Futbola

Raul Garciak erretiroa hartuko du sasoi amaieran

Guztira, 356 partida jokatu ditu Athleticekin, 329 Atletico Madrilekin, eta 126 Osasunarekin. Hainbat garaikur ere altxatu ditu: Espainiako Liga bat, bi Kopa, bi Superkopa, bi Europa liga eta bi Europako Superkopa.

Raul Garcia, Espainiako Kopako finalean sartutako gola ospatzen. JULIO MUÑOZ / EFE
Raul Garcia, Espainiako Kopako finalean sartutako gola ospatzen. JULIO MUÑOZ / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko apirilaren 15a
13:05
Entzun

Espainiako Kopa irabazi eta astebete eskasera iragarri du Raul Garciak erretiroa hartuko duela. 37 urterekin utziko du futbola, Athletic Cluben elastikoa jantzita. Maila gorenean hogei denboraldi eman ditu nafarrak, eta, gaur-gaurkoz, 811 partida jokatu ditu futbol profesionalean. Ibilbide horretan 148 gol sartu ditu guztira. Taxoaren hazi zen futbolaria, eta, Osasunan eta Athleticen aritzeaz gain, zortzi urte egin zituen Atletico Madrilen. Guztira Espainiako Liga bat, bi Kopa, bi Superkopa, bi Europa liga eta bi Europako Superkopa irabazi ditu. Ezer ez da betiko, eta esaldi horrekin berarekin eman du agurraren berri jokalariak sare sozialetan.

Athleticek zabaldutako oharraren arabera, gaur goizean jakinarazi die Garciak taldekideei futbola uzteko erabakia, Lezaman bertan. Zelaian bizi izandako une ederrenetako bat bizi ostean esango dio agur nafarrak goi mailako kirolari. Izan ere, Athleticek irabazitako Espainiako Kopan berak sartu zuen aurreneko penaltia. Zaleek ez dute berehalakoan ahaztuko erdilariak gola sartutakoan egindako orroa.

Nafarrak datu ikaragarriak pilatu ditu goi mailan. Espainiako Ligan partida gehien jokatu dituzten jokalarien artean hirugarrena da Garcia, 602 neurketarekin. Andoni Zubizarretak eta Joaquinek soilik jokatu dituzte hark baino partida gehiago Espainiako gorengo mailan. Guztira, 356 partida jokatu ditu Athleticekin, 329 Atletico Madrilekin, eta 126 Osasunarekin. Hainbat garaikur ere altxatu ditu; gehienak, Atletico Madrilekin.

Patuak hala nahita, Atletico Madril eta Athletic nor baino nor gehiago ariko dira bi aste barru, Metropolitanon. Hil edo biziko partida izango da Txapeldunen Ligako postuei begira. Baina, hala ere, agur handi bat egingo diote jokalari nafarrari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.