Golak. 0-1: Brais Mendezek, penaltiz (57. minutuan).
Realaren espedizioak nekez aurreikusi zezakeen atzo jazotako egoera. Ez garaipenarengatik soilik: historian lehen aldiz menderatu zuen Manchester United partida ofizial batean, baina hori gerta zitekeen. Zelaiz kanpokoa izan zen ez sinestekoa: Manchesterren (Ingalaterra) jokatu behar zuen egunean nor hilko, eta Elizabeth II.a, Erresuma Batuko erregina. Ingalaterran eta haren mendeko lurraldeetan ez-ezik, mundu guztian esangura handia izan duen agintaria.
Hargatik, zurrumurru hutsa baino gehiago izan zen Manchester Uniteden eta Realaren arteko partida bertan behera uzteko aukera. Erresuma Batuaren mendeko lurraldeek dolu aldia abiatu zuten albistearen berri jakin orduko —Euskal Herrian 19:30ak zirela izan zen hori—, eta ordu eta erdi geroago jokatzekoa zen neurketa.
Etxeko klubak mezua bidali zien bazkideei, 11 minutu geroago: «Partida iragarri moduan jokatuko da. Aurrez, minutuko isilunea egingo dugu, errespetua adierazteko». Realeko iturriek mezu hori berretsi zuten sei minutu geroago, 19:47ean.
Gisa horretara amaitu ziren esamesak. Aurrez, zalantza bete zaku izan zen norgehiagokaren inguruan, eta ez da harritzekoa: Elizabeth II.aren heriotza aro baten amaiera da.
Atzokoa egun historikoa izan zen Windsor etxekoen manupekoentzat. Eta, kontuak zer diren, Realari egokitu zitzaion egun hartan non eta Old Trafforden aritzea. Bestela esanda, futbolaren sehaskako zelairik loriatsuenetako batean. Errespetuan bildutako minutuko isilunearen ostean abiatu zuten neurketa, eta, luzamenduz, aurtengo Europa liga —txapelketako ereserkia ez zuten eman, zendutako erreginaren miraz—.
Gola egin, eta eutsi
Buckingham jauregian koroaduna aldatu zuten atzo. Realak ere badu koroa armarrian, 1910az geroztik, baina beste bitxi bat gehitu zion. Izan ere, Old Trafforden irabaztea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Manchester United munduko talde indartsuenetako bat da, Europako txapelketei dagokienez loriatsuenetako bat —hiru Txapeldunen liga, Europa liga bat, eta Errekopa nahiz Supekopa bana ditu bilduak—. Garai hobeak edo kaskarragoak gora-behera, eta haiei irabaztea beti da lorpen gozoa. Zer esanik ez haien etxean egiten bada.
Brais Mendezek egin zuen txuri-urdinen gola, 57. minutuan, penaltiz. Ez zen kasualitatea izan. Lehen zati orekatu baten ostean, bigarrenari indarrez ekin zion Imanol Alguacilen taldeak, eta gutxika-gutxika nagusitu egin zen zelaian. Erasora egin zuen sarri, eta jokaldi haietako batean baloia besoarekin aldendu zuen Lisandro Martinez argentinarrak, eta penaltia adierazi zuen Marco Di Bello epaileak.
Realeko jokalari galiziarrak ez zuen hutsik egin, eta bere lehendabiziko gola egin zuen donostiarren elastikoarekin. Hortik aurrera, Imanol Alguacilen taldeak minutu onak jokatu zituen, baina azken saialdiak ere egin zituen Unitedek.
Realak asmatu egin zuen emaitzari eusten, eta egun historiko batean garaipen baliotsua lortuta itzuliko da Donostiara.
MANCHESTER U. 0 - 1 REALA
Reala koroatu duen egun historiko bat
Txuri-urdinek ezin hobeto abiatu dute Europa liga, Manchesterri irabazita. Brais Mendezek egin du irabazteko gola, penaltiz. Lehen aldiz gailendu da Old Trafforden
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu