«Klubak erabaki ausarta hartu du, baina aukera hau eman ziezadaketela pentsatzen nuen, prest nagoela uste baitut». Rafa Pueyo (Bilbo, 1971) izango da Uxue Bilbo Basketeko entrenatzailea hurrengo denboraldian. Pueyo klubeko kide izan da Bilbo Basket LEB 2an zegoenetik. Azken hamahiru denboraldietan —bederatzi ACB ligan— lehen entrenatzailearen laguntzaile gisa aritu da; Txus Vidorretaren ondoan aurrena, eta Fotis Katsikarisen ondoan azken hiru urte eta erdian. Urte luzeetako lanaren ondoren iritsi zaio taldea zuzentzeko ardura Pueyori. Taldearen kirol maila «oso goian» dagoela esan zuen aurkezpen prentsaurrekoan, eta hitzeman zuen «maila horri eusten» saiatuko dela: «Gai naiz erronkari aurre egiteko».
Gorka Arrinda Bilbo Basketeko akziodun nagusiak azaldu zuenez, entrenatzaile kargurako «Pueyoren izena bakarrik» izan dute buruan: «Gaur bertan deitu didate beste entrenatzaile bat eskainiz, baina gure filosofiarekin eta anbizioarekin bat egiten duen bakarra bera da». Entrenatzaile berriak zuzendaritzak emandako aukera alferrik ez galtzea espero du: «Taldean daramatzadan urte guztietan lortu dugu goi mailako taldea osatzea; ziur nago berriro ere lortuko dugula».
Jokalarien «babes osoa»
Arrindaren esanetan, jokalarien «babes osoa» izango du Pueyok. Jokalariei entrenatzaile bilbotarrari buruz galdetu diete, eta «guztiak» bat datoz zuzendaritzarekin. Pueyok eskertu du babes hori: «Garrantzitsua da klubak ni babestea, baina are garrantzitsuagoa jokalariek niregan konfiantza izatea. Dairis Bertans eskolta izango da bere aginduetara izango duen jokalarietako bat. Bilbo Basketek atzo baieztatu zuen hiru urterako fitxatu duela. 23 urte ditu, eta VEF Riga taldean jokatu du azken denboraldian.
Rafa Pueyo, Katsikarisen ordez
Entrenatzaile bilbotarra Fotis Katsikarisen eta Txus Vidorretaren laguntzailea izan da azken denboraldietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu