Reala: Quiñones, Bea Beltran (Soldevilla, 80. min.), Nuria Mendoza, Etxezarreta, Iraia, Chini Pizarro, Baños, Cardona (Manu Lareo, 66. min.), Palacios (Olaizola, 78. min.), Eizagirre (Bautista, 86. min.) eta Nahikari.
Atletico Madril: Lola Gallardo, Kenti Robles, Laia Aleixandri, Tounjara, Menayo (Falcon, 67. min.), Meseguer (Olga Garcia, 87. min.), Angela Sosa, Amanda Sampedro, Esther (Dolores, 90. min.), Jenni Hermoso eta Ludmila.
Golak: 0-1: Estherrek (15. min); 1-1: Palaciosek (19. min); 1-2: Nahikarik (60. min).
Epailea: Martinez Madrona.
Bestelakoak: 17.550 ikusle Los Caremenesko estadioan, Granadan (Espainia). 2.000 inguru Donostiatik joanikoak.
Balentria handia egin du Realak. Txuri-urdinek taldearen historiako pasarterik loriatsuenetako bat idatzi dute Granadan. Fede ekintza bat egin, eta Espainiako Kopa irabazi dute. Klubaren historiako hirugarrena da, eta emakumezkoek irabazitako aurrenekoa. Ezusteko handia emanda irabazi dute gainera, 1-2 gailendu baitzaio finalean Atletico Madril ia ahalguztidunari. Galtzen hasi, eta finalari buelta eman dio Palaciosen eta Nahikariren golei esker. Emakumezkoen euskal futbolak irabazitako seigarren Espainiako Kopa da. Aurrekoak Añorgak (hiru), eta Oiartzunek (bi) irabazi zituzten. Azkenekoa Añorgak altxatu zuen, duela 26 urte.
Realak eta Atleticok bero saparen azpian ekin diote finalari. Txuri-urdinek azken orduko albiste txar bat jaso dute, Maddi Torrek partidaren aurretik min hartu baitu. Hasieran, garbi ikusi da Gonzalo Arkonadaren asmoa zein zen. Aurkariaren mailaren jakitun, atzean itxarotea erabaki du. Bi lerro jarri ditu ate aurrean, zazpi jokalari Atleticoren erasoak oztopatzeko. Erasoa, berriz, Nahikari, Palacios eta Cardonaren esku utzi du.
Atleticok izan du baloia partidaren hasieran. Jokoaren ekimena hartu, eta erasora jo du. Lehen ordu laurdenean, askoz gehiago izan da, eta golaren saria jaso du (15. min). Gol bikaina sartu du. Kenti Roblesek erdiraketa egin du eskuinetik eta Estherrek, zetorkion bezala eta boleaz, errematatu du area barruan. Bakarrik zegoen, eta errematea dotorea izan da. Quiñones Realeko atezainaren jauzia beranduegi iritsi da.
Atleticok nahi zuena lortu du, baina gutxi iraun dio aldeak, handik lau minutura berdindu baitu Realak (19. min). Ordura arte, joko gutxi sortu du, eta zortea lagun izan du golean. Palacios Realeko erdilariak areaz kanpotik jaurti du, indar gutxirekin eta altuerarik gabe. Gallardo atezainak, baina, huts larria egin du, arazorik ez zuen jaurtiketak gorputz azpitik ihes egin, eta baloia sareetara joan delako.
Golak mesede izugarria egin dio Realari, eta jokoa orekatu egin da. Ausartago irten da kontraerasoan, eta bi aukera on izan ditu atsedenaldiaren aurretik. Atezainaren urduritasuna Atleticoren atzeko lerrora kutsatu da, eta hutsak egiten hasi dira madrildarrak. Horietako baten ondoren, Eizagirre atezainaren aurrean gelditu da, 34. minutuan, baina haren jaurtiketa loratua gelditu egin du Gallardok. 43. minutuan, berriz, Palacios izan da, areaz kanpotik berriz ere, atera jaurti duena. Golean ez bezala, Gallardok ondo urrundu du baloia.
Nahikariren gol bikaina
Atleticok hobeto ekin dio bigarren zatiari. Partidaren hasieran egin bezala Madrilgo taldeak hartu du agintea, eta Jennifer Hermosok aukera oso garbi bat izan du (50.min), baina Quiñonesek geldiketa handia egin du. Atezainak lan handia egin du, eta hein handi batean berak eutsi dio emaitzari. Realaren bidea, bitartean, kontraerasoa zen, eta jokaldi bizi batean Palaciosek baloia area barrura erdiratu du. Bañosek buruz irabazi eta haren pasea Nahikarik baliatu du gola sartzeko. Aurrelariak maila tekniko handiko errematea egin du. Ezustekoa eskura zuten txuri-urdinek, 1-2 aurrea hartuta.
Atleticok ez zuen horrelakorik espero. Faborito garbia zen, eta bere burua atzetik ikusteak ez dio utzi lasai jokatzen. Presaka aritu da, eta talka egin du Realaren atzeko lerroarekin. Madrildarren kalitatea oztopatzea, baina, ez da erraza, eta jokaldi katramilatuetan aukera on bat baino gehiago izan ditu. Atleticok alde batetik bestera mugitu du baloia, eta horren ondorioz, Hermosok aukera ona izan du 72. minutuan. Beste behin, baina, Quiñonesekin egin du topo. Atezaina izan da Realeko jokalaririk onena.
Partidako azken hamabost minutuak sufrikario hutsa izan dira. Ludmilak bi gol aukera garbi izan ditu jarrian (76. min eta 78. min); aurrenekoan kanpora jaurti du, eta bigarrenean baloia zutoinera joan da. Horiek izan dira garbienak, baina ez bakarrak, Quiñonesek merituzko beste geldiketa batzuk egin behar izan dituelako. Onena, 92. minutuan, Doloresen aurrean. Zelaira irten berria zen aurrelariak area barruan ehizatu du baloia, eta haren jaurtiketa bortitza atezainak gelditu du.
Amaiera epikoa izan da, hainbat jokalarik giharretako arazoak izan baitituzte. Bero sapak deshidratazioa eragin du, eta horren ondorio izaten dira karranpak. Bi taldeak jota zeuden, eta txuri-urdinek eskertu egin dute zaleen bultzada. 2.000 realzale inguru joan dira Granadara, eta jo eta su animatu dute partida osoan. Amaieran euforia piztu da, ez zen gutxiagorako. 32 urte ziren Realak ez zuela titulu bat lortzen, eta, orain, beste trofeo handi bat du garaikurren aretoan. Gonzalo Arkonadak zuzentzen duen taldeak handia egin du, eta hiri osoak harrera egitea merezi du.
Gaur gauean Donostiako Trinitate plazan partida ikustera bildu direnek izango dute zer ospatua. Igandean, berriz, goizetik hasiko dira ospakizunak. Espero da jokalariak 11:30 aldera iristea Zubietara, eta han egingo diete lehen harrera. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere harrera bat prestatu diela zabaldu du Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuak: 13:00etan izango da. 18:20an, berriz, Realak eta Real Madrilek jokatuko duten partida hasi baino hamar minutu lehenago, Anoetako zelaira aterako dira jokalariak, zale guztien esker beroa jasotzeko.