Tourra

Raisa Alaba ilustratzaile arabarrak egin du 2023ko Tourraren kartela

Euskal Irudigileak ilustratzaileen elkarteak antolatutako lehiaketa irabazi du.

2023ko Tourra iragartzeko kartela. RAISA ALAVA
jon ordonez garmendia
2022ko urriaren 27a
16:31
Entzun

Ilustratzaile arabar batek jarriko dio irudia 2023ko Frantziako Tourrari. Gaur goizean egin dute aurkezpena, eta, iragarri dutenez, Raisa Alaba ilustratzaile amurrioarraren kartela izango da lasterketako kartel ofiziala. Egileak aurkezpenean azaldu duenez, «mugitzeko eta bizikletan ibiltzeko gogoa» islatu nahi izan du, eta, horretarako, lan koloretsu eta alai bat egin du.

Euskal Irudigileak ilustratzaile elkarte profesionalak antolatutako lehiaketa irabazi du Alabaren kartelak. «Lehiaketa edo deialdi zabal bat egin zuten, eta nire proposamena aurkeztu nuen. Bost finalisten artean aukeratu zuten nire kartela», kontatu dio egileak Aiaraldea.eus atariari. Kartela ekainean egin zuela azaldu du Alabak, eta Tourraren irudi gisa aukeratu izana erantzukizun handia iruditzen zaiola.

Kartelean Bilboko Guggenheim museoa, itsasadarra eta Parisko Garaipenaren Arkua uztartu ditu, Tourraren 110. aldiak Bilbo eta Paris lotuko baititu; lehen hiru etapak Euskal Herrian jokatuko dira. Egileak aitortu du komiki trazak dituela, hori delako gehien eragin dioten estiloetako bat.

Raisa Alabak La Taller Bilboko galerian egiten du lan. Arte Ederretan lizentziatua da EHUn, zeramikan masterra egin zuen, eta Bartzelonako Elisava eskolan Ilustrazioa eta Komikia graduondokoa egin zuen. Polonian egonaldi artistiko bat egina da, eta Artium museoak beka bat eman zion Eskualdea lanagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.