Hugo Duro aurrelariaren gol batek punturik gabe utzi zuen Reala, atzo. Donostiarrek ezin izan zuten Valentzia menderatu, eta 1-0 galdu zuten Mestallan. Emaitzak ligako azken postua uzteko balio die valentziarrei. Realak, berriz, Vila-realengana eta Mallorcarengana gerturatzeko aukera galdu zuen; hain zuzen, bi horiek aurrez aurre arituko dira gaur.
Egun gutxian partida asko jokatzen ari da Reala, eta Erromarako bidaia du hurrena. Hala, Imanol Alguacil entrenatzaileak zenbait aldaketa egin zituen hamaikakoan; tartean, eskema ere aldatu zuen, bosteko lerroa atera baitzuen atzean. Valentziak, berriz, puntu behar nabarmena zuen, eta gose hori nabaritu zen lehen minutuetan. Etxeko taldea Reala baino gehiago izan zen hasieran, eta harenak izan ziren aukerarik argienak. Diego Lopezek izan zuen lehen aukera, 4. minutuan, baina haren burukada kanpora joan zen. 26. minutuan, ordea, Hugo Durok ez zuen barkatu. Foulquierrek egindako erdiraketa —edo jaurtiketa— harrapatzen asmatu zuen valentziarrak, Realeko erdiko atzelarien begiradapean. Remirok ezin izan zuen ezer egin.
Txuri-urdinek ere izan zuten, baina, golen bat sartzeko aukera. Markagailua hutsean zela, Oskarssonek izan zuen taldea aurreratzeko beta. Beckerrek aurre hartu zion Mosquerari eta aurrelari islandiarrari utzi zion baloia area barruan. Hark, agian bakarrik zegoela konturatu gabe, zuzenean jaurti zuen, baina ez zuen baloia atera zuzentzen asmatu.
Etenaldiaren ostean, Alguacilek aldaketa bat egin zuen: Olasagastik hartu zuen Pachecoren lekua, eta mugimendu horrekin 4-3-3 eskemari heldu zion taldeak. Hala, bigarren zatian beste itxura bat eman zuten donostiarrek, eta haiek izan zuten partidaren kontrola. Aukera garbirik ez, ordea. Bigarren zatian ere, gol aukera argiena Valentziak izan zuen. Berriz ere Hugo Duro ate aurrean, baina, jokaldi hartan, Remirok bikain egin zion aurre.
Berdinketaren bila, Barrenetxea eta Kubo zelairatu ziren lehenik, eta Oiartzabal eta Sucic gero. Hain zuzen, japoniarra izan zen partidaren protagonista nagusietako bat bigarren zatian. Haren oinetatik igaro ziren Realaren eraso ugari. Izan ere, txuri-urdinen erasoak eta valentziarren defentsak markatu zuten partidaren azken zatia. Halere, Realak ez zuen Mamardaxvili atezaina gehiegi izutu.
Partidaren amaieran, Alguacilek onartu zuen zenbait jokalari ez zeudela gustura partidarako hautatutako eskemarekin, baina uste du porrota ez duela horrek baldintzatu. Hark nekeari egin zion erreferentzia, eta gehitu «fresko» zeuden jokalariak ez zirela gai izan euren aukera baliatzeko. Oskarssonen aukerari egin zion erreferentzia zuzena: «Hori ezin da huts egin, oso argia da».