Espainiako Kopako finala

Reala eta Athletic, prestaketaren azken txanpan

Realak eta Athleticek asteko lehen entrenamendua egin dute larunbateko finalerako. Asier Villalibrek eta Aritz Elustondok ondo ikusten dituzte beren taldeak larunbateko finalari begira

ainara arratibel gascon
2021eko martxoaren 29a
15:19
Entzun

Athleticek eta Realak hasi dute larunbatean Cartujan jokatuko duten Espainiako Kopako finala prestatzeko azken txanpa. Zuri-gorriak atzo itzuli ziren entrenamenduetara, bi eguneko atsedenaren ostean. Txuri-urdinek, berriz, prestakuntzarekin jarraitu dute Zubietan. Lan saioaren ostean mintzatu da Lezaman Asier Villalibre Athleticeko jokalaria. Aurrelari zuri-gorriak argi du zein izango den larunbateko partidarako gakoa: "Gureari begiratu behar diogu. Taldea fisikoki ondo dago, fresko, eta intentsitate handiz zelairatu behar dugu, erasoan zuzen jokatuz. Partidaren bila joan. Defentsan, berriz, oso sendo egon beharko dugu, Realak aukera asko sortzen baititu. Erraza da esaten; egitea tokatzen zaigu orain". Gogorarazi du taldeak ez dituela sekula besoak jaisten. "Horrek taldeak duen espiritua erakusten du".

Ikusi gehiago:artikulu bilduma

"Final berezia" dela aitortu du Villalibrek. "Jokalari askok ez dugu Kopako final bat jokatzeko aukera izan, eta ilusioz gaude. Bolada aprobetxatu behar dugu, eta disfrutatu. Lasai gaude; Muniain eta De Marcos dira taldean eskarmentu gehien dutenak, eta hori helarazten saiatzen ari dira". Kalean, giroa antzematen da jada. "Baina, pandemia dela-eta gutxiago ateratzen gara kalera, eta horretaz abstraitzen ahalegintzen ari gara. Itxaronaldia luze egiten da ". Irabaziz gero tronpeta joko ote duen galdetuta, ondorengoa adierazi du. "Ez dut horren inguruan hitz egin nahi". Gainera, atarikoan bi kluben artean dagoen giro ona azpimarratu du. "Final, derbi sanoa izan dadila. Hori nahi dugu denok". Villalibre bera "pozik" agertu da izaten ari den minutuekin. "Ahalik eta gehien aprobetxatu behar ditut". Bartzelonaren aurkako Espainiako Superkopako finalean berak sartu zuen luzapena behartu zuen gola.

Reala ere entrenatu da, Zubietan. Pixkanaka ari dira min hartuta zeuden jokalariak osatzen. Aritz Elustondo jada taldearekin entrenatzen ari da. Hiru egun daramatza hala, eta espero du larunbatean jokatzeko moduan egotea. Horretan saiatuko dela berretsi du. Beasaingo atzelariak lasai ikusten du multzoa, eta gogotsu larunbateko finalari begira. Entrenatzera itzuli den beste jokalaria Nacho Monreal da. Imanolentzat funtsezko jokalaria da. Gainera, atzeko beste ezker hegalekoa, Aihen Muñoz, min hartuta dago, eta ez da finalera iritsiko. Ezta Jon Guridi ere.

Txuri-urdinek babesa jasotzen segitzen dute sare sozialetan. Oraingo honetan, Juan Mari eta Elena Arzak sukaldariek, Ion Izagirre txirrindulariak eta Aitor Frantzesena surflariak bidali dituzte mezuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.