Saudi Arabiako 54. ligan jokatzeko urratsa egin eta gero, urtea ez zen ona izaten ari Jon Rahmentzat. Baina duela astebete Erresuma Batuan liga horretako lehen torneoa irabazi ostean, gogotsu iritsi zen Parisera, Olinpiar Jokoetan domina bat lortzeko asmoz. Bazirudien posible zela, atzo lehen postuan jarri ostean. Gaur ere ondo ekin dio hemezortzi zuloko ibilbideari, eta aurreneko zatian lider tokian sendotu da. Baina hamaikagarren zulotik aurrera okertu egin zaizkio gauzak. Azkenean bosgarren izan da, Rory MClRoy irlandarekin batera. Diploma olinpikoa eskuratu arren, burumakur azaldu da amaieran Rahm: «Postuak ez dit axola. Min handia ematen dit gertatutakoak, eskura nuelako domina. Nik neuk ez dakit zer gertatu den. Baina uste dut, hamalaugarren zuloan egin dudan bogey bikoitza erabakigarriak izan dela. Kostatu egingo zait egoera honi buelta ematea».
Eguna bete-betean hasi du Rahmek. Izan ere, lehen zazpi zuloetan lau birdie egin ditu. Beraz, aldea handitu du. Bi kolpera aldendu du Scottie Scheffler estatubatuarra, eta hirura Hidei Matsuyama japoniarra. Laura geratu dira une horretan, berriz, Tom Kin Hego Koreakoa eta Tommy Fletewood Britania Handikoa. Rahmek eskura zuen domina. Hurrengo zuloetan ere sendo aritu da. Hamargarren zuloan sei birdie zeramatzan, eta bogey-rik ez. Une horretan lau kolperen errenta zuen kontrarioekin.
Baina azken zortzi zuloetan behera egin du. Hamaikagarren eta hamabigarren zuloetan bogey bana egin du. Fleetwoodek, berriz, asmatu egin du hor, eta hortik aurrera besoa uzkurtu zaio Rahmi. Pilotari ohikoa duen indarrarekin eta sendotasunarekin jotzeari utzi dio, eta zalantza egiten hasi da. Hamalaugarrenean bogey bikoitza egin du, eta hor hasi da aldetzen dominetatik.
Schefflerrek atzetik aurrera egin du, eta Fleetwoodek ondo jokatzen jarraitu du; Rahm, aldiz, kontrakarrean aritu da, asmatu ezinik. Urrezko edo zilarrezko domina lortzea ezinezkoa zen jada. Horrenbestez, brontzeagatik borrokatzea geratzen zitzaion, Matsuyamarekin. Hamaseigarren zuloan, hamar metrotik egidako kolpe on batekin berdie bat egin du, eta bazirudien posible zela podiumaren hirugarren tokian amaitzea.
Baina hamazazpigarrenean berriro ere bogey bat egin du, eta hemezortzigarrenean mirari bat behar zuen domina lortzeko. Ez da posible izan. Urrea Schefflerrentzat izan da, 265 kolperekin; bigarren Fleetwood izan da, 266rekin; eta, hirugarren, Matsuyama, 267rekin. Rahmek 269 egin ditu.