Reala Real Madrilen kontra arituko da Espainiako Kopako finalerdietan

Bi partidatara izango da: joanekoa etxean jokatuko dute txuri-urdinek, otsailaren 26an; itzulerakoa, berriz, Madrilen, apirilaren 1ean.

Reala Real Madrilen aurka, sasoi honetako partidan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Reala Real Madrilen aurka, sasoi honetako partidan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko otsailaren 12a
13:30
Entzun

Realak jada badaki nor izango duen aurkari Espainiako Kopako finalerdietan: Real Madrilen aurka arituko da. Kanporaketa bi partidatara izango da: joanekoa Anoetan jokatuko dute, otsailaren 26an, 21:30ean, eta itzulerakoa, Madrilen, apirilaren 1ean, ordu berean. Finala, berriz, apirilaren 26an izango da, Sevillako Cartuja estadioan. Han egon nahi dute txuri-urdinek. Gaur egin dute zozketa: beste finalerdietan, Bartzelona eta Atletico Madril izango dira aurrez aurre.

Aihen Muñoz Realeko jokalariaren arabera, «zaila» izango da, baina gogotsu daude: «Badakigu zer den han kanporaketa irabaztea; berriz irabazten saiatuko gara». Hain zuzen, Kopan elkarren aurka aritu ziren azkenengo aldian txuri-urdinak nagusitu ziren. Final-laurdenetan jokatu zuten, eta 3-4 irabazi zuen Realak, Bernabeun. Odegaard, Isaak (2) eta Merino izan ziren golegileak. Aldi hartan lortu zuen Realak, hain zuzen, loria: Kopa irabazi zuen, finalean Athletic 0-1 garaituta.

Sasoi honetan, ordea, txuri-urdinek galdu egin dute ligan Real Madrilen aurka jokatutako partida: 0-2. Viniciusek eta Mbappek sartu zituzten golak, biak penaltiz. Azken neurketan jokatuko dute bigarren itzulikoa.

Gol bakarra sartu diote

Luzapenaren beharrik gabe, sasoi honetan orain arteko partida denak irabazi ditu Realak Kopan, eta gol bat baino ez diote sartu. Rayok sartu zion, final-zortzirenetan; 3-1 nagusitu ziren txuri-urdinak, halere. Aurretik, Jove Español, Conquense eta Ponferradina kanporatu zituen Imanol Alguacilek zuzendutako taldeak, eta Osasuna azken lehian, final-laurdenetan, Anoetan 2-0 irabazita.

Gehiago sufritu du Real Madrilek. 2-3 irabazi zion Leganesi final-laurdenetan, eta partidaren hondarrean sartutako gol bati esker lortu zuen finalerdietarako sailkatzea. 92. minutuan sartu zuen gola Gonzalok. Beste bi neurketetan, ordea, aise gailendu zen: 0-5 irabazi zion Deportiva Minerari, eta 5-2, Celtari.

Txuri-urdinak bi denboralditan jarraian sailkatu dira finalerdietarako, eta bost urtean hirugarren aldia dute; hirurak, Imanol Alguacil entrenatzaile dutela.

EMAKUMEZKOAK BIHAR ARIKO DIRA REAL MADRILEN AURKA, KOPAN

Gizonezkoen taldeak Real Madrilen aurka jokatuko du Kopan, baita emakumezkoenak ere. Jose Luis Sanchez Verak entrenatutakoek final-laurdenetan ariko dira bihar Madrilen (21:00, Dazn). Txuri-urdinak bitan jokatu dute sasoi honetan Real Madrilen aurka, eta bitan galdu dute. Bolada txarra eten nahi dute gaur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.