Realak azaroaren 26tik zeraman Anoetan irabazi gabe, zortzi partida erreskadan. Asko zen hori Europarako sailkatzeko borroka betean dagoen talde batentzat. Imanol Alguacilek berak, atzo, partida atariko prentsaurrekoan, adierazi zuen bazela garaia berriro ere Anoetan irabazteko. Eta gaur bere jokalariek bolada txar hori etetea lortu dute, Cadizi 2-0 irabazi eta gero. Taldeak ohikoa zuen joko distiratsua berreskuratu du minutu askotan. Zubimendi, Merino eta Baris Mendez oso nagusi izan dira zelai erdian. Eta hori Merinok berak eta Zakharianek sartutako golekin biribildu dute. Hala, talde txuri-urdinak seigarren postua jarraitu du, eta jardunaldiko beste emaitzei begiratu gabe, lasai joan daiteke etenera, azken bi norgehiagokak irabazi ostean.
Lehen minutu parekatuen ostean, Realak izan du jokoaren ekimena. Baloia bizkor mugitzea da txuri-urdinen jokoaren ezaugarri nagusietakoa, eta azken asteetan hori erakutsi gabe zegoen, egutegi beteak eragindako nekea dela eta. Gaurkoan, ordea, partida prestatzeko astebete izanda, freskoago ikusi zaio. Horrek ahalbidetu dio lehen ordu erdian aurretik jartzeko hiru aukera on izatea. Argienak Beckerrek eta Oiartzabalek izan dituzte. Beckerrena 6. minutuan izan da. Pase ona eman dio Oiartzabalek berak, baina Herbehereetako jokalariaren errematea gurutzatua joan da. 13. minutuan, berriz, talde txuri-urdineko kapitaina aurrez aurre geratu da Ledesma atezainaren aurrean, baina ondo kendu dio baloia.
Cadiz ausart atera da, presioa ohi baino gorago eginez. Baina minutuak aurrera joan ahala, pauso pare bat eman ditu atzera, kontraerasoan aurrean zituen jokalarien abiadura baliatu nahian. Eta Juanmik egindako buruz buruko jokaldi on baten ostean, aukera hirukoitza izan du Espainiako taldeak gola egiteko. Azken errematea Rober Navarrok egin du, baina kanpora jaurtiko du.
Eta hurrengo jokaldian Realak gola egin du. Take Kubok kornerra atera du, eta lo harrapatu du Cadizen atzealdea. Oiartzabali iritsi zaio baloia, eta orpoz Merinori eman dio. Erdilariak, arean txikian jaurtiketa egin, eta aurretik jarri du bere taldea 30. minutuan. Realak bide beretik jarraitu behar zuen, errenta handitu, eta partida erabakitzeko. Minutu batzuetan egin du, eta Oiartzabalek abagune aparta izan du bigarrena egiteko. Berriro ere Cadizek akatsa egin du atzean, kasu honetan Alcarazek. Baloia Oiartzabali iritsi zaio. Atezainari baloia goitik pasatu nahi izan dio, baina beste atzelari batean jo du, eta kornerrera joan da. Korner horretan buruz egin du errematea Le Normadek, eta gutxigatik joan da kanpora.
Azken minutuetan, ordea, baloi gurutzatuen eta luzeen bidez Cadizek estu hartu du Realaren atzealdea, eta Juanmi, eta batez ere Cris Ramos, berdinketa lortzear egon dira. Apur bat sendoago egotea falta izan zaio atzealdeari. 1-0ekoarekin amaitu da lehen zatia.
Reala oso nagusi
Bigarren zatian Realak izan dy jokoaren ekimena, eta nahiz eta Cadizek pare bat erremate on egin, nagusitzen joan da. Zelai erdian distira gehien egin duena Brais Mendez izan da. Galiziarrak ez zegoen sasoi onenean, baina aurreko jardunaldian hobeto ikusi zitzaion, eta gaur hobekuntza hori agerikoa izan da. Zubimendik eta Merinok ere partida oso ona egin dute, partidari taldeari komeni zitzaion erritmoa emanez.
57. minutuan gola lortzear egon da Reala. Korner batean izan da berriro ere. Beckerrek atera du, Cadizeko atzelariek ondo aldendu dute, baina baloia Zubimendiri iritsi zaio, eta haren erdiraketa Merinok errematatu du bigarren zutoinean. Ledesmak geldiketa bikaina egin dio. Imanolek zuzentzen duen taldeari errenta handitzea falta zitzaion, 1-0ekoa beti baita emaitza arriskutsua. Edozein hutsek arriksuan jar dezakete emaitza. Jokaldi hori 53. minutuan egon da iristear. Zubeldiak Chris Ramosi falta egin diola adierazi du epaileak, eta txartel horia atera dio. VARera joan da, gorria ote zen argitzeko. Baina ikusi du jokoz kanpo zegoela Cadizeko aurrelaria, eta ezer ezean utzi du jokaldia, baita Zubeldiaren horia ere.
67. minutuan iritsi da Realaren gol hori.. Zakharianek egin du. Errusiarraren lehen gola izan da talde txuri-urdinarekin. Baina gola baino gehiago, hura ekarri duen jokaldia izan da ikusgarria. Brais Mendezek egin du. Baloia Oiartzabalengana iritsi da, orpoz jo du berriro ere, eta Zakharian bizi ibili da. Aurre hartu die Cadizeko atzelariei, eta baloia bultzatzea baino ez du egin behar izan.
Abantaila horrekin, Realak ondo kudeatu ditu partidako azken 20 minutuak, Braisek gidatuta. Momentu distiratsuak ere izan ditu baloiarekin. Pena izan da ez duela abantaila handitzea lortu. Aukera argia izan du horretarako Traorek, 91. minutuan, jaurtiketa on batekin. Baina Ledesmak ondo erantzun dun. 2-0ekoarekin amaitu da partida. Azken bi asteetan jasotako kolpeen ostean, berriro ere zaleak pozik irten dira Anoetatik, irribarrea ahoan, eta itxaropentsu, taldearen jokoa ikusita.