Valentziako une hunkigarria ahazten eta liga bukaera oneko euforia apaltzen doan heinean, gauzak argitzen hasi dira Donostia aldean. Zuzendaritzatik iritsi da lehen berri ziurra, Gorka Ramoneda presidenteak taldea utziko duela jakin baita. Baieztapen ofiziala falta zen, Ramonedak berak nekatuta zegoela iradoki baitzuen duela hilabete pare bat. «Nekeza egin zait oso presidente lana, han eta hemen sosak bilatzen ibiltzea», esan du Ramonedak; «familia bat daukat, lan bat ere bai, eta irtenbide onena lanerako gogoa daukan norbaiti lekua egitea da».
Lagun Arok 4,7 milioi euroko aurrekontua izan du bukatu berri den denboraldian, eta azken urteetan etengabea izan da beherako joera. Orain hiruzpalau urte, ia zazpi milioi zituen Bruesa zenak; Lagun Arok, gaur egun, %30-40 gutxiago du. Hurrengo sasoian Eurokopa jokatuko du Lagun Arok, baina ez da ziurra horrek onura ekonomikorik ekarriko dion edo ez. Gastua zenbatua dute dagoeneko taldean, 400.000 euro inguru, baina ezin jakin oraingoz dirutza hori ordainduko duen babeslerik egongo ote den. Zailtasun horretan ulertu behar da Ramonedaren ezetza. Hiru urte eta erdi egin ditu karguan, Miguel Santos ordezkatuz, eta berez ez zegokion karga uztea oraindik. Bere burua indarrik gabe ikusita, lemazain jarduna beste norbaitek hartzeko atea ireki du Ramonedak.
Pankok ez du jarraituko
Ramonedak Donostiako irrati batean egin zuen iragarpena, eta taldeko beste hainbat kontu ere izan zituen hizpide. Andy Pankoren jarraipena, adibidez. Klubean estatubatuarrak ez duela jarraituko onartua omen dute dagoeneko: «Bizitza legea da. Panko Europako liga oneneko jokalari onena izendatu dute, eta horrek kontratu ona bermatzen du, Donostian ordaindu ezin dugun dirutza. 34 urte ditu Pankok, eta bere kirol bizitzako azken kontratua sina dezake. Normala da ahalik eta sos gehien jasotzeko nahia izatea, eta guk ezin dugu ezer egin».
Sergi Vidali buruz ere galdetu zioten, eta jakinarazi zuen hegalekoak jasotzen duen eskaintza oro berdintzeko aukera izango duela klubak. «Horrek aukera handiagoa ematen digu».
Ramonedak Lagun Aroko presidente kargua utziko du, «nekeagatik»
Andy Pankori eustea ere ezinezkoa izango dela onartu dute; zaila izango da 4,7 milioiko aurrekontua berdintzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu