Reala besterik ez du buruan

Antoine Griezmann sasoia hasteko «irrikan» dago, 14 urterekin talde txuri-urdinera iritsi zenetik zeukan «ilusioa» beteko baituJokalariak erronka jarri dio bere buruari: «aurreko sasoiko estatistikak hobetzea»

Julen Etxeberria.
2013ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Antoine Griezmannek behin baino gehiagotan aztoratu du Realaren ingurua. Ezin ahaztu orain bi urteko udan gertatutakoa. Atletico Madrilen jokatu nahi zuela aitortu zuen lotsagabe. Adierazpen horiek lurrikaren baten moduko astindua eragin zuten Donostiako taldean. Kluba, zuzendaritzatik hasi eta zaleetaraino, sutan jarri zen jokalariarekin. Berehala etorri ziren Griezmannen damu eta barkamen hitzak.

Frantziarrak ondo ikasi zuenlezioa. Ordutik oso tentuz jarduten da komunikabideen aurrean bere etorkizunaz galdetzen diotenean. Realean «oso gustura» dagoela dio beti. Atzo ere hala mintzatu zen, Realeko zaleen lasaitasunerako. Izan ere, Asier Illarramendi Real Madrilera joan ondoren, ezinegona dago ea taldeko beste jokalariren batek bide bera har dezakeen. Griezmannek, ordea, Reala besterik ez du buruan, are gehiago talde txuri-urdinak Txapeldunen Liga jokatuko duen sasoi honetan. «14 urterekin iritsi nintzenetik nuen Realarekin Europan jokatzeko ilusioa», azpimarratu zuen Realeko jokalariak.

Griezmann «irrikan» dago sasoia hasteko. Hala ere, argi du aurretik prestaketa ona egin behar dutela. «Liga eta Txapeldunen Ligara sasoiko iristeko denboraldi-aurre ona egin behar dugu. Oraingoz ondo ari gara, baina lan dezente dugu egiteko. Denboraldi-aurrean sufritu egin beharra dago».

Realak abuztuko azken bi asteetan jokatuko du Txapeldunen Ligako atarikoa. Ordurako liga hasita egongo da, eta horixe nabarmendu zuen Griezmannek, atarikoari eta Getaferen aurkako partidari garrantzi bera emateraino. «Asko ari gara hizketan Txapeldunen Ligako atarikoaz eta bertan izan ditzakegun aurkariez, baina aurretik Getaferen aurkako partida dugu, eta biek dute garrantzi bera. Getaferi irabaztea oso garrantzitsua izan daiteke atarikoari begira. Hala ere, argi dut edonori irabaz diezaiokegula. Horregatik, berdin dit noren aurka jokatu».

Erronkazalea da Griezmann, eta denboraldi honetarako erronka zehatza jarri dio bere buruari: «Aurreko sasoian lortutako estatistikak hobetu nahi ditut, eta nire jarduna hobetu». Ez da erronka samurra, aurreko denboraldian bikain aritu baitzen. Batetik, gorabehera handirik gabe aritu zen, eta horrek funtsezkoa bilakatu zuen Philippe Montanierrentzat: 34 norgehiagoka jokatu zituen ligan. Bestetik, aurreko sasoietan baino eraginkorragoa izan zen atearen aurrean: hamar gol sartu zituen ligan, inoiz baino gehiago. 22 urterekin beteranoa da jada—150 norgehiagoka baino gehiago jokatu ditu lehen taldearekin—, eta bere pisua eta balioa handituz doa urtez urte.

«Estiloa bera da»

Erdilari frantziarrak hiru aste daramatza Jagoba Arrasaterekin entrenatzen, nahikoa entrenatzaile berriaren lan egiteko berri izateko. Ez du aldaketa handirik nabaritu. «Estiloa bera da. Jagobak oso ondo ezagutzen gaitu, eta badaki zer eman dezakegun».

Jose Angel Valdes eta Haris Seferovic dira Realak sasoi honetarako fitxaturiko bi jokalariak. Ezker jokalariak dira biak, Griezmann bezala. Horrek ere ez du sobera kezkatzen. «Aukera gehiago izango du entrenatzaileak».

Griezmannek eta bere taldekideek denboraldi-aurreko hirugarren lagunartekoa jokatuko dute gaur Irunen (Gipuzkoa), 19:30ean, Real Unionen aurka. Aste honetako lehen lagunartekoa da txuri-urdinentzat, larunbatean Sporting Lisboaren zelaian jokatuko baitute (20:45, ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.