REALA 3-1 RAYO VALLECANO

Reala nagusitasunez sailkatu da Espainiako Kopako final-laurdenetarako

Zaleen hauspoari esker, talde txuri-urdinak aurre egin dio nekeari, eta Rayo Vallecano menderatu du Anoetan. Oiartzabalek, Olasagastik eta Sergio Gomezek sartu dituzte etxekoen golak.

Jon Ander Olasagasti. JON URBE / FOKU
Jon Ander Olasagasti, sartutako gola ospatzen, Realaren bigarrena. JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko urtarrilaren 16a
21:32
Entzun

Realak Espainiako Kopako final-laurdenak jokatuko ditu laugarren urtez jarraian. Talde txuri-urdinak gaur egin du hurrengo kanporaketarako urratsa. Rayo Vallecano kanporatu du. 3-1 irabazi dio Anoetan, final-zortzirenetako partidan. 

Rayo kanporatuta, arantza atera dute txuri-urdinek, Espainiako taldeak neurria hartua baitzien. Ligan, ez dira gai izan hari irabazteko azkeneko hiru partidetan, eta, azkenekoan, galdu egin zuten Anoetan. Mingarriagoa izan zen Kopan elkarren aurka jokatu zuten azkeneko aldian gertatutakoa: 2009an, Rayok Reala kanporatu zuen Donostian. Azkenaldian, Rayo parean izan aldiro burumakur etxeratu ziren txuri-urdinak. Gaur, ordea, zoriontsu etxeratu dira.

Realaren ingurukoak haserre zeuden, aurkariak hiru atseden egun gehiago izan zituela eta: ostiralean jokatu zuen Rayok, eta astelehenean Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak. Abantaila handia zen. Baina gaur ez da sumatu horren eraginik, edo, behintzat, Realeko jokalarien gogoak desoreka hori orekatu du, baita gainditu ere.

Zaleek lagundu egin diete. Imanolek zaleen babesa eskatu zuen, eta entrenatzaileak eskatutakoa egin dute. Hasteko, astelehenean baino askoz gehiago joan dira Anoetara: 27.816, Vila-realen aurkako partidan baino 7.000 lagun gehiago. Ordutegi hobea izatea lagungarri izan da. Baina bertaratzeaz gain, zaleak etengabe aritu dira animatzen. Bat eginda egon dira zaleak eta taldea, eta, horrela, errazagoa da ondo aritzea. Hala izan da, eta merezita irabazi du Realak.

Taldeak hiru egun lehenago jokatua zuen arren, Imanolek ez du ezer gorde, eta Vila-realen aurka hasieratik aritu zen hamaikakoaren oso antzekoa zelairatu du. Hiru aldaketa baino ez ditu egin: Zubeldia, Olasagasti eta Barrenetxea jarri ditu Aritz Elustondoren, Brais Mendezen eta Sergio Gomezen ordez.

Kubo, berriro erabakigarri

Realak Rayo baino hobeto ekin dio lehiari, eta berehala hasi da arriskua sortzen, nagusiki Kubori esker. Japoniarra erabakigarria izan da berriro. Pase ederra eman dio Oiartzabali, eta kapitainak sartu du lehen gola. 23. minutua zen. Ezin hobeto hasi da partida txuri-urdinentzat. Eta egoerak hobera egin du 46. minutuan, Olasagastik gol bikaina sartu baitu, Oiartzabalek baloia aukeran utzi eta gero, zartako ederra emanda. Realak oso bideratuta zeukan partida.

Baina atsedenaldia iristear zela, Rayok etxekoen poza apaldu du. Zubeldiak penaltia egin dio Trejori, eta hark gola sartu du. 2-1ekoarekin bukatu da lehen zatia. Aurretik ziren etxekoak, baina ezin ziren fidatu.

Hori dela eta, hirugarren gola sartzeko asmoz ekin diote bigarren zatiari. Aramburuk lehen aukera izan du, baina ez du asmatu. 61. minutuan, Barrenetxeak gola sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du jokaldia telebistan ikusi eta gero, Oiartzabal jokoz kanpo zegoela adierazita.

Lasaitasunaren gola nahi zuten etxekoek, eta 68. minutuan, Imanolek hiru aldaketa egin ditu: Sergio Gomez, Brais Mendez eta Turrientes zelairatu ditu Sucicen, Barrenetxearen eta Olasagastiren ordez. 

77. minutuan, jokaldi erabakigarri bat izan da: Espinok sarrera gogorra egin dio Oiartzabali, eta epaileak txartel gorria atera dio. Falta jaurtiketan, hirugarren gola sartu du Sergio Gomezek, Rayoren atzealdeak huts egin eta gero. Txuri-urdinek esku-eskura zituzten garaipena eta sailkatzeko aukera, eta ez diete utzi ihes egiten. Festa izan da amaieran Anoetan.

REALA-RAYO VALLECANO
Reala. Remiro; Aramburu, Zubeldia, Aguerd, Aihen; Zubimendi, Olasagasti (Turrientes, 68. min.), Sucic (Brais Mendez, 68. min.); Kubo (Becker, 89. min.), Oiartzabal (Oskarsson, 82. min.) eta Barrenetxea (Sergio Gomez, 68. min.).
Rayo Vallecano. David Cardenas; Balliu, Aridane, Lejeune, Espino; Pedro Diaz (Embarba, 65. min.), Oscar Valiente; De Frutos (Unai Lopez, 65. min.), Trejo (Isi, 65. min.), Alvaro Diaz (Chavarria, 82. min.); eta Nteka (Camello, 72. min.).
Golak. 1-0. Oiartzabalek (23. min.). 2-0. Olasagastik (46. min.). 2-1. Trejok, penaltiz (52. min.). 3-1. Sergio Gomezek (79. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.