Realak denboraldiaurrea. Aldaketez betetako urtea izango dela aurreikusten dute.

Realeko jokalariak Zubietako gimnasioan, lehen entrenamendu saioan. REALA
Realeko jokalariak Zubietako gimnasioan, lehen entrenamendu saioan. REALA
2024ko uztailaren 18a
14:00
Entzun

Hasi da denboraldiaurrea. Realak Zubietan gaur egin du lehen entrenamendu saioa, gimnasioan. Oraindik ez dira Zubietako zelaietan aritu. Astelehenetik aurrera hasiko dira. Aro berrian dena erabat aldatzeko asmoa dute txuri-urdinek. Jose Luis Sanchez Verak hartu du Natalia Arroyoren lekukoa, eta, harekin batera, lau jokalari fitxatu ditu Gipuzkoako taldeak.

Berrikuntzen lehen seinalea entrenatzailea bera da. Natalia Arroyok agur esan dio Realari, lau urte gazi-gozoren ondoren: 2021-2022ko denboraldian txapeldunorde izan zen Reala, eta aurtengo Espainiako Kopako txapeldunorde ere bai, baina ligako azken bi urteetan zortzigarren baino ez dira izan. Haren ordez, Sanchez Vera fitxatu du Realak, Levanten bi urte igaro ondoren. Ondo daki arrakasta zer den: ligako txapelduna izan zen Atletico Madrilekin, eta Espainiako Superkopa ere irabazi zuen. Hortaz, ezagutza sakonak eta esperientzia zabala aplikatzeko asmoa du Reala izarretara eramateko. Argi mintzatu da: «Oso pozik nago, erantzukizunez beteta eta abiatzeko gogoz. Klub garrantzitsua, zorrotza eta berezia da; nire ibilbideko erronkarik handienetako bat izango da, eta harro nago hona iritsi naizelako». Berrikuntzaren beste seinaleetako bat Zubietan bertan ikusten da argi: Z7 zelaiko harmailak handitzeko lanetan dihardute.

Jokalarien zerrendan argi eta garbi ikusten da klubak aldaketarako daukan grina. Futbolari ugari egongo dira Zubietan lehen aldiz: horien artean daude Maria Valle atzelaria —Real Madrilek utzita arituko da Realean—, Lucia Pardo aurrelaria eta Violeta Quiles ezker hegaleko aurrelaria. Ohikoa da Realean harrobiaz baliatzea jokalari berriak lortzeko, eta horixe egingo dute aurten ere: Elene Guridi erdilaria eta Nora Sarriegi aurrelaria bigarren taldetik lehenengora pasatuko dira. Dagoeneko debuta egin dute lehen mailan, baina orain arte ez dira lehen taldeko kide izan. Bestalde, duela urte batzuk elastiko txuri-urdina jantzi zuen jokalari bat itzuli da: Lucia Rodriguez atzelaria. Txapeldunen Ligan aritutakoa da, eta orain etxera dator, Real Madrilen eta Sevillan aritu ostean.

«Hasieran jendeak uste zuen baino erronka askoz zailagoa izango da, baina argi ikusiko dira taldearen zorroztasuna, gogoa eta konpromisoa»

 JOSE LUIS SANCHEZ VERARealeko entrenatzailea

Bestalde, jokalari batzuek agur esan diote Realari. Alejandra Bernabe atzelaria Chelsea utzita aritu zen iaz, Donostian, eta orain Londresera itzuli da. Iris Arnaiz erdilariari eta Synne Jensen aurrelariari kontratua amaitu zitzaien ekainean, eta ez dute Zubietan jarraituko. Lehenengoa Sevillan arituko da aurrerantzean, eta bestea, berriz, Atletico Madrilek fitxatu du. Ana Tejada atzelariak munduko beste puntara joateko hautua egin zuen maiatzean, aurreko denboraldia amaitu aurretik. AEBetako Utah Royals taldean ari da ordutik.

Azken orduko ezustekorik izan ezean, gainerako jokalariak Realean geldituko direla dirudi. Horien artean daude, adibidez, Emma Ramirez atzelaria eta Sanni Franssi aurrelaria; duela gutxi berritu dizkiete kontratuak. Hala ere, merkatua zabalik dago oraindik, eta ikusiko da mugimenduak egongo diren, edo ez. Gainerakoan, nabarmentzekoa da hamabi jokalariren kontratuak 2025ean amaituko direla; alegia, taldearen ia erdia dago egoera horretan. Ikustear dago zer gertatuko den.

Olinpiar Jokoetara ez doazenekin

Entrenamenduari dagokionez, jokalari guztiak ez dira aurkeztu. Izan ere, Manuela Vanegas atzelaria eta Elene Lete atezaina Olinpiar Jokoetara doaz; lehenak Kolonbiako selekzioarekin jokatuko du, eta bigarrenak, berriz, Espainiakoarekin. Uztailaren 25ean hasiko da txapelketa eta eta abuztuaren 10ean izango da finala. Behin hori amaituta hasiko dira entrenatzen. Beste batzuk orain itzuli dira nazioarteko txapelketetatik. Hori da Andreia Jacintoren eta Jacqueline Owusuren kasua, eta geroago hasiko dira taldekideekin batera entrenatzen. Bitartean, bigarren taldeko zenbait jokalariren laguntza izango du Sanchez Verak: Julia Arrula atezaina, Malen Solozabal atzelaria eta Intza Egiguren erdilaria. Azken hori 19 urtez azpiko Eurokopan ari da orain.

Denboraldi berriari ekiteko prest daude gipuzkoarrak, eta helburuen inguruan hauxe esan du Sanchez Verak: «Klubak aurrerapausoak ematen jarraitu nahi du. Oinarri oso sendoa du, bai kirolari dagokionez, baita kiroletik kanpo ere. Ni jarri naute entrenatzaile gisa, taldeak aurrera egiten jarrai dezan, elkarrekin. Hasieran jendeak uste zuen baino erronka askoz zailagoa izango da, baina argi ikusiko dira taldearen zorroztasuna, gogoa eta konpromisoa». Taldeak oraindik ez du zehaztu denboraldiaurreko lagunartekoen zerrenda, baina jakina da Euskal Herria Kopako lehen partida abuztuaren 10ean jokatuko dutela, Eibarren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.