Sufrituta gehiago gozatzen omen da. Realak kostata irabazi dio Espanyoli Anoetan (2-1), partidako tarte askotan lehia kontrolpean izan duen arren. Sheraldo Beckerrek 40. segundoan egin du bat eta hutsekoa, baina txuri-urdinek ez dute neurketa erabakita utzi, eta gogotik lan egitea egokitu zaie. Garaipenari esker, 31 puntu ditu Realak, eta zazpigarren da sailkapen nagusian.
Ezin da esan txuri-urdinak denboraldi txarra egiten ari denik. Bizirik daude oraindik Espainiako Kopan eta Europa ligan, eta zazpigarren postuan dira ligan. Baina Imanol Alguacilen taldeari kosta egiten zaio erregularra izatea, baita neurketa borobilak egitea ere. Horren adibide izan da gaurkoa, hasiera-hasieratik maldan behera jarri zaion arren.
Zubimendik baloia berreskuratu, Sucicek erdiratu, Espanyoleko atzelari batek irrist egin, eta Beckerrek sareetara bidali du baloia, lehenengoan bidali ere. Zaleei esertzeko astia ere ez die eman Surinamgoak.
Golak hauspotuta, baloiaren jabe egin da Reala, eta erasora jo du. Horietako batean, Sucicek, lehen zatiko onenak, Maradonarenen pareko jokaldi bat egin du: bakar-bakarrik sartu da arearen bihotzeraino, baina Joan Garciak modu ikusgarrian erantzun dio haren erremateari. Denboraldiko jokaldi onenetako bat izan behar zuena denboraldiko geldiketa onenetako bat bilakatu da.
Braisen kalitatea
Ezusteko askorik gabe amaitu da lehen zatia: bazirudien etxekoek kontrolpean zutela egoera. Bigarrena hasi berritan, ordea, Aguerdek penaltia egin dio Puadori, eta Espanyoleko kapitainak berak egin du gola. Remirok garbi zituen eskularruak oraindik, baina markagailuak banakoa erakusten zuen.
Realaren minutu eskasenak izan dira, eta Alguacilek aldaketak egin ditu: Oiartzabal, Barrenetxea, Olasagasti, Kubo eta Brais Mendez zelairatu ditu, erasorako artilleria. Haien bidez hasi da taldea berriz ere arriskua sortzen, eta 84. minutuan heldu da saria: Aguerdek jokaldia egin du, baloia erdiratu, Olasagastik baloia geratu du gero, eta Mendezek zoragarri amaitu du jokaldia Garciaren parean. Orain arte behintzat, aurtengoa ez da galiziarraren denboraldi onena, baina kalitate handia du, eta hori eztabaidaezina da. Are, gaur horrekin aski izan da Realak hiru puntu biltzeko.