Tenisa

Rafa Nadalek tenis profesionala utziko du

Lesioak tarteko, oso partida gutxi jokatu ditu azken bi urteetan. Hala ere, 22 urteko ibilbide oparoa izan du, eta bigarrena da Grand Slameko titulu gehien irabazi duten gizonezko tenislarien artean: 22 eskuratu ditu.

Rafa Nadal, artxiboko irudi batean. YOAN VALAT
Rafa Nadal, artxiboko irudi batean. YOAN VALAT
Beñat Mujika Telleria.
2024ko urriaren 10a
12:40
Entzun

«Zaila izan da erabakia hartzen, denbora behar izan dut, baina bizitza honetan denak dauka hasiera eta amaiera». Hitz horiekin iragarri du Rafa Nadalek (1986, Manacor, Herrialde Katalanak) tenis profesionala utziko duela. 38 urterekin esango dio agur 22 urteko ibilbide profesionalari. 22 urte horietan historia egin du, eta munduko onenen pare aritu da: 92 titulu eskuratu ditu, tartean 22 Grand Slam. Olinpiar Jokoetan ere loria lortu zuen, banaka zein binaka urrezko domina eskuratuta. Gainera, bost Davis Kopa ere irabazi ditu Espainiako selekzioarekin.

«Azken bi urteak oso zailak izan dira niretzat, ez naizelako gai izan mugarik gabe jokatzeko», adierazi du Manacorren jaiotako tenislariak. Ez da gutxiagorako. Datuei erreparatuta, argi ikusten da lesioek jarduna eten diotela azken urteetan. Iaz, 2023an, lau partida besterik ez zuen jokatu. Aurten, berriz, hemeretzi jokatu ditu. «Uste dut garai egokia dela inoiz imajinatuko nukeen baino askoz arrakastatsuagoa izan den ibilbide luze honi amaiera emateko», gaineratu du.

Tenislariaren ibilbidea oparoa izan da. 22 urtean 1.307 partida jokatu ditu, eta horietatik 1.080tan atera da garaile. Hau da, 227 partida besterik ez du galdu. Batez ere, lur harrotuan eskuratu du lorpen gehien. Bertan, bostehun partida baina gehiago jokatu ditu, eta 51 besterik ez du galdu. Roland Garros txapelketa da horren adierazle nagusia: hamalau aldiz irabazi du txapelketa.

Orain arte, bigarrena da Grand Slameko titulu gehien lortu duten gizonezko tenislarien artean. 22 irabazi ditu, Novak Djokovic serbiarrak baino bi gutxiago –24 lortu ditu Djokovicek–, eta Roger Federer suitzarrak baino bi gehiago –20 eskuratu ditu Federerrek–. Horrez gain, urrezko domina irabazi du Olinpiar Jokoetan. 2008an lortu zuen lehena, Pekinen, buruz burukoan. Bigarrena Rion eskuratu zuen, binaka, Marc Lopezekin batera.

Davis Kopa ere bost aldiz irabazi du, eta txapelketa hori jokatu ostean esango dio agur tenis profesionalari. Espainiako selekzioak azaroaren 19an jokatuko ditu final-laurdenak, Herbehereetako selekzioaren aurka, eta bertan hasiko da Nadalen atzerako kontaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.