Futbola

Batek kale, eta besteak bale

Berdindu egin dute Realak eta Alavesek, emozio handiko partida batean. Realak garaipena behar zuen, eta Alavesek, gutxienez, berdinketa. Partida joan den moduan, Alavesek garaipena nahi zuen, eta Reala konforme geratu da berdinketarekin.

Reala Alaves Zubimendi
Zubimendi, berdinketaren gola osaptzen. JUAN HERRERO / EFE
pettan uralde
2024ko urtarrilaren 2a
21:45
Entzun

Urteko lehen derbia jokatu dute Realak eta Alavesek. Bolada eta helburu desberdineko bi talde, baina biek behar zuten garaipena. Remirok jaso duen txartel gorriak markatu du norgehiagoka, eta ondoren Merinok egindako penaltia. Alavesen gola Riojak sartu du, hamaika metroetatik, debuta egin duen Marreroren atean. Baina Realak ez du etsi, eta luzapenean berdinketa lortu du, Zubimendiren golarekin.

Ondo landutako bi talde dira Reala eta Alaves. Bakoitza berean, baina emaitzetatik haratago konbentzitu egiten duten bi talde dira. Ordea, azkenaldian ez dute zortea alde izan. Alavesek Ligako azken hiru partidak galdu ditu, eta azken lauetan ez zuen golik sartu. Realak ere ez zuen modu onenean amaitu urtea: hiru berdinketa Inter Milanen partida kontuan hartuta, eta golik sartu gabe abendu hasieratik.

Intentsitate handiarekin hasi da norgehiagoka. Hainbesteraino, non jokoak izan zezakeen erritmo guztia kendu dioten bi taldeek, joko zuzen eta zelai erdiko borrokekin. Hamahirugarren minutuan libratu da hori, lehen aukera argienarekin. Zelai erdian Guridik baloia ostu dio Zubimediri, eta Samu Omorodionek metro asko izan ditu baloia gidatzeko. Azken unean Guridiri pasea eman, eta horrek jaurtiketa ere egin du, baina Zubeldiak aldaratzea lortu du, mugimendu bikain batekin.

Aukera bikoitza izan du Realak 30. minutuan, lehenik Oiartzabalen aukera argi batekin, eta ondoren Merinoren burukada batekin. Etxekoei kosta egin zaie ohiko jokoa sortzea, eta Luis Garcia Plazaren jokalariak adituak dira talde indartsuei zailtasunak jartzen.

Reala hamar jokalarirekin

Norgehiagoka modu normalean igarotzen ari zenean, Remirok berealdiko akatsa egin, eta partida aldatu du goitik behera. Bere areatik irten, eta pase luze bat mozteko ahaleginean txartel gorria ikusi du. Gaizki neurtu, eta goitik pasatu zaio baloia. Bi aukera zituen: baloiari alde egiten utzi eta Abderi gola oparitu, edo eskua atera eta gorria jaso. Cascantekoak bigarrena egin du, eta ezin izango du Athleticen aurkako derbia jokatu.

Luze egin zaio Realari ordubetez jokalari bat gutxiagorekin jokatzea, baina Alaves ez da aditua horrelako egoeretan. Txapelketako azken partidan, hamar jokalariren aurka jokatu zuen denbora luzez, Real Madrilen aurkako partidan, baina ez zuen inolako abantailarik sumatu.

Bigarren zatian, aukera gutxi izan dituzte bi taldeek denbora luzez. Baina Realak beste akats bat egin, eta penaltia oparitu dio Alavesi. Gebarak lortutako penaltia Riojak jaurti du, eta garaipenerako izan zitekeen gola sartu du.

Baina Realak ez du amore eman. Luzapenean dena eman du Imanol Alguacilen taldeak, eta partida osoan izan ez dituen aukerak denbora tarte oso labur batean izan ditu. Lehenik, Kubok izan du berdinketarako aukera, area kanpoko jaurtiketa batekin. Ondoren, Sadiqek eta Zakharyanek. Baina, azkenean, Zubimendik lortu du berdinketarako gola. Aldaratze baten ostean, jokalari gaztearen aurrean geratu da baloia, eta donostiarrak bikain jaurti du eskuin oinaren barrualdearekin Siveraren atean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.