CELTA 1-2 REALA

Reala Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatu da

Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak Celtari irabazi dio Vigon (1-2), eta lau urteren ostean berriro ariko da finalerdietan. Oiartzabalek sartu du lehen gola, hasi eta berehala, eta Beckerrek bigarrena, bigarren zatian. Celtak luzapenean sartu du gola.

(ID_13527909) ESPAÑA FÚTBOL COPA DEL REY
Realeko jokalariak bigarren gola ospatzen, Sheraldo Beckerrek sartutakoa, gaur, Balaidosen. SALVADOR SAS / EFE
Julen Etxeberria.
2024ko urtarrilaren 23a
23:29
Entzun

Elkarrengandik urrun daude Donostia eta Sevilla (Espainia): 900 kilometro pasatxo daude hiri baten eta bestearen artean. Realaren zaleentzat, ordea, gutxiago dirudite. Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak 1-2 irabazi dio gaur gauean Celtari Vigon (Galizia). Horri esker, Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatu da. Duela lau urte egon zen azkenekoz finalaren atarian, eta txapeldun izan zen gero, finalean Sevillako Cartuja estadioan Athletici irabazi eta gero.

Toki berean jokatuko da finala aurten, apirilaren 6an. Urrun zegoen egun eta toki hori azaro hasieran, Realak Kopari ekin zionean, baina pausoz pauso egin du bidea, eta, gaur-gaurkoz, gertu dauka finala, pauso bakarrera besterik ez. Saihetsezina da jarraitzaile txuri-urdinei bor-bor etortzea iragan hurbileko oroitzapen ederrak. Ostiral eguerdian jakingo dute noren aurka ariko den euren taldea finalerako sailkatzeko lehian. Bi aste barru jokatuko du Realak finalerdietako joaneko partida, eta hilabete pasatxo barru itzulikoa.

Realak ohiturari eutsi dio, eta berriro nagusitu zaio Celtari Balaidosen; seigarren aldiz egin du jarraian. Bitan jokatu dute elkarren aurka hiru eguneko tarte eskasean, eta, hori kontuan hartuta, Imanolek azpimarratu zuen bi partida «oso ezberdin» izango zirela. Horregatik, ia hamaikako erdia aldatu du gaur: Remiro, Aramburu, Zubeldia, Le Normand eta Brais Mendez aritu dira berriro hasieratik. Beste sei jokalariak, berriz, berriak izan dira: Tierney, Zubimendi, Merino, Becker, Oiartzabal eta Andre Silva. Beckerrek, beraz, lehen aldiz jokatu du Realarekin. Celtan, berriz, zortzi berritasun egon dira. Baina aldaketek ez dute ezer aldatu, eta aurreko partidako emaitza berbera izan da: Reala nagusitu da.

Hasi eta berehala hasi da garaipena eta kanporaketa bideratzen. Lehen minutuan, Merinok eta Oiartzabalek bikain aprobetxatu dute Celtaren atzealdearen segurtasunik eza. Erdilariak area barrutik erdiratu du, ezkerretik, eta Oiartzabalek buruz errematatu du baloia, sareetara. Partida hasi besterik ez zen egin, eta Reala jada aurretik zegoen. Neurketak ezin zuen izan hasiera hoberik.

Gola jasota, aurrera egiten saiatu da Celta. Baina alferrik. Realaren presioak ez dio utzi aurrerapausoa ematen. Bisitariena zen baloia, eta horri esker, baita partidaren aginte-makila ere. Nahieran zebiltzan, sufritu gabe, eta arriskutsu geldikako jokaldietan. 22. minutuan, Merinok gertu izan du bigarren gola, area barruan egindako jaurtiketa batekin, baina Ivan Villarrek baloia urrundu du. Ordu laurden geroago, berriz, Andre Silvak izan du aukera, beste geldikako jokaldi batean, baina haren errematea gutxigatik joan da langaren gainetik. Tartean, min hartu du Tierneyk, eta Aritz Elustondo zelairatu da haren ordez. Lesio hori izan da gaur Realari gertatu zaion gauza txar bakarra. Bestelakoan, ezin hobeto joan zaio dena.

0-1 zen emaitza lehen zatiaren amaieran. Atsedenalditik bueltan, Imanolek Zakharian zelairatu du Andre Silvaren ordez. Hala, Oiartzabal jarri da aurrelari. Asmoa argia zen: atzean sendo eustea, eta aurrean bizi jokatzea, eta aurkariaren hutsen bat aprobetxatzen saiatzea. Beste gol batek ia erabakita utziko zuen partida.

Celtak, berriz, aurrerapausoa eman du, eta lehen zatian baino gehiago estutu du Reala aurreneko minutuetan. Etxekoek sua piztu nahi zuten, eta bisitariek itzali. Bigarrenek lortu dute helburua, eta modurik onenean: bigarren gola sartuta. Beckerrek egin du, kontraeraso bat bikain bukatuta. Nekez izan zezakeen estreinako hoberik. 66. minutua zen, eta ia erabakita zegoen partida.

Celta saiatu da aldea murrizten, eta 92. minutuan lortu du helburua: De la Torrek sartu du 1-2koa. Golak emozioa eman dio neurketaren azken txanpari, baina, Realaren zorionerako, garaipenak ez dio ihes egin. Donostiarrek pozarren ospatu dute sailkapena. Ametsari eusten diote.

javi galan donostian dago jada

Javi Galan aurki izango da Realeko jokalaria. 29 urteko ezker hegaleko atzelari espainiarra gaur iritsi da Donostiara, eta hurrengo orduetan sinatuko du talde txuri-urdinarekin. Atletico Madrilek utzita ariko da Realean denboraldia bukatu arte. Aihen Muñozen tokia hartuko du taldean, hark lesio larria izan baitzuen joan den larunbatean, Celtaren aurkako neurketan: ezker belauneko atzeko lotailu gurutzatua hautsi zuen, eta denbora luzez egongo da jokatu gabe. Galan gutxi ari zen jokatzen Atletico Madrilen: bederatzi partida besterik ez lehiaketa guztiak kontuan hartuta. Vila-realera joatekotan zen, baina, Realak eskaintza egin eta gero, Donostiara etortzea erabaki du. Baliteke larunbatean egitea estreinakoa, Anoetan, Rayo Vallecanoren aurka, taldeko ezker hegaleko bi atzelariak min hartuta baitaude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.