Ion Ansotegi. Mallorcako jokalaria

«Reala uztean ikusi nuen Eusebio zela onena gidari izateko»

Donostiatik urrun egon arren, bizkaitarrak gertutik bizi du bere talde izanaren jarduna, eta jokalariak «gozatzen eta gozarazten» ari direla dio. Derbi gogorra eta orekatua espero du, baina Reala jo du faboritotzat.

jon eskudero
2017ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Bota du makina bat euri ordutik, baina ondo gogoan du Realarekin jokatutako estreinako partida Ion Ansotegik (Berriatua, Bizkaia, 1982). 2006ko urtarrilaren 22an izan zen, eta, egun horretan, Realak Athletic hartu zuen, Anoetan. «Gutxi izango dira hain derbi berezi batean debuta egin dutenak, eta nik zorte hori izan nuen. Azken minutuetan hiruna berdindu zuen Athleticek, eta ez dut hain oroitzapen onik gordetzen». Gerora jokatutako beste derbi batzuk oroimen hobea utzi diote, eta orain derbi aurreko aste berezi hauek urrundik ikustea tokatzen zaio, Palmatik (Herrialde Katalanak), han ari baita jokatzen denboraldi honetan. Bi hilabetez egon da min hartuta, baina prest da berriz jokatzeko.

Zer moduz doakizu bizitza Mallorcan?

Ondo esan beharko dut. Hainbeste denboran etxean sentitu ondoren, ez da samurra gertatzen familiarengandik urrun egon beharra. Mallorcan bakarrik bizi naiz, entrenamenduetako azpiegituretatik gertu, eta soilik futbolera bideratuta dago nire bizitza. Emazteak lan egiten du Donostian, bi umeak ere ikastolara joaten dira, eta haien falta asko sumatzen dut. Bi astez behin joaten naiz etxera bisitan, pare bat eguneko oporraldiak ematen dizkigutenean, eta ohitzen ari naiz egoera berri horretara. Gero eta hobeto moldatzen naiz.

Damutzen al zara kanpoan jokatzeko erabakia hartu izanaz?

Inola ere ez. Noski, gustura jokatuko nukeen Realean erretiratu arte, baina handik irten beharra neukan, abentura hura bukatu baitzen. Futbolean jokatzen jarraitu nahi nuen, eta, Eibartik igaro ondoren, Mallorcaren aukera sortu zitzaidan. Ez nuen gehiegi pentsatu, indarrak neuzkan lehiakor jarraitzeko, eta gustura nago. Mallorcan ondo bizi naiz.

Kirol arloari dagokionez, jaitsiera postuetan zaudete. Zer ari zaizue gertatzen?

Hori da denok egiten dugun galdera. Denboraldia ez genuen ondo hasi, eta zalantzak areagotuz joan dira. Zaleak ondo portatu ohi dira gurekin, eta errespetatzen dute egiten dugun lana. Hori bai, premia eta gogoa dugu onbidean sartzeko. Javier Olaizola entrenatzaile dugula [donostiarra jaiotzez], hobeto ari gara, baina emaitzek ez digute laguntzen. Ondo jokatu arren, puntuek ihes egiten digute, xehetasun txikiengatik. Jaitsiera postuetan gaude, baina pentsatu ere ez dugu egiten Bigarren B Mailara jaitsiko garenik. Lanean jarraitu behar dugu dinamika aldatzeko, eta ziur nago fruituak etorriko direla.

Zu zeu bi hilabetez egon zara min hartuta. Osatu al zara erabat?

Giharretako arazoek zelaitik aldenduta eduki naute, baina joan den asteburuan itzuli nintzen taldera, eta oso eroso jokatu nuen. Hasi eta buka, partida osoan parte hartu nuen, eta gustura geratu nintzen egindako lanarekin. Murtziak ez zigun ia gol aukerarik sortu, baina amaieran epaileak penaltia adierazi, eta bana berdindu genuen. Zortea ez dugu lagun, baina jaitsieratik ateratzeko bide egokian goaz. Pozik geratu ginen pertsonalki eta kolektiboki.

Pozik, Realaren jarduna ikusita egongo zara. Zer iruditzen ari zaizu talde txuri-urdina egiten ari den denboraldia?

Nire hitzek baino gehiago, emaitzek adierazten dute guztia. Lehen esaten genuen taldeak bazuela gaitasuna gauza onak egiteko, baina ez zen zelaian islatzen. Denboraldi honetan gozatzen eta gozarazten ari dira jokalariak. Lehen minututik azkenekoraino, badakite zer egin behar duten eta zertan jokatu behar duten, eta hori oso garrantzitsua da. Taldeak nortasun eta izaera propioa ditu, Eusebiok bete-betean asmatu du joko sistemarekin, eta, horri guztiari gehitzen badiogu jokalari denak euren onena ematen ari direla, emaitza begi bistakoa da. Talderik onenekin lehian ari da Reala, eta ia segurutzat jo daiteke Europan egongo dela hurrengo sasoian.

Eusebio Sacristan ezagutu zenuen Realean. Usteko zenuen hain lan ona egiteko gai izango zenik?

Realetik atera nintzenean ikusi nuen Eusebio zela entrenatzailerik egokiena taldea gidatzeko. Futbola ulertzeko duen era ezin hobeto egokitzen da Realera, eta alderantziz. Gainera, harrobiko jokalariak ateratzen ari dira. Zubietan oso lan ona egiten ari dira denak, eta, Eusebiok aukera ematen badie gazteei dohainak erakusteko, oso seinale ona da. Bide berean jarraitu behar da.

Batez ere, Realaren zelai erdia ari da loreak jasotzen. Illarramendi, Xabi Prieto, Zurutuza...

Realaren joko sistemak hori dauka: zelai erdiko jokalariek protagonismo handia dutela. Baina atzetik aurrera talde osoa ari da lan ona egiten. Illarramendik eta Zurutuzak osatzen duten bikotea bikaina da, ligako onenetakoa. Illarramendik beti izan du kalitate izugarria, baina 27 urte ditu orain, eta esango nuke inoizko sasoi onenean dagoela. Real Madrilen igaro zuen esperientziak jokalari hobea bihurtu du, eta fisikoki eta mentalki indartsu dago. Zurutuza ere berdin ari da, oso ondo.

Eta Xabi Prieto erretiratu egingo ote da?

Sekulako lana egiten ari da, eta pentsatzekoa da soka luzea geratzen zaiola oraindik. Gozamen hutsa da nola jokatzen duen ikustea, eta zelaitik kanpo ere pisu handia dauka taldean. Eredua da denentzat. Azken hitza berak dauka, eta ikusiko dugu zer erabakitzen duen. Nik ez dut berarekin hitz egin. Erabakiak erabaki, errespetatu, ulertu eta goraipatu egin behar dugu jokalaria.

Hura da derbi gehien jokatu duen Realeko jokalaria. Nolako derbia espero duzu?

Ohi bezala, gogorra eta borrokatua. Sailkapenean zazpi puntu gehiago ditu Realak, eta hura izango da faboritoa, batez ere etxean jokatuko duelako. Hori bai, jokalariek jakingo dute gauzak oso ondo egin beharko dituztela irabazteko; besteak beste, Athleticek partida lehiatua nahiko baitu. Badakigu San Mamesetik kanpo arazoak izaten ari dela, baina Europatik gertu dago, eta horrek zerbait esan nahi du. Jokalari on asko ditu, motibaziorik ez dute faltako, eta lanak zail jarriko dizkio Realari. Ikusteko partida polita izango da.

Aritz Adurizen kontra sarritan lehiatu izan zara. Hura izango al da gertutik zaindu beharrekoa?

Garbi dago Adurizek beste koska bat igotzen duela Athleticen jokoa. Aurrelari bikaina da, badirudi prest izango dela jokatzeko, eta Realak erne ibili beharko du batez ere goiko jokaldietan. Hots, ezingo da Adurizi begira soilik egon. Athleticek baditu jokalari on gehiago: Williams, Raul Garcia... Uste dut jokatzeko bi estilo ezberdin ariko direla aurrez aurre. Realak saiatu behar du baloia mugitzen eta pazientzia izaten, erritmo erorik gabe. Ohiko jokoari eutsi behar dio, eta ez kontrakoa egin derbia delako.

Non ikusiko duzu partida?

Etxean bertan, ziurrenik. Mallorcako taldekideek askotan galdetzen didate Realari buruz. Taldearen lan ona toki guztietan islatu da, eta, ikusteko atsegina denez, gertutik erreparatzen diote Realaren jokoari. Okerrik ezean, halere, bakarrik ikusiko dut partida.

Zein da oroitzapenik onena duzun derbia?

Martin Lasarte entrenatzaile zela 2-0 irabazi genuenekoa, ziurrenik. Gogoan dut nahiko partida lasaia izan zela, sufrimendu handirik gabekoa. San Mames zaharreko azken derbia irabazi izana ere oso berezia izan zen. Debuta bera ere Athleticen kontra egin nuen, baina hura ez dut hain gozo oroitzen, azken minutuetan hiruna berdindu zutelako.

Ez dakigu Xabi Prietok, baina zuk zer egingo duzu denboraldia amaitzean?

Oraindik ere ez dakit. Lehenik eta behin, ikusi nahi dut denboraldi hau nola amaitzen dudan. Bi hilabetez min hartuta egon naiz, eta ezin izan dut baloraziorik egin. Ondo osatu naizenez, espero dut maiatz bitarte lehiakor aritzea, eta egiten dudan lanaren arabera erabakiko dut futbolean jarraitu edo ez. Hainbat kontu hartu beharko ditut kontuan: zer-nolako eskaintzak ditudan, familia nola dagoen...

Gustatuko al litzaizuke etorkizunean futbolari lotuta egotea?

Bai, zalantzarik gabe. Azken hamabost urteotan futbolari lotuta egon naiz beti, eta jarraituko nuke gustura. Zein postutan ezin esan dezaket, aztertu egin beharko nukeelako non moldatzen naizen ondoen. Aukerak ere ikusi beharko nituzke, baina futbola maite dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.