Zaila izan ohi da lehen zatian askoz gehiago izan den aurkaria bigarren zatian menpean hartzea, baina Realak lortu egin du, Espainiako Kopako final-laurdenetan. Lehen zatian hobea izan da Levante, nabarmen, baina aukera asko izanda ere gol bakarra sartu du. Bigarren zatian itxuraldatuta irten da Reala, eta markagailua irauli ostean Kopako finalerdietara sailkatu da.
Hasieratik jarri zaio partida maldan gora Realari. Zazpigarren minuturako aurreratu da Levante, Andonovaren gol bati esker. Ezker hegaletik jokaldi ederra osatu du Alba Redondok; lehen aukeran Elene Letek atera du aurrelariaren errematea, baina aldaratzea Redondori berari iritsi zaio, eta haren pasea jaso ostean sareetara bidali du baloia Andonovak.
Behin eta berriro ahalegindu da Levante ezker hegal horretatik aurrera egiten, eta aukera garbienak bertatik iritsi dira. Natalia Arroyok Cecilia Marcos ezker hegalean jokatzen duen erdilaria atzelari lanetan jarri du, eskuin hegalean, baina esperimentua ez zaio ongi atera. Lan zaila izan du donostiarrak, eta behin eta berriro zigortu du Levantek haren bizkarra. Donostiarren prestatzaileak ere ikusi du hori, eta 52. minutuan Emma Ramirez sartu du haren ordez. Andreiak eta Nerea Eizagirrek ezin izan dute zelai erdian nagusitu, eta Levantek baloia galdu bezain laster lortu du berriro bereganatzea.
Bigarren zatia, ordea, guztiz desberdina izan da. Reala golaren bila zelairatu da, eta kolore guztietako aukerak izan dituzte txuri urdinek. Franssik asmatu du 60. minutuan. Areaz kanpotik egindako jaurtiketa batekin jarri du banakoa markagailuan. Bigarren zatian gehiago izan da Reala, eta bigarren gola gertu izan dute Eizagirrek eta Andreiak, baina zutoinera bidali dute baloia. Andrea Tarazona atezainak ere txuri urdinen bigarrena saihestu du bizpahiru alditan. 70. minutuan, ordea, ezin izan du ezer egin Manuela Vanegasen falta jaurtiketaren aurrean. Kolonbiarrak urtero uzten du bideoan grabatzeko moduko golen bat, eta oraingoan ere bere ahala erakutsi du ezkerrez jaurtitako falta ikusgarri batean.
Lehen zatian izan ez duen baloi jabetza izan du Realak bigarrengoan, eta Levanteko jokalariak kostata atera dira haien zelai erditik. Baloiaren atzetik aritu dira lasterka minutu luzez, eta Realak nahi bezala mugitu du baloia zelai erdian. Neurketaren amaiera gerturatzen ari zela ahalegindu da Levante aurrerapausoa ematen, baina berandu zen, jada. Reala sendo aritu da atzean, eta ostiralean egingo den zozketan (13:00) egongo da, Athletic bezalaxe.