Saskibaloia

Real Madrilek jo du lehen kolpea Baskoniaren aurkako kanporaketan

Arabarrek gaizki hasi dute neurketa, eta, bigarren laurdenean hobera egin duten arren, atsedenalditik bueltan gehiago izan dira espainiarrak. Ostegunean jokatuko da kanporaketako bigarren partida, Madrilen.

Costello (Baskonia) eta Tavares (R. Madril). KIKO HUESCA / EFE
Costello (Baskonia) eta Tavares (R. Madril). KIKO HUESCA / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko apirilaren 23a
21:30
Entzun

Baskoniak ezin izan du garaitu Euroligako final-laurdenetako lehen neurketan. Ez da arabarren egunik onena izan, eta Real Madril nagusi izan da, hasi eta buka. 90-74 amaitu da partida. Atsedenaldira 11 punturen aldeagatik galtzen iritsi dira Dusko Ivanovicenak, baina hirugarren laurdenaren hasieran apurtu dute partida etxekoek. Ostegunean jokatuko da kanporaketako bigarren neurketa; Madrilen hori ere.

Lehen laurdenean Edy Tavares izan da protagonista kantxaren bi aldeetan. Madrildarrek saski azpian aurkitu nahi zuten, bera baita Euroligako erreferentzia nagusia han. Baskoniako jokalariak asko itxi dira Cabo Verdeko jokalariak baloia jasotzen zuenean, eta hark askotan aurkitu ditu taldekideak bakarrik, hiruko marran. Gainera, etxekoek asmatu egin dute, Mario Hezonjak batez ere —hiru hiruko sartu ditu lehen laurdenean—. Baskoniak makal hasi du partida, beste behin, eta atzetik aurrera egin behar izan du. Ivanovicek argi zeukan taktika. Costellorekin hiruko marratik gertu jokatzen ahalegindu da, Tavares saski azpitik urruntzeko. Baina etxekoak ondo aritu dira defentsan, eta hiruko jaurtiketetan ere gutxi asmatu dute arabarrek. 26-17 amaitu da lehen laurdena.

Bigarren laurdenean lan handia izan du Baskoniak atzean. Real Madrilek asko asmatu du, baina arabarren defentsako lana ez da ona izan, hutsegite ugari egin baitituzte. Hamazazpi punturen aldea ere lortu dute espainiarrek (42-25). Baina atsedenaldira iritsi aurretik aurrerapausoa eman du Baskoniak. Atzean oldarkorrago aritu dira, eta erasoan lehen laurdenean baino gehiago asmatu dute. Horrela, hamaika puntura gerturatu dira (48-37).

Lau minutu nahikoa izan dira

Aldageletatik bueltan neurketa hasierako Baskonia ikusi du beste behin, eta bertan amaitu dira Ivanovicen ametsak. Real Madrilek 13-3ko partziala egin du lau minutuan, Dzanan Musaren gidaritzapean, eta 21 punturen aldea lortu du berehala. Hutsartea eskatu behar izan du Ivanovicek, eta Costelloren puntuekin ahalegindu da Baskonia partidari eusten —14 puntu sartu ditu guztira—, baina aldea handiegia zen. Real Madrilek ondo itxi du Baskoniaren saskirainoko bidea, eta, gainera, kanpoko jaurtiketetan kamuts aritu dira hiruko marratik. Rogkavopoulosek soilik asmatu du urrunetik. 70-53 joan da neurketa azken laurdenera.

Azken laurdena tramite hutsa izan da. Kanporaketako lehen neurketa ia erabakita, etxekoak minutu gutxien jokatzen dituztenekin aritu dira. Baskoniak ere sentipen onekin amaitu nahi zuen, batez ere osteguneko partidari begira. Orduan izango du Ivanovicen taldeak kanporaketa berdintzeko aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.