Reala 5-2 Midtjylland

Reala Europa ligako final-zortzirenetarako sailkatu da, Midtjylland kanporatuta

Txuri-urdinek 5-2 irabazi dute danimarkarren aurka, partida ona eginda. Gozatu egin dute zaleek.

Sucic eta Barrenetxea, Realaren goletako bat ospatzen. JON URBE / FOKU
Sucic eta Barrenetxea, Realaren goletako bat ospatzen. JON URBE / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko otsailaren 20a
23:15
Entzun

Reala zen faborito, are gehiago Danimarkan irabazita, eta ez du huts egin: Europa ligako final-zortzirenetarako sailkatu dira txuri-urdinak, Midtjylland kanporatuta. Nola, gainera: 5-2 irabazi dute, etxean. Zaleek gogotik bultzatu dute, eta taldeak ondo erantzun du. Gol artean, festa giroa nagusitu da Anoetan, bertaratutakoen gozamenerako.

Epaileak txistua jo orduko, hortzak erakutsi dituzte txuri-urdinek. Bigarren minutuan izan du aurreneko aukera garbia Barrenetxeak, baina haren jaurtiketa kornerrera bota du atezainak. Segidan, sekulako oparia egin dio Midtjyllandek Realari, eta donostiarrek gola sartzeko baliatu dute aukera. Bechek atezainari eman nahi zion pasea, baina gaizki jo, eta irrist egin du atzelariak. Brais Mendezek hartu du baloia area barruan, inguruan eta atean inor ez zela. Baloiari bultza besterik ez du egin behar izan. 

Handik bi minutura, Aritzek bakar-bakarrik errematatu du korner bat, baina kanpora bota du burukada. Realak nahi zuen lekuan zuen partida, eta nagusi zen zelaian. Jo eta su ari zen erasoan, eta iritsi da saria: 18. minutuan, Sucicek gola sartu du, taldeko jokaldi on baten ostean. 

Kanporaketa jada erabakita zegoela zirudienean, baina, lehen abisua eman du Danimarkako taldeak. Midtjyllanden erasoko lehen jokaldian, Barrenetxeak penaltia egin du, aurkariari ostikoa jota. Buksak ondo engainatu du Remiro, eta 1-2koa jarri. Orduantxe esnatu dira danimarkarrak, eta goitik behera aldatu da neurketa. Erasora jo dute, eta baita asmatu ere. 38. minutuan berdindu dute partida, Osoriok sartutako gol batekin. Defentsan bigun aritu da Reala, eta garesti ordaindu du.

Mamuak azaldu aurretik, baina, erantzun egin dute txuri-urdinek. Atsedenaldia iristear zela, bi alditan salbatu du atezainak Midtjylland, baina hirugarrengoan sareetara bota du baloia Sucicek, 46. minutuan, area kanpotik egindako jaurtiketa batekin. Lehen zatia irribarretsu amaitu du kroaziarrak, baina bestela hasi du bigarrena, belaunean min hartu baitu; Marin zelairatu da haren ordez.

Txuri-urdinek ondo kudeatu dute aldea. Gainera, 69. minutuan txartel gorria erakutsi dio epaileak Silvari, merezitakoa: sabelean ostiko gogorra eman baitio Zubeldiari. Hurrengo jokaldian, berriz, Realaren aldeko penaltia adierazi du, Oiartzabali egindakoa. 11 metroetatik ez du huts egin eibartarrak. Eta partidaren amaieran, 90. minutuan, Oskarssonek jarri dio ginga neurketari, bosgarrena sartuta.

Realak joanekoan kanporaketa bideratuta utzi bazuen ere, hamaikako indartsua zelairatu du Imanol Alguacilek. Ez du arriskatu nahi izan. Hasieratik aritu dira, besteak beste, Remiro, Aihen, Aguerd, Brais Mendez, Kubo eta Oiartzabal. Danimarkan Unai Marrero ordezko atezainak jokatu zuen, eta atzeko lerroan ere aldaketa asko egin zituen Orioko entrenatzaileak. Gaur, berriz, jokatzeko moduan ziren onenak zelairatu zituen.

Zozketa, bihar

Realak Tottenhamen edo Manchester Uniteden kontra jokatuko ditu final-zortzirenak. Bat edo bestea izan, kanporaketa zaila izango da txuri-urdinentzat, talde ahaltsuak baitira biak. Bihar egingo dute zozketa, eta orduan jakingo dute nor izango duten aurkari.

Realak ez ezik, Athleticek ere bihar jakingo du noren aurka ariko den final-zortzirenetan. Bi talde hauetako bat izango da: Erroma edo Viktoria Pilsen. Zuri-gorriak zuzenean sailkatu ziren kanporaketara, bigarren postuan amaitu baitzuten ligaxka. Hori dela eta, Athleticek etxean jokatuko du itzuliko partida; Realak, berriz, kanpoan.

Reala-Midtjylland

Reala. Remiro; Aritz, Zubeldia, Aguerd, Aihen; Olasagasti (Turrientes, 67. min), Sucic (Pablo Marin, 48. min), Brais Mendez; Barrenetxea (Zakharyan, 83. min), Kubo (Becker, 67. min) eta Oiartzabal (Oskarsson, 83. min).

Midtjylland. Lossl; Andersson (Juninho, 45. min), Diao, Bech (Mbabu, 45. min), Paulinho (Bak, 60. min); Silva, Bravo, Castillo; Simsir (Andreasen, 75. min), Osorio (Franculino, 75. min) eta Buksa.

Golak. 1-0: Braisek (5. min); 2-0: Sucicek (18. min); 2-1: Buksak, penaltiz (24. min); 2-2: Osoriok (38. min);3-2: Sucicek (46. min); 4-2: Oiartzabalek, penaltiz (73. min). 5-2: Oskarssonek (90. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.