Baskoniak ofizial egin du Martin Rancik hegalekoaren fitxaketa. Bolo-bolo zebilen zurrumurrua lehengo ostiraletik, eta jokalariak berak akordioa berretsi zuen larunbat iluntzean, Bilbo Basket eta Real Madrilen arteko partida bukatu eta minutu gutxira. Haren adierazpenak jaso zituen orduan Gasteiz irratiak, eta Baskoniarekin hilabeteko kontratua sinatu zuela jakinarazi. Atzo hasi zen kontratu hori. Eta azaroaren 18an bukatuko da; Belgradeko Partizanen aurkako partidaren ostean, hain zuzen ere.
Rancikek Florent Pietrusen lekua hartuko du, eta Josean Kerejeta presidenteak argi adierazi zuen zein izango den haren lana: «Marcus Haislipek min hartu duelako kontratatu dugu, eta Haislip bera ondo osatzen bada, normalean ez du gurean jarraituko». Kerejetak Ranciken fitxaketak Dejan Musliren bilakaerarekin zerikusirik ez duela argitu zuen, «Musli lehen taldeko jokalaria delako eta bost urteko kontratua daukalako».
Kerejetaren hitzek zalantza bat uzten dute argitzeko. Zer gertatuko da Rancikek Haislipek baino hobeto jokatuz gero? Zaila da hilabeteko kontratua daukan jokalariak urtebetekoa ordezkatzea, baina Rancikek bikain jokatu du Bilbo Basketen, eta badaki Baskonian hilabetez jokatzea ispilu ezin hobea dela kontratu luzeago bat lortzeko: «Baskonia ACB ligako talde onenetakoa da, eta Euroligan ere oso ezaguna. Bost partida jokatuko ditut Europan, eta nire onena ematen saiatuko naiz. Niretzat ere oso garrantzitsua da lan ona egitea, etorkizunean eskaintzaren bat jasotzeko», esan du Rancikek.
Bilbon atsekabetuta esan diote agur. Hiru partidetan zenbaki bikainak lortu ditu: 10 puntu eta 3 errebote, batez beste, eta 10 puntuko balorazioa. Rancik, ordea, Hervelle ordezkatzera etorri zen, eta belgikarra osatu denez, lekurik gabe geratu da. 2,04ko hegalekoa da Rancik, eta kanpotik barrura ondo jokatzen du. Pietrusek defentsan lan hobea egiten zuen, baina Rancikek bestelako aukera emango dio taldeari erasoan. Bizkarreko jokoan ondo moldatzen da, eta lauzpabost metrotik ondo jaurtitzen du.
Rancik, hilabeterako
Baskoniak ofizial egin du eslovakiarraren etorrera; Bilbo Basketen jokatu du azken hiru asteetan, oso txukun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu