Realeko zaleak gaur Nyonen (Suitza) zer gertatuko zain zeuden. Han, Europako Futbol Federazioaren egoitzan (UEFA) egin dute Europa ligako final-zortzirenen aurreko kanporaketaren zozketa, eta zoriak parez pare jarri ditu Reala eta Midtjylland Danimarkako taldea. AZ Alkmaar Herbehereetako taldearen kontra ere joka zezaketen txuri-urdinek, baina, azkenean, Midtjyllanden aurka ariko dira.
Talde txuri-urdineko kideak pozik daude zozketarekin. Imanol Alguacilek berak atzo PAOK Salonikaren partidaren amaieran esan zuen nahiago zuela Midtjyllanden aurka jokatu, AZ Alkmaarren aurka jokatutakoak baitira duela lau denboraldi.
Reala aurretik sailkatu zenez, etxean jokatuko du itzuliko partida: otsailaren 20an, Anoetan (21:00). Astebete lehenago, otsailaren 13an, jokatuko dute bi taldeek joaneko neurketa (18:45), Heningen, MCH Arena estadioan —12.152 ikusle sartzen dira—. Kanporaketa irabazten duenak final-zortzirenak jokatuko ditu, eta bi aurkari handi hauetako baten aurka ariko da: Tottenhamen edo Manchester Uniteden kontra.
Midtjylland hogeigarren izan da ligaxkan. 11 puntu lortu ditu zortzi partidatan. Hiru partida irabazi ditu: 0-2 Maccabi Tel Avivi, 1-0 Royal Union Saint-Gilloiseri eta 0-2 Ludogoretsi; bi berdindu ditu: bana berdindu du Hoffenheimekin, eta bina Fenerbahcerekin, biak etxean; eta hiru galdu ditu: 2-0 Steaua Bukaresten kontra, 1-2 Eintracht Frankfurten aurka, eta 2-0 Portoren kontra. Bederatzi gol sartu ditu, eta beste horrenbeste sartu dizkiote.
Realaren aurkariak, hala ere, Txapeldunen Ligan ekin zion lehiari. Iaz Danimarkako Liga irabazi izanak eman zion horretarako aukera. Kanporaketa aurreko bi partida gainditu zituen: lehenbizi, Andorrako Santa Coloma kanporatu zuen —0-3 eta 1-0 irabazi zion—, eta, jarraian, Hungariako Ferencvaros —2-0 eta 1-1—. Baina ligaxkarako sailkatzeko aukera emango zuen azken kanporaketan, Slovan Bratislavak kanporatu egin zuen: daniarrek bana berdindu zuten etxean, eta 3-2 galdu zuten Eslovakian. Txapeldunen Ligatik kanpo geratu eta gero hasi ziren Europa liga jokatzen.
Danimarkako Ligan, berriz, bigarren postuan daude, Kopenhage liderrarekin berdinduta. 33 puntu batu dituzte biek hamazazpi partidatan. Midtjyllandek hamar neurketa irabazi ditu, hiru berdindu eta lau galdu. 31 gol sartu ditu, eta 22 jaso. Duela bi hilabete jokatu zuen azkenekoz ligan, Danimarkako txapelketa eten egiten baita abenduan eta urtarrilean. Bi aste barru ekingo diote berriro lehiari.
Thomas Thomasberg daniarra da Midtjyllanden entrenatzailea. Zenbait jokalari nabarmentzen dira: defentsan, Ousmane Diao senegaldarra; zelai erdian, Oliver Soerensen daniarra eta Dario Osorio txiletarra; eta erasoan, Franculino Dju gineabisautarra, Adam Buksa poloniarra eta Aral Simsir daniarra. Euskal jatorriko jokalari bat ari da Danimarkako taldean: Mikel Johan Gogortza Krueger-Johnsen erdilaria. 18 urte ditu, eta Danimarkan jaioa da, baina haren aita Baionakoa da, eta aiton-amonak Errenteriakoak da (Gipuzkoa). Danimarkako azpiko mailetako selekzioetan jokatzen du.
Athletic, aurkariaren zain
Athleticek ez du kanporaketa aurrekorik jokatu behar, zuzenean sailkatu baita final-zortzirenetarako: bigarren postuan amaitu du ligaxka. Lau talde hauetako baten aurka jokatuko du final-zortzirenetan: Erroma, Porto (Portugal), Ferencvaros (Hungaria) edo Viktoria Pilsen (Txekiar Errepublika). Italiarrak eta portugaldarrak elkarren kontra ariko dira, eta beste horrenbeste egingo dute hungariarrek eta txekiarrek. Zuri-gorriek etxean jokatuko dute kanporaketako itzuliko partida. Otsailaren 21ean jakingo dute noren aurka ariko den, baita zein bide izango duten ere finalera iristeko. San Mamesen jokatuko da aurten finala, maiatzaren 21ean.
realak madril cff-ri egingo dio bisita bihar
Realak bihar jokatuko du Espainiako Lehen Mailako 17. jardunaldia, Madril CFFren zelaian (12:00, Dazn). Txuri-urdinek gogotsu ekingo diote partidari: azkeneko bi neurketak irabazi dituzte, eta, horri esker, laugarren postuan daude.
Oso bestelako egoeran dago Madril: lau partida daramatza irabazi gabe, eta hamargarren postuan dago. Lehen itzulian, bina berdindu zuten Zubietan.