Osasuna, Athletic eta Reala Espainiako Kopako final-zortzirenetan izango dira. Beste bi euskal taldeek baino gutxixeago sufritu dute txuri-urdinek kanporaketa gainditzeko, baina, halere, gogotik lan egin behar izan dute Ponferradan (Espainia). Neurketa parekatua izan da, baina Lehen Mailako taldeak erakutsi du kalitate handiagoa duela ate aurrean.
Imanol Alguacilek aldaketa batzuk egin ditu ohiko hamaikakoan, baina talde lehiakorra zelairatu du. Deialditik kanpo ziren Zubimendi eta Aguerd, eta Pachecok eta Turrientesek bete dute haien lekua. Gainontzean, Marrero, Olasagasti eta Oskarsson izan dira berrikuntza nagusiak.
Reala ez da ondo aritu lehen zatian. Izan ditu gol aukerak —argienak Olasagastiren bat eta Oiartzabalen pare bat—, baina baita Ponferradinak ere. Espainiako Federazioaren Lehen Mailako taldeak arriskua sortu du kontraerasoan eta geldikako jokaldietan. Berdinduta heldu dira atsedenaldira.
Alguacili ez zaio gustatu lehen zatian ikusitakoa, eta bigarren zatia hasterako egin ditu lehen bi aldaketak: Kubo eta Sucic zelairatu ditu Olasagastiren eta Oskarssonen ordez. Realak etengabe bilatu du japoniarra eskuin hegalean, eta jokaldi arriskutsu mordoa sortu du hark.
Bi kolpe
Lehen gola, ordea, ezkerraldetik heldu da. Oiartzabalek baloia berreskuratu du zelai erdian, Sergio Gomezi eman dio, defentsak gaizki urrundu du haren erdiraketa arriskutsua, eta Realeko kapitaina behar zen lekuan zegoen baloia sareetara bidaltzeko. Zazpigarren gola du aurtengo denboraldian. 54. minutua zen.
Ordu laurden geroago ere, Oiartzabal izan da protagonista. Sucicek beste baloi bat berreskuratu du, kapitainari pasatu, eta hark pase zoragarria bidali dio Brais Mendezi. Galiziarrak ez du huts egin atezainaren aurrean. Hogei minutu falta ziren norgehiagoka amaitzeko, baina erabakita zegoen kanporaketa.
Ponferradinak estutu egin du, eta egin ditu gol bat gutxienez sartzeko adina meritu. Marrerok, ordea, orduan izan du distira apur bat egiteko parada. Ezustekorik ez El Toralinen, eta Realak bizirik dirau hiru lehiaketatan.