Bi euskal talde zeuden Espainiako Kopako final-laurdenetako zozketan. Bada, elkarren aurka jokatuko dute kanporaketa. Partida bakarrera izango da, eta Anoetan jokatuko dute, otsailaren 6an, 19:30ean. Beraz, ziurra da euskal talde bat izango dela finalerdietan. Seigarren urtez jarraian gertatuko da hori. Braulio Vazquez Osasunako kirol zuzendaria izan da ontzitik bolatxoetako bat atera duenetako bat. Zozketan ateratako azken kanporaketa izan da euskal taldeen artekoa. Hain zuzen ere, otsailaren 2an, elkarren aurka jokatuko dute ligan, Sadarren, 18:30ean. Ikusteko dago ordutegi horretan aldaketaren bat izango den. Kanporaketaren berri izan bezain laster, hau adierazi du Vazquezek: «Nahiago genuen etxean jokatu, baina ez da hala suertatu. Kanporaketa zaila eta gogorra izango da, baina ligan jada lortu dugu denboraldi honetan Donostian irabaztea, eta ea berriz lortzerik daukagun».
Azken urteetan Kopan behin baino gehiagotan jokatu dute elkarren aurka bi taldeek. Iaz, adibidez, final-zortzirenetan aritu ziren nor baino nor gehiago. Txuri-urdinak izan ziren nagusi, 0-2. Oiartzabalek eta Merinok sartu zituzten golak. Aurreko aldiaz ere oroitzapen polita dute txuri-urdinek. Reala txapeldun izan zen urtean gertatu zen, eta orduan ere final-zortzirenetan lehiatu ziren elkarren aurka. Anoetan neurtu zituzten indarrak, eta Reala 3-1 gailendu zen. Realaren golak Isakek (2) eta Odegaardek sartu zituzten, eta Osasunarena, Marc Cardonak.
Baina Donostian jokatuko ligako azken bi neurketetan, Osasuna hiru punturekin itzuli da Iruñera. Duela bi denboraldi 0-1 gailendu zen, Ante Budimirrek sartutako gol bati esker. Hamazazpi urte zeramatzaten gorritxoek bertan irabazi gabe. Sasoi honetan, berriz, 0-2 gailendu dira. Golegileak Lucas Torro eta Budimir izan ziren.
Denboraldi honetan bi taldeek lau kanporaketa gainditu dituzte final-laurdenetara iristeko. Realak Jove Español (0-5), Conquense (0-1), Ponferradina (0-2) eta Rayo Vallecano (3-1) utzi ditu bidean. Conquenseren kontrakoan sufritu zuten gehien, txuri-urdinek luzapenean lortu baitzuten sailkatzea, Brais Mendezen gol bati esker.
Hauxe izan da, berriz, Osasunaren ibilbidea: Chiclana (0-5), Ceuta (2-3), Tenerife (1-2) eta Athletic (2-3). Ceutaren aurkako partidan ia kanpoan geratu ziren, etxeko taldea 2-0 jarri baitzen aurretik, baina Vicente Morenoren taldeak norgehiagokako azken hamar minutuetan neurketa irauli zuen. Golegileak, berriz, hauek izan ziren: Budimir, Raul Garcia de Haro eta Nimo. Aitzitik, distira handikoa izan zen Athleticen aurka lortutako garaipena. Izan ere, talde zuri-gorriak partida bakarrera jokatutako azken 26 kanporaketa irabaziak zituen, eta iaz San Mamesen partida bakarra galdu zuen.
Final-laurdenetako beste hiru kanporaketak hauek izango dira: Valentzia-Bartzelona, Leganes-Real Madril eta Getafe-Atletico Madril.
Realak, bestalde, atzo salatu zuen, igandean, Valentziaren aurkako ligako partidan, Take Kubok irain arrazistak jaso zituela, eta Ander Barrenetxeak euskal herritarren aurkakoak. Etxeko zaleen harmailetatik egin ziren, eta bideo baten bidez erakutsi zituen talde txuri-urdinak