FUTBOLA. Datorren denboraldiari begira lehen fitxaketaren berri eman du Realak: Andreia Jacintorena. Erdilariak 20 urte ditu, eta Portugalgo Sportingetik fitxatu du. 2025. urtera arte sinatu du kontratua.
Azken denboraldian Kopa eta Superkopa irabazi ditu, eta ligako jokalari gazte onena izendatu dute. Gainera, Portugalgo behin-behineko zerrendan dago Eurokopa jokatzeko: «Oso pozik nago. Sasoi ona egin dezakegu».
Athleticeko kirol zuzendari Joseba Agirrek, berriz, denboraldiko balantzea egin zuen. Sasoia positiboa izan dela nabarmendu zuen. Datorren sasoiari begira, hainbat jokalari garrantzitsu galduko ditu Athleticek: tartean, Lucia Garcia. «Iaz geratzea lortu genuen. Oraingoan ez da posible izan. Lortu behar duguna da jokalarientzat Athletic lehen aukera izatea». Agirre prest azaldu da presidente izateko hiru aurrehautagaiekin hitz egiteko, eta klubean segitzeko. Halaber, berretsi zuen Iraia Iturregiri kontratua luzatzeko proposamena egin diotela, baina nahiago izan duela aurrehautagaiak ez baldintzatu, eta itxaron.
Bestalde, pintaketa faxistak eta matxistak agertu ziren atzo Osasunako jokalari ohi Mai Garderen omenezko muralean. Murala Sadarreko Bodegon jatetxearen kanpoaldean dago. Gaitzespen mezuak etengabeak izan ziren gertatutakoagatik. Bestalde, Osasunak kontratua berritu dio beste urtebeterako lehen taldeko entrenatzaile Kakun Mainzi.