Realaren espedizioak nekez aurreikusi zezakeen gaur jazotako egoera. Ez garaipenarengatik soilik: historian lehen aldiz menderatu du Manchester United, partida ofizial batean, baina hori gerta zitekeen. Zelaiz kanpokoa izan da ez sinestekoa: Manchesterren (Ingalaterra) jokatu behar zuen egunean nor hilko, eta Elizabeth II.a, Erresuma Batuko erregina. Ingalaterran eta haren mendeko lurraldetan ez-ezik, mundu guztian esangura handia izan duen agintaria.
Hargatik, zurrumurru hutsa baino gehiago izan da Manchester Uniteden eta Realaren arteko partida bertan behera uzteko aukera. Erresuma Batuaren mendeko lurraldeek dolu aldia abiatu dute albistearen berri jakin orduko —Euskal Herrian 19:30ak zirela izan zen hori—, eta ordu eta erdi geroago jokatzekoa zen neurketa.
Etxeko klubak mezua bidali die bazkideei, albistea jakin eta 11 minutu geroago: «Partida iragarri moduan jokatuko da. Aurrez, minutuko isilunea egingo dugu, errespetua adierazteko». Realeko iturriek mezu hori berretsi dute sei minutu geroago, 19:47ean.
Gisa horretara amaitu dira esamesak. Aurrez, zalantza bete zaku izan da norgehiagokaren inguruan, eta ez da harritzekoa: Elizabeth II.aren heriotza aro baten amaiera da. Gaurkoa egun historikoa izan da Windsor etxekoen manupekoentzat. Eta, kontuak zer diren, Realari egokitu zaio egun horretan non eta Old Trafforden aritzea. Bestela esanda, futbolaren sehaskako zelairik loriatsuenetako batean. Errespetuan bildutako minutuko isilunearen ostean abiatu dute neurketa, eta, luzamenduz, aurtengo Europa liga —txapelketako ereserkia ez dute eman, zendutako erreginaren miraz—.
Gola egin, eta eutsi
Buckingham jauregian koroaduna aldatu dute gaur. Realak ere badu koroa armarrian, 1910az geroztik, baina beste bitxi bat gehitu dio. Izan ere, Old Trafforden irabaztea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Manchester United munduko talde indartsuenetako bat da, Europako txapelketei dagokienez loriatsuenetako bat—hiru Txapeldunen liga, Europa liga bat, eta Errekopa nahiz Supekopa bana ditu bilduak—. Garai hobeak edo kaskarragoak gora-behera, eta haiei irabaztea beti da lorpen gozoa. Zer esanik ez haien etxean egiten bada.
Brais Mendezek egin du txuri-urdinen gola, 57. minutuan, penaltiz. Ez da kasualitatea izan. Lehen zati orekatu baten ostean, bigarrenari indarrez ekin dio Imanol Alguacilen taldeak, eta gutxika-gutxika nagusitu egin da zelaian. Erasora egin du sarri, eta jokaldi haietako batean baloia besoarekin aldendu du Lisandro Martinez argentinarrak, eta penaltia adierazi du Marco Di Bello epaileak.
Realeko jokalari galiziarrak ez du hutsik egin, eta bere lehendabiziko gola egin du donostiarren elastikoarekin. Hortik aurrera, Imanol Alguacilen taldeak minutu onak jokatu ditu, baina azken saialdiak ere egin ditu Unitedek. Ezerezean geratu dira haiek guztiak. Realak asmatu egin du emaitzari eusten, eta egun historiko batean garaipen baliotsua lortuta, ezin hobeto ekin dio Europa ligari.