Iñigo Ruiz de Galarretak (Eibar, Gipuzkoa, 1993) oztopo asko eta handiak gainditu behar izan ditu Athleticen nabarmendu aurretik: zortzi taldetan aritu da, belauneko lesio larriak izan ditu… Hala ere, aurrera egin du. Jokalari heldua izan arren, hasiberri baten ilusioarekin ekin dio talde zuri-gorrian abiarazi duen bigarren aroari.
Realak bisitatuko du San Mames bihar. Partida erakargarria da berez, eta oraingoan, gainera, Europarako sailkatu gura duten bi talderen arteko lehia izango da. Prest zaude urteko bigarren derbiari aurre egiteko?
Neurketa polita eta berezia da. Joanekoa ezin izan nuen jokatu, lesio txiki bat tarteko, eta pena handia hartu nuen. Oso gogotsu nago derbia zelai barrutik bizitzeko. Reala aurkari gogorra da, baina Athletic ere sasoi onean iritsiko da.
Zein da Realaren indargune nagusia?
Argi du zer egin nahi duen zelaian. Txapeldunen Ligako mailako jokalariak ditu. Hortaz, lehia zaila izango da, baina badugu konfiantza. Sailkapenean Realaren aurretik gaude. Beraz, San Mamesen lan ona egiten badugu, irabazteko aukera izango dugu.
Afrikako eta Asiako kopak tarteko, Athletici Iñaki Williams falta zaio, eta Realari Take Kubo, Umar Sadiq eta Hamari Traore. Nork nabarituko du gehiago jokalari horien falta?
Aipatu dituzun jokalari guztiak oso onak dira, garrantzitsuak. Baina haien ordezkoak ere oso ondo ari dira. Maila handiko jokalariak daude bi taldeetan.
Realaren aurka aritu ondoren, beste derbi bat jokatuko duzue San Mamesen, asteartean, Alavesen kontra, Espainiako Kopako final-zortzirenetan. Hamar egunean jokatuko duzuen hirugarren derbia izango da, eta hiru talde ezberdin izan dituzue aurkari. Marka da.
Partida gaitza izango da hori ere. Alavesek Betis hartu zuen mendean Kopako aurreko kanporaketan. Beraz, kontuan hartu beharreko kontrarioa da. San Mamesen jokatzea abantaila da guretzat. Ilusio handia daukagu Kopan.
Athleticen azken hiru hilabeteak ikusgarriak izan dira. Jokoari eta emaitzei begiratuta, bolada bikainean dago taldea.
Ikaragarria da zer bizitzen ari garen. Taldekide guztiok poz-pozik gaude. Bai talde gisa eta bai arlo pertsonalean gozatu latza hartzen ari naiz.
«Urte asko daramatzagunok badakigu zein zaila den Athleticek egun daukan futbol maila eta eraginkortasuna lortzea»
Goi mailako talde bateko futbolari izan ezean, oso gutxitan bizitzen dira gisa honetako boladak futbol profesionalean. Hamabi partida daramatzazue galdu barik; urritik. Noizbait galduko duzue, baina, bien bitartean, bizi egin behar da?
Urte asko daramatzagunok badakigu zein zaila den Athleticek egun daukan futbol maila eta eraginkortasuna lortzea. Oso gustura gaude, irribarretsu. Merezi duen gisara baloratu behar da egiten ari garen hori. Lehen itzulian 38 puntu irabaztea oso zaila da. Horrez gain, Kopan ere bizirik gaude. Oso polita izan da orain arteko guztia.
Carlo Ancelotti Real Madrileko entrenatzailearen arabera, Athletic liga irabazteko hautagaien artean dago. Horren berri izan zenuenean, zer pentsatu zenuen?
Sailkapenaren goiko aldean gaude, eta errespetua erakusteko egin zituen adierazpen horiek. Polita da Real Madrileko teknikaria horrela mintzatzea, baina badakigu guretzat helburua ez dela txapelketa irabaztea. Urrun dago.
Talde baten arrakastaren funtsa defentsaren eta erasoaren arteko oreka da. Bada, aurrean eraginkor aritu zarete, eta atzean bederatzi aldiz utzi duzue atea hutsean. Bi areetan asmatzen ari zarete.
Oro har, oso ondo ari gara arlo guztietan, baina zenbait partidatan zailtasunak izan genituen defentsan. Gol asko sartu zizkiguten. Gabezia hori zuzendu genuenetik, oso talde fidagarria gara. Erasoko jokalariak oso ondo ari dira denboraldia hasi zenetik, ikusgarri.
Bi areetan asmatu behar dela esan ohi dute entrenatzaileek, baina, hala ere, askoren ustez, zelai erdiko lana da Athleticen gorakadaren arrazoi nagusia. Diotenez, zu fitxatzeak beste zerbait eman dio taldeari. Lore asko jasotzen ari zara.
Eskertzen da. Pozik nago, baina taldekide guztiok egin dugu lan ona. Jokatzen duenak jokatzen duela, taldeak ez du nabaritzen.
«Klub batek kontratua ez berritzea baino gogorragoa da lesio larri bat izatea»
Espero zenuen taldean horren ondo sartzea eta hasieratik horrenbesteko garrantzia izatea?
Athleticeko jokalariak oso onak dira, eta, beraz, uste nuen ez zela erraza izango taldean lekua izatea. Ez nuen espero horrenbeste nabarmentzea. Azkar eta ondo egokitu naiz. Gozatzen ari naiz.
Heldutasunean izan duzu bigarren aldiz Athleticen trena hartzeko aukera, 30 urterekin, eta ondo baliatzen ari zara.
Sekula ez dut galdu etxera bueltatzeko esperantza, eta, azkenean, lortu dut. Aukera polita da, eta gogor egingo dut lan.
Athleticen ez ezik, beste zazpi taldetan ere aritu zara: Mirandes, Zaragoza, Leganes, Numantzia, Bartzelona B, Las Palmas eta Mallorcan. Zer erakutsi dizu horrenbeste inguru eta talde ezagutzeak?
Oso zaila da galdera horri erantzutea. Talde ezberdinak dira, taldekide asko… Askotariko egoerei aurre egin behar izan diot. Garrantzitsua da azkar egokitzea eta lehenbailehen funtzionatzen hastea. Izan ditudan bizipenek asko lagundu didate pertsona eta jokalari gisa hazteko. Leku guztietan hartu naute oso ondo, baina Mallorcan bizitako azken urteak bereziak izan dira.
Talde askotan jokatu duzu futboletik bizi ahal izateko. Ez da erraza. Baina are eta gogorragoa da lesioekin izan duzun gurutze bidea. Hiru aldiz hautsi duzu belauneko lotailu gurutzatua. Ez duzu erraz amore ematen.
Min hartu dudan bakoitzean, argi izan dut aurrera egingo nuela gogor lan egin eta ilusioari eutsiz gero. Burugogorra izan naiz. Ez dut galdu etxera bueltatzeko anbizioa, eta, orain, gozatzea tokatzen zait.
Lesioek indartsuagoa egin zaituzte buruz?
Bai. Esperientzia zail guztietatik ikasi egiten da. Gogortu egiten zara. Gainera, egunerokoan arazorik ez izatea merezi duen moduan baloratzen laguntzen dizu.
Zer da gogorragoa, jakitea talde batek kontratua ez dizula berrituko edo lesio larri bat izatea?
Lesioak izatea gogorragoa da. Taldetik aparte egotea, gimnasioan lan amaigabea egin behar izatea, futbolean jokatzeko aukerarik ez izatea… Futbola maite dugunontzat, oso zaila da horri guztiari aurre egitea. Bestalde, klub batek utzi egiten badio zugan konfiantza izateari, aurkituko duzu beste talde bat jokatzen jarraitzeko.
Galaxi da zure ezinena. Nork jarri zizun?
Iker Muniainen ideia izan zen. Lehen taldera igo nindutenean jarri zidan. Hitz jokoa egin zuen gure abizenarekin.
Muniainez gain, zein jokalari zeuden taldean zuk debuta egin zenuenean?
De Marcos eta Herrera. Hiru baino ez dira geratzen.