Txapeldunen Liga

Real Madril Txapeldunen Ligako txapeldun, hamabosgarrenez

2-0 irabazi du Real Madrilek Borussia Dortmunden aurka. Lehenengo zatian asko sufritu dute espainiarrek, baina bigarren zatian nagusi izan dira. Carvajal eta Vinicius izan dira golegileak.

Real Madrileko jokalariak, lehen gola ospatzen. ADAM VAUGHAN / EFE
Real Madrileko jokalariak, lehen gola ospatzen. ADAM VAUGHAN / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko ekainaren 1a
21:10
Entzun

Barkatzen duenak ordaindu egiten du. Hala dio futbolaren patuak, eta hala gertatu da gaur ere, Wembley estadioan. Real Madrilek irabazi du Txapeldunen Liga, historian hamabosgarrenez. Borussia Dortmundek hankapean izan du lehen zatian, eta aukera ugari izan ditu markagailuan aurreratzeko. Espainiarrak galduta aritu dira lehen 45 minutuetan, baina aldageletatik bueltan hobera egin dute, eta korner batean aurreratu dira, Dani Carvajalen gol batekin. Handik hamar minutura egin du bigarrena Vinicius Juniorrek, eta hala amaitu da neurketa: 2-0.

Lepo bete da Wembley egun handirako. Harmailetan horia eta zuria, erdi bana. Animoan, berriz, alemaniarrak ziren nagusi. Kantuan aritu dira neurketa osoan, beren jokalariak hauspotzea xede. Joko zelaian, urduritasuna nagusitu da lehen minutuetan. Finaletan ez da ohikoa joko erakustaldiak ikustea. Bakoitzak bere aldera tinkatzen du soka, eta sokari zeinek gehiago eutsi, hala aritzen dira bi taldeak indarka-indarka. Real Madril eta Borussia Dortmund ere hala aritu dira, lehen minutuetan hanka sartzeak saihestuz. Baina pixkanaka-pixkanaka aurrerapausoa eman dute alemaniarrek.

Real Madril ohituta dago horrelako finalak jokatzera, eta talde horretako jokalariak lasaiago zebiltzala nabaritzen zen. Hala ere, 12. minutuan lehen aukera izan du Dortumdek, eta hurrengo hamar minutuetan erauntsi horia izan da zurien arean. Trantsizioan azkar aritu dira alemaniarrak, eta azti ibili dira kideak lerro artean aurkitzerakoan. Karim Adeyemik bi aukera garbi izan ditu. Lehenengoan bakarrik gelditu da Thibaut Courtoisen aurrean, eta, atezainari izkin egiten ahalegindu denean, luzeegi joan zaio baloia, eta errematea egiteko aukera galdu du. Bigarrena beste trantsizio bizkor batean izan du. Toki txarrean egin du errematea, baina bikain egin du. Hala ere, Courtoisek ederki erantzun dio. Niclas Fuellkrugek ere izan du beste aukera bat; denetan garbiena, akaso. Lerro artean jaso du pasea, eta lurrera bota du bere burua errematea egin ahal izateko. Baina baloiak zutoina jo du, eta markagailuak 0-0 jarraitu du.

Real Madril ahalegindu da aurrera egiten, baina bikain josi du armiarma sarea Alemaniako taldeak. Edin Terzicen helburua espainiarren zelai erdiko jokoa ezerezean uztea zen. Ondo zaindu dute lerro arteko joko hori, eta Real Madril hegaletik jokatzera behartu dute. Viniciusek egin du ahalegin gehien, baina Matt Humellsekin egin du topo brasildarrak. Gertutik zaindu du alemaniarren erdiko atzelariak.

Dortmundek erauntsia igaro denean, partidaren kontrola bereganatzen ahalegindu da Ancelottiren taldea. Hala ere, zuriek baino arrisku gehiago sortu du Dortmundek kontraerasoan. Atsedenaldira hutsean joan da neurketa. Dena erabakitzeke zegoen.

Esperientziaren balioa

Aukerarik sortu gabe joan dira Real Madrileko jokalariak aldagelara, burumakur. Baina Txapeldunen Liga hamalau aldiz irabazi duenak badaki horrelako egoerak iraultzen, eta hala egin zuen Real Madrilek. Ordura arte sortu gabeko aukerak sortu ditu bigarren zatian. Hasieran, alemaniarren mamua zeukan bizkarrean. Lehen zatian ondo baino hobeto erakutsi baitu Dortmundek trantsizioetan daukan arriskua. Baina, pixkanaka, indarrik gabe gelditu dira horiak, eta aurrera egin dute espainiarrek.

Gregor Kobel atezainak gogotik egin du lan atepean, baina 75. minutuan ezin izan du ezer egin. Toni Kroosek ateratako kornerra Carvajalek errematatu du, buruz, eta sarera bidali du baloia. Ordura arte isil antzean zegoen espainiarren harmaila, baina hor eromena piztu da. Kolpe gogorra izan da Dortumdentzak, eta aurkaria jokoz kanpo uzteko garaia zuen Real Madrilek. Odola usaindu dute espainiarrek, eta beste bi aukera huts egin ostean, hirugarrenean, gola egin du Viniciusek. 2-0ekoarekin, erantzun ezinda gelditu dira alemaniarrak, eta gol bat sartu badute ere, epaileak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpo baitzegoen Fuellkrugek. Hori zuen partidan sartzeko aukera Alemaniako taldeak, baina ezin izan du. Hala, Nacho Fernandezek altxatu du Txapeldunen Ligako garaikurra. Kapitainak, lehen aldiz; klubak, berriz, hamabosgarrenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.