BARTZELONA 8-0 REALA

Reala ezinean aritu da Bartzelonaren aurka

Kataluniako taldeak ez die aukerarik eman txuri-urdinei Romaredan, eta erabateko nagusitasunez gailendu zaie. Lau gol sartu dizkiete aurreneko 26 minutuetan, eta beste lau gero.

Sanni Franssi, burumakur, Bartzelonak bigarren gola sartu eta gero. JAVIER BELVER / EFE
Sanni Franssi, burumakur, Bartzelonak bigarren gola sartu eta gero. JAVIER BELVER / EFE
ainara arratibel gascon
ZARAGOZA
2024ko maiatzaren 18a
21:08
Entzun

Kirolak gozotik izaten du batzuetan, baina baita krudeletik eta gogorretik ere. Eta txanponaren beste aldea bizi izan dute gaur Realeko jokalariek eta zaleek Romaredan, Espainiako Kopako finalean. Jakina zen Bartzelona munduko talderik onenetakoa dela, txikitu egiten dituela aurkariak muturreraino. Gaur, beste behin egin du, bere bertsiorik aseezinenean, gainera. 8-0 hartu du mendean Reala. Talde txuri-urdina ezinean aritu da, intentsitaterik gabe eta bigun defentsako lanean, nortasunik gabe. Ez du askorik lagundu bosgarren minuturako Bartzelonak gola sartu izanak.

Finalaren aurretik, bigarren Kopa irabaztearekin amesten zuten zaleen artean. Baina ametsa amesgaizto bihurtu da. Paralluelo, Mariona, Graham, Pina eta enparauak arduratu dira horretaz. Zaragozak oroitzapen onak ekartzen zizkien zale txuri-urdinei, han Kopako titulu bat irabazi baitzuen gizonezkoen taldeak. Baina oraingo honetan gazia izango da oroitzapena. Bai, behintzat, partidarena. Partidaren aurretik bizitakoarekin geratu beharko dute, eta taldeak denboraldi honetan egin duen Koparekin, finalera iristea lorpen handia baita.

Espero bezala, Natalia Arroyok bosteko atzealde baten alde egin du. Hegaletan Emma Ramirez eta Bernabe aritu dira, eta erdian Vanegas, Aparicio eta Iris Arnaiz. Bartzelonak, nahiz eta datorren larunbatean Txapeldunen Ligako finala eduki, ohiko hamaikakoa zelairatu du, eta Rolfo baino ez du utzi aulkian Jonathan Giraldezek.

Jokalariek eta Arroyok berak adierazi zuten garrantzitsua izango zela lehen minutuetan eustea, baina ez da posible izan. Ametsa hasi orduko zapuztu da. Are, amesgaizto bihurtu da. Gogorra eta krudela izan da Realeko jokalariek zelaian bizi izan dutena. Izan ere, Bartzelona bete-betean hasi da, eta 12. minuturako 2-0 zegoen aurretik. Lehen gola Batllek egin du. Haren erdiraketa bat ez du ondo aldendu Elene Letek, eta aldaratzea baliatu du gola sartzeko; 12. minutuan, berriz, Paralluelok sartu du bigarrena. Marionak eskuin hegaletik erdiratu, eta buruz sartu du gola bigarren zutoinean.

Kolpea txuri-urdinentzat. Hasi eta berehala finala maldan gora zuten. Bartzelonaren nagusitasuna erabatekoa zen. Realak ezin baloia eduki, eta kataluniarrak nahieran aritu dira, baloia alde batetik bestera mugituz. 18. minutuan iritsi da hirugarren gola. Grahamek sartu du. Letek ez du ondo aldendu Parallueloren errematea, eta aurrelariak ez du barkatu.

Reala atzean sartuta zegoen, eta, aurrera egiten saiatu denean, berehala galdu du baloia. Orduan, Bartzelonak baloi luzeekin egin du min. Horrela asko sufritu dute txuri-urdinek, bigun aritu baitira defentsako lanean. Franssik egin du Natalia Arroyoren taldearen lehen errematea. Gutxigatik joan da kanpora. Baina epaileak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpo zegoelako.

Jonathan Giraldezek zuzentzen duen taldeak ez du erritmoa apaldu. Beste behin, aseezina dela erakutsi du. Presio estua egiten jarraitu du, eta atsedenaldia baino lehen beste bitan urratu du Leteren atea. Hansen eta Battle izan dira berriro golegileak, 26. eta 33. minutuetan. Bartzelonak lehen zatiko azken txanpan baino ez du leundu erritmoa. Baina finala ebatzita zegoen.

Berehala beste bi

Burua altxatu beharra zuen Realak bigarren zatiari heltzeko, beste itxura bat emateko. Baina gauzak ez dira aldatu. Hasi eta berehala, Bartzelonak beste bi gol sartu baititu, Marionak eta Claudia Pinak. Kataluniako taldeak behin eta berriz zigortu ditu Realaren baloi galerak. Ez ditu apurrak ere utzi, eta modu berean iritsi da zortzigarrena. Marionak sartu du.

Kolpea oso gogorra izan da. Realaren zaleek ez dute taldea bakarrik utzi. Eta gogotik animatzen jarraitu dute, erakusteko ez zeudela bakarrik, eta babestuta sentiarazteko. Bartzelonak orduan utzi dio Realari apur bat baloia edukitzen eta Pañosen atera gerturatzen, baina ez dute estu hartu. Natalia Arroyoren taldeak orduan atera ditu partidako bi kornerrak.

Minutuak bata bestearen atzetik igaro dira. Horietako bakoitza sufrikarioa izan da jokalari txuri-urdinentzat. Partida amaieran eskertu baino ez dute egin zaleen babesa. Horrek arinduko du gaurko mina, baina zalantzarik gabe, jokalariei kosta egingo zaie lo hartzea.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.