FUTBOLA ESPAINIAKO LEHEN MAILA

Realak 1-0 galdu du Mallorcaren aurka

Txuri-urdinek denboraldiko partidarik apalena jokatu dute, eta ez dira gai izan Mallorca berdintzeko. Laugarren partida du Realak irabazi gabe.

Barrenetxea, baloia lapurtu nahian Mallorcako jokalari bati. CATI CLADERA / EFE
Barrenetxea, baloia lapurtu nahian Mallorcako jokalari bati. CATI CLADERA / EFE
pettan uralde
2024ko irailaren 17a
20:55
Entzun

Realak galdu egin du Mallorcaren etxean (1-0), eta denboraldi hasiera kaskarra berretsi du. Orain arte etxetik kanpo lortu ditu puntu guztiak, baina gaur esku hutsik joan da Mallorcatik. Orain arteko partidarik kaskarrena jokatu dute Imanol Alguacilen jokalariek.

Bi eguneko atsedena besterik ez dute izan bi taldeek partida prestatzeko, biek joan den igandean jokatu baitzuten bosgarren jardunaldiko norgehiagoka. Horrenbestez, aldaketa ugari egin behar izan dituzte Jagoba Arrasatek eta Imanol Alguacilek azken jardunaldiarekin alderatuta. Mallorcan, igandeko bi jokalari baino ez dira berriro aritu, eta Realan bost aldaketa izan dira. Berritasun handiena Mikel Oiartzabalena izan da; uste baino azkarrago osatu da kapitaina.

Real Madrilen aurkako sentipen onak akuilu, Reala erasoko atera da lehen minututik. Sergio Gomezek eman du lehen abisua, area kanpoko jaurtiketa batekin. Postu anitzetan jokatu dezake kataluniarrak, eta gaur Take Kuboren postuan jokatu du, eskuin hegalean. Gaurko beste berritasun bat ezker hegalean izan da: Ander Barrenetxea. Donostiarra hamaikakora itzuli da gaur, eta gola sartzeko aukera gertu izan du, seigarren minutuan.

Mallorcak denboraldi hasiera ona izan du, Realak baino hobea, eta Jagoba Arrasatek ez du zalantzarik izan ohiko jokalariei atsedena emateko. Gainera, gutxi nabaritu du aldaketa hori etxeko taldeak, eta erraz gerturatu dira txuri-urdinen atera.

Lehen minutuetako joera pixkanaka aldatuz joan da, Realak atzera egin duen heinean. Aurtengo denboraldian dituen arazoetako bat da hori txuri-urdinentzat, ohi baino atzerago defendatzen duela. Mallorca ondo moldatu da zelaiaren azken laurdenean, eta mina egin dio Realari, batez ere baloi geldiko jokaldietan. Larin aurrelari kanadarrak oso gertu izan du 1-0koa, baina ez du asmatu baloia sarean sartzen.

Reala bere zelaitik atera ezinik aritu da minutu luzez, eta beste behin zorigaiztoko jokaldi bat sufritu du, Real Madrilen aurka gertatu zitzaionaren oso antzekoa. Area barruko erdiraketa batean, Barrenetxeak besoa atera du, eta bete-betean jo du baloiak. Penalti argia. Abdon Prats aurrelaria izan da hamaika metrotik jaurtitzeko arduraduna, eta gola egin du, Remiro engainatuta.

Mallorcak gola lortu orduko, atzerapausoa eman du emaitza mantentzeko, eta erasoan baino oraindik ere erosoago aritu da defentsa lanetan. Realak baloia mugitu du alde batetik bestera, baina zirrikiturik ez du topatu. Alguacilek arbola astindu du bolada aldatu nahian, eta Take Kubo zelairatu du bigarren zatia hasterako.

Bigarren zatiari jarrera onarekin ekin dio Realak, lehen zatian egin duen bezala, baina, markagailuan atzetik arituta, ez da hasieran bezain azkar hustu. Mallorcak defentsan jarri du lehentasuna, eta kontraerasoak baliatu ditu Reala beldurtzeko. Gidoi horri jarraitu diote bi taldeek hitzez hitz.

Kontraeraso horietako batean, Mallorcaren bigarren gola iritsi da, baina Larin aurreratuta zegoen, orpo baten aldean. Norgehiagoka etxeko taldearen alde lerratzen hasi da berriro, eta Alguacilek hiru aldaketa egin ditu aldi berean; Odriozola, Marin, eta Oskarsson zelairatu dira. Arrasate ere partidaren bila joan da, eta bere taldeko aurrealdean finko diren bi jokalari sartu ditu: Muriqi eta Asano.

Ez da pizgarririk agertu

Aldaketek hauspotu egin dute etxeko taldea, eta Reala baloiaren atzetik aritu da alde batetik bestera. Baloia berreskuratu ondoren, txuri-urdinek ez dute Zubimendi aurkitu, eta, lotura hori falta izanda, ezinezkoa izan dute Kubo edo Oskarsson aurkitzea. Realak ez du lortu arriskurik sortzea, ezta txiripaz ere.

Azken minutuetan, hil edo bizi hasi da Reala. Ez zuen ezer galtzeko, ordurako irabazteko aukerarik apenas baitzuen, eta egiten ari zenarekin ezinezkoa baitzuen ezer arrantzatzea Balear uharteetan. Jokalari txuri-urdinak zelaiaren azken laurdenean pilatu dira, eta Mallorca atea morroiloz ixteko asmoarekin baizik ez da aritu azken minutuetan.

Mirari baten zain zegoen Reala, baina denboraldi hasiera honetan zortea gehiago dauka faltan alde baino. Susic-ek egin du saiakera onena, baina jaurtiketa atezainak gelditu dio, eta bat eta hutsekoarekin amaitu da norgehiagoka. Laugarren partida dute jarraian txuri-urdinek irabazi gabe.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.