Anaitasuna eskubaloi taldeak beste entrenatzaile bat izango du datorren denboraldian. Quique Dominguezek (Vigo, Galizia, 1969) Iruñeko taldea entrenatzeari utziko dio sasoi honen amaieran, bost urtez aulkian eseri eta gero.
Dominguezek berak eman du erabakiaren berri, gaur, Iruñean, prentsaurreko batean. Hunkituta hitz egin du. «Kosta egiten zait iraganean hitz egitea. Asko maite dut klub hau, oso gustura aritu bainaiz, eta oso ondo hartu bainaute. Bost urte eder izan dira. Hona iritsi nintzenean baino entrenatzaile hobea naiz. Barruan dudan guztia eman dut. Gaur, jarraituko ez dudala jakinarazi dut, baina oraindik bigarren itzulia falta zaigu jokatzeko, eta seguru nago aurrenekoa baino hobea izango dela».
Dominguezek Jose Manuel Narbaiz Anaitasunako presidentea izan du alboan. Hark esan du min egiten dien arren denak duela «hasiera bat eta amaiera bat». «Ikusgarria da zer egin duen Quiquek harrobiaren alde urte hauetan guztietan. Anaita sentimendua du barruan».