2019tik finalak jokatzera ohitu da Reala. Taldeak izan duen hazkundearen adierazgarri da. Lehenena Granadan izan zen. Final gogoangarri hartan txuri-urdinek Espainiako Kopa irabazi zuten Atletico Madrilen aurka: 2-1. Oso bestelako izan zen 2020an jokatutakoa. Salamancan izan zen, eta, kasu honetan, Espainiako Superkopakoa. Artean Gonzalo Arkonadak zuzentzen zuen taldeak 10-1 galdu zuen Bartzelona ahaltsuaren kontra. Hiru urteren ostean, beste titulu bat irabazteko aukera du igandean. Berriro ere Superkopako finala jokatuko dute, gaur Sporting Huelva 1-0 menderatu ostean. Natalia Arroyoren aroko lehena izango da, eta aurkaria Bartzelona edo Real Madril izango da. Bihar jokatuko dute finalerdia bi talde horiek.
Aurreko astean jasotako bi kolpeen ostean, txuri-urdinek sendagairik onena jaso dute garaipena lortuta. Lehen zati gris baten ostean, bigarrenean nagusi izan da Reala, eta Bernaberen golak eman dio finalerako sailkapena.
Ohi bezala baloi jabetza izan du Realak hasieratik, eta saiatu da hegaletik aurkariari min egiten. Baina fisikoki fresko egonda, Sporting Huelva ondo jarrita egon da berdegunean, eta ondo itxi dizkio erasorako bideak Arroyoren taldeari, bai erditik, bai eta hegaletatik ere. Laguntzetan ere fin aritu dira. Realak zailtasunak izan ditu aurkariak jarritako armiarma sarea zulatzeko. Sormenean argitasun gehiago lortzeko asmoz, Iris Arnaiz erdiko atzelariengana jaitsi da behin baino gehiagotan, eta baloia igo du.
Sporting Huelva eroso zegoen horrela jokatzen, eta aurreratuen zeuden hiru jokalarien abiadura baliatu nahi zuen aukeraren bat sortzeko: batez ere, Agustsdottirena eta Edgrenena. Hala iritsi zaie, hain zuzen, lehen aukera. 33. minutuan izan da. Simonssonek bizi eraman du baloia. Baina haren errematea Elene Letek geratu du. Realak lehen zatiaren hasieran izan du berea, 6. minutuan. Baina Gabyren errematea ondo oztopatu du Ojedak, eta Chelsea atezainak ez du arazorik izan baloia geratzeko.
Distirarik gabekoa izan da, oro har, lehen zatia. Hala 0-0 amaitu da. Bigarren zati hasieran joko zuzenagoa egiten saiatu da Reala, hegaletara baloia gehiago zabalduz, eta erdiraketa gehiago eginez. Arroyorenek beste abiadura bat eman diote baloiari. Nekea tarteko, Sporting Huelva ez zen horren eraginkorra laguntzetan eta bigarren jokaldietan. Arroyok Jensen zelairatu du Mirariren ordez 58. minutuan, eta atera eta berehala abagune argia izan du Reala aurretik jartzeko. Bernabek erdiraketa neurtua egin dio, baina punpa lasterrean egindako errematea kanpora joan zaio. Behartuta iritsi da norvegiarra errematera, baina abagunea garbia zen. Hurrengo bi jokaldietan ere Realak gertu izan du gola. Gabyk bi erremate egin ditu, bata oinarekin eta bestea buruz. Baina Chleseak ondo geratu ditu.
Nagusitasun horrek izan du saria. Izan ere, 64. minutuan gola sartu zuten. Rolak aldatu dituzten Bernabek eta Jensenek. Jensenek egin du erdiraketa, eta, atzetik sartuta, Bernabek zulatu du Chelsearen atea. Hunkitu ere egin da ospakizunean. Sporting Huelva ez zuen jada ezer eusteko, eta arriskatu beharra zuen. Hala, zulo gehiago utzi ditu. eta Reala bigarrena sartzear egon da 68. minutuan. Baina Khunek gol arrastotik atera du Jensenen errematea. Espainiako taldeak, ordea, ez du burua jaitsi, eta bigarren zatian zelairatutako Ana de Teresaren txinpartaren bidez pare bat aldiz gerturatu zen Elene Leteren atera. Baina arriskurik gabe. Arroyoren taldea, gainera, bigarrena sartzear egon da 89. minutuan. Gabyk pase sakona eman dio Amaiur Sarriegiri, baina aurrelariaren errematea zutoinera joan da. Gol bat nahikoa izan da finalerako sailkatzeko.