Real Madril 2-1 Reala

Real Madrili Bernabeun irabazteko aukera galdu du Realak

Lehen zatian erabat nagusitu dira txuri-urdinak, eta gol batekin aurreratu, baina bigarrenean indarrik gabe geratu dira, eta, azkenean, galdu egin dute.

Take Kubo izan zen atzo Ralaren erasoaldiaren protagonista nagusia. RODRIGO JIMENEZ / EFE
2023ko irailaren 18a
07:52
Entzun

Ilusioa piztu, eta, gero, zaleak zapuztu. Mingarriagoa da porrota, irabaziko zenuela sinistu duzunean. Horra Realak bart Madrilen eginikoaren kronikaren laburpena. Lehen zatian jaun eta jabe izan ziren donostiarrak, eta, gainera, jakin zuten markagailuan aurreratzen. Baina partidaren bigarren zatian, etxekoek erreakzionatu egin zuten, eta ez zuten barkatu.

Ekaitza bezala atera zen Reala Santiago Bernabeu estadiora. Indar guztiak aurrealdean jarri zituen, eta, horrek arriskua badu ere, Imanol entrenatzailearen apostua ondo atera zen. Lau minutu baino ez zituzten behar izan donostiarrek Madrilen atea zulatzeko. Kubok aurreraturiko baloi bat atera jaurti zuen Barrenetxeak. Ez zuen asmatu lehenengoan, baina bigarrenarekin zurien sarea zulatu zuen.

Eta enbata ez zen baretu, gainera. Beste bi aukera argi izan zuenr Realak hurrengo hamar minutuetan. Kubok jaurtiketa arriskutsua egin zuen, baina Oiartzabalen jokoz kanpoan baliogabetu zuen aukera. Beste aukera bat izan zuen japoniarrak gero.

Baina, noski, espainiarrak esnatu egin ziren haizearekin. Berehala ulertu zuten Realaren erasoaldiek ahuldu egiten zutela haien defentsa, eta horretaz baliatzea erabaki zuten.

Joseluk ateko makila luzearen kontra bota zuen baloi bat, eta beste aukera bat eduki zuen gero Rodrygok.

Hori ikusita, defentsa indartzea erabaki zuen Imanolek, Zubimendirekin. Eta ondo atera zen, atzean lasaiago ibili zirelako, Kubok aurrean arriskua sortzen jarraitzen zuen bitartean. Baina ez zuten lortu zurien atea berriz zulatzea, eta hori erabakigarria izan zen gero.

Bigarren zatian, buelta

Lehenengo zatiaren ispilua izan zen bigarrena. Lehenengoan Reala berehala aurreratu bazen ere, minutu bat ere ez zuen behar izan Real Madrilek gola sartzeko, Valverderen jaurtiketa gogor baten bidez.

Lehenengo 45 minutuetan eginiko lana ordaindu zuten donostiarrek. Kubo-Barrenetxea tandemak indarra galdu zuen, eta horrek arriskua sortzeko aukerak ito zituen.

Madrilek ez zuen barkatu. Joseluk buruz sartu zuen zuriei garaipena eta hiru puntuak eman zizkion gola.

Zakharyan, Cho eta Sadiq zelairatu zuen, erretako kartutxoak freskatzeko, baina ordurako berandu zen, eta jokalariak zein zaleak etxera joan ziren. Ez da bekatua Real Madrilen aurka galtzea haien etxean, baina mingarria da, merengea jateko zorian egon zarenean, azkenean, afaldu gabe oheratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.