Reala, onenekin lehian

Txuri-urdinek gaur jokatuko dute Espainiako Kopako final-laurdenetako partida, Atletic Terrassa taldearen aurka. Gogotsu agertu da Julene Sanchez, txuri-urdinen kapitaina: «Urte guztian eginiko lanean sinetsi behar dugu Kopa irabazi ahal izateko».

Realeko jokalariak, aste honetan, entrenamendu bat hasi aurretik. JON URBE / FOKU
Realeko jokalariak, aste honetan, entrenamendu bat hasi aurretik. JON URBE / FOKU
2025eko martxoaren 28a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Bi astean behin egiten duten bezala, beste bidaia batera doaz belar Realeko hockey taldeko jokalari eta teknikariak. Oraingoan, ordea, Liga ez den txapelketa bat jokatuko dute: Espainiako Kopa. Gaurtik igandera bitartean ariko dira, Terrassan (Herrialde Katalanak). «Taldea oso ondo dago, Kopa jokatzeko oso gogotsu», adierazi du, baikor, Julene Sanchez Realeko kapitainak (Donostia, 1997). Lehen partida Atletic Terrassa taldearen aurka jokatuko dute, gaur, 17:20an. Sailkatuz gero, finalerdiak bihar izango dira, eta finala, berriz, igandean.

Txuri-urdinekin batera, beste zazpi talde arituko dira nor baino nor gehiago Kopan: Club de Campo, Polo, Junior, Sanse Complutense, Egara, Taburiente eta Atletic Terrassa; hain zuzen ere, lehen itzulia sailkapenaren gorenean amaitu zuten zortzi taldeak. Aurkari guztiak «oso gogorrak» direla azpimarratu du Sanchezek. Kopa irabazi ahal izateko gakoez galdetuta, Sanchezek ez du dudarik egin: «Partidaz partida joan behar dugu, hurrengoan pentsatu gabe, kalera joan baitzaitezke. Sasoiz indartsu mantentzeak ere garrantzi handia izango duela uste dut».

Taldearen dinamika ona berretsi nahi izan du: «Bigarren itzulian hiru partida jokatu ditugu: bat irabazi, bat berdindu eta beste bat galdu; ondo gaudela uste dugu». Sanchezentzat, Kopa irabaztea «dena» izango litzateke. «Lehen itzulian eta urte osoan egin dugun lanaren ondoren, Koparako sailkatzea lortu dugu, eta irabaztea izugarria izango litzateke», adierazi du.

Txapelketako aurkari indartsuenez galdetuta, Atletic Terrasa, Club de Campo eta Polo taldeak iruditzen zaizkio gogorrenak, hain zuzen ere ligako lehen hiru postuetan dauden taldeak. «Hala ere, Club de Campo eta Polo taldeek elkarren aurka jokatuko dute lehen kanporaketan; beraz, aurkari indartsu bat ez da sailkatuko finalerdietarako», azaldu du.

Aurreko denboraldiko Espainiako Kopan ere Atletic Terrassa taldea izan zuten parean. Orduan, 0-1 galdu zuten txuri-urdinek, eta Kopa hartatik kanpo geratu ziren. Sanchezen hitzetan, iragan sasoiko emaitzak ikusirik, aurten «are gogotsuago» daude, eta finalerdietarako sailkatzeko «irrikaz» daude. Sanchezen ustez, Atletic Terrassa garaitzeko «eraginkorrak» izan beharko dute: «Haien atezainak Espainiako selekzioan jokatzen du; beraz, partidaren gakoa, nire ustez, haien area barruan eraginkor aritzea izango da». 

Ligan jokatuak dira kataluniarren aurka, eta berdinketarekin amaitu zen neurketa: 1-1. «Partida gogorra izango da, hori ziur. Kopako partida izanik, edozer gerta daiteke, kanporaketak norgehiagoka bakarrean erabakitzen baitira», adierazi du Sanchezek.

Denboraldiarekin gustura

Gaur-gaurkoz, ligan seigarren da Reala; 21 puntu ditu. Hamalau partida jokatu dituzte: sei irabazi, hiru berdindu eta bost galdu. Sanchezek «bolada onean» daudela azpimarratu du: «Bigarren itzulia oso ondo hasi genuen Bartzelona 7-1 garaituz. Ligan ondo gabiltzalakoan gaude, nahiz eta orain arreta osoa Kopan daukagun».

Sanchezen ustez, aurtengo denboraldian aparteko erronka bat zuten txuri-urdinek: oro har, oso talde gaztea daukate, jokalari beterano gutxikoa. Horrek dituen abantailen eta desabantailen inguruan galdetzean, argi mintzatu da kapitaina: «Nire ustez, abantailak gehiago dira desabantailak baino. Jende berria iristen da, ikasteko gogoz eta ilusioz, eta, azkenean, ilusio eta gogo hori transmititzen dizute zuri ere». Desabantaila «esperientzia falta» izango litzatekeela aitortu du. Denboraldi hasieran ligara «ohitu gabe» zeuden zenbait taldekide, baina pixkanaka ikasi eta esperientzia hartu dute lehen itzulian, eta gaur-gaurkoz «asko» hobetu dute.

«Multzo gaztea gara, baina talde moduan funtzionatzen ikasi dugu, eta asko hobetu dugu tekniko-taktikoki» 

JULENE SANCHEZRealeko belar hockey taldeko jokalaria

Denboraldi hasieratik taldeak izan duen bilakaera ere alde horretatik joan da, Sanchezen irudiko: «Denboraldi hasieratik hona talde moduan funtzionatzen ikasi dugu, eta taldekide berriak integra daitezen saiatu gara. Nire ustez, fisikoki oso ondo gaude oraintxe bertan, eta, denboraldia hasi zenetik arlo tekniko-taktikoa lantzeko denbora izan dugunez, iruditzen zait horretan ere asko hobetu dugula».

Sasoi amaiera bitarteko erronkez ere mintzatu da kapitaina: «Gure helburua ligako Lauko Finalerako sailkatzea da, hau da, ligako lehen lau talderik onenen artean egotea». Nahiz eta oraintxe bertan seigarren dauden, baikorra da Sanchez: «Sailkapenaren goialdean talde dezente gaude puntu gutxiren aldearekin, eta buru-belarri saiatuko gara helburua lortzen»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.