Futbola

Realak Alexander Sorloth aurrelaria fitxatu du, urtebeterako

Leipzig taldeak utzita jokatuko du norvegiarrak. Urtebete barru, jokalaria erosteko aukera izango du Donostiako klubak. Bihar aurkeztuko dute.

Alexander Sorloth, martxoan, Norvegiako selekzioarekin Montenegroren aurka. BORIS PEJOVIC, EFE
jon ordonez garmendia
2021eko abuztuaren 25a
21:00
Entzun

Realak badu Carlos Fernandezen ordezkoa. Donostiako klubak gaur jakinarazi duenez, Alexander Sorloth aurrelari norvegiarra urtebeterako fitxatu du; hain zuzen, Fernandezek denboraldi-aurrean izan zuen lesioa sendatzeko behar duen denbora. Leipzigek utzita jokatuko du Sorlothek, eta urtebete barru jokalaria erosteko aukera izango du Realak. Bihar aurkeztuko dute, 16:30ean, Anoetan.

Ezkerra da Sorloth, baina, beste ezeren gainetik, garaiera du ezaugarri nagusi. 1,95 da luze, eta, Realak azaldu duenez, buruz errematatzen bikain moldatzen da. "Realera heldu da, erasoari indarra eta kalitatea gehitzera", esan du klubak ohar batean.

Trondheim hirian jaio zen, 1995eko abenduaren 5ean, eta Rosenborgeko gazte mailetan hasi zen jokatzen. Norvegiako Ligan, Danimarkakoan eta Ingalaterrakoan aritu zen gero. Azken horretan Crystal Palace taldean jokatu zuen, eta gero Ganten (Belgikako Ligan) eta Trabzonsporren (Turkiakoan) aritu da. Leipzigek 20 milioi euro ordainduta fitxatu zuen, eta joan den denboraldian bost gol sartu zituen. Norvegiako selekzioan jokatzen du, eta 32 partidatan 11 gol sartu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.