Raul Garcia: «Taldekideen besarkadak izango ditut gogoan»

«Harro eta asebeteta» hartuko du erretiroa. «Zaleen artean ibiliko naiz orain». Athleticen utzi nahi duen ondarea «ahaleginarena» dela nabarmendu du.

Jose Angel Iribiar, Raul Garcia eta Jon Uriarte. LUIS TEJIDO / EFE
Jose Angel Iribiar, Raul Garcia eta Jon Uriarte. LUIS TEJIDO / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko maiatzaren 9a
15:40
Entzun

«Ez dut ezer prestatu nahi izan, une oro ni neu izateko. Urduri nago, baina ez da une triste bat, pozgarria baizik. Begiak itxi, eta une bat aukeratu beharko banu, garaikurretatik harago, taldekideen besarkadak izango ditut gogoan». Raul Garciak hitz horiekin esan die agur Athletici eta haren zaleei. «Hemendik aurrera zaleen artean ibiliko naiz». Jokalariak duela aste batzuk eman zuen jakitera futbola utziko duela. Hiru partida falta dira denboraldia amaitzeko, baina gaur eman du agurreko prentsaurrekoa; larunbatean egingo diote omenaldia, Osasunaren aurkako partidaren aurretik.

Etxekoak, taldekideak, Jon Uriarte presidentea eta Jose Angel Iribar izan dira ekitaldian. San Mamesen izan da. Uriartek hartu du aurrena hitza. «Raul eredu bat da. Langile eta irabazle petoa izan da beti», adierazi du. Iribar izan da hitza hartzen hurrengoa: «Athleticentzat ohorea izan da halako jokalari bat izatea». Iribarrek berak koadro bat eman dio, oroigarri gisa. Bertan, jokalaria bera agertzen da partida batean. Ondoren, haren inguruko bideo bat ikusi ahal izan da, eta gero hitz egin du.

Alboan izan ditu talde zuri-gorriarekin irabazi dituen hiru garaikurrak: Espainiako Kopa bat eta bi Superkopa. «Zenbakiek ez naute sekula itsutu. Harro eta asebeteta noa izan dudan ibilbidearekin. Hona etorrita bete-betean asmatu nuen». Utzi nahi duen ondarearen inguruan, berehala erantzun du. «Ahaleginaren ondorea utzi nahiko nuke». Esker onez mintzatu zaie taldekideei. «Lotura estua sortu da gure artean, eta zer hoberik nire ibilbidea haiekin titulu bat irabazita amaitzea baino». Etxekoak ere izan ditu gogoan. «Zortea izan dut gurasoak hemen egoteko aukera izateagatik. Emazteari, berriz, eskerrak eman nahi dizkiot, asteko egunik txarrenak asteburuak izatea onartzeagatik, eta nire interesak lehenesteagatik. Nire denbora merezi duzue orain».

Iritsi zenean, ez zuen pentsatu erretiroa Athleticen hartuko zuenik. Eta hemendik aurrera zer egingo duen galdetuta, hauxe erantzuna: «Oraingoz, hondartzan ikusten dut neure burua». Iker Muniainek ere ez du Athleticen jarraituko hurrengo sasoian. «Denen erabakiak errespetatu behar dira. Gazteak ari dira aurrerapausoa ematen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.