Quintanaren atzetik

Tourrean ez bezala, kolonbiarra indartsu ageri da Vueltan, eta Froome gaindi dezakeela erakutsi du. Contador, berriz, lehiatik kanpo dago

Quintanaren atzetik.
2016ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Frantziako Tourrean hiru faborito ageri ziren denen gainetik:Chris Froome (Sky), Nairo Quintana (Movistar) eta Alberto Contador (Tinkoff). Lehenak hanka batekin irabazi zuen, bigarrenak ez zuen pedal kolperik topatu, eta hirugarrena erretiratu egin zen, behin baino gehiagotan erori ondoren. Bada, Espainiako Vueltan gauza batzuk aldatu dira, eta Quintana dabil guztien gainetik aldapak goranzko joera hartzen duenean, herenegun Covadongako aintziretan erakutsi zuen bezala. Vueltak lehen atseden eguna zuen atzokoa, eta hala dira kontuak. Quintana lider da; Froome, bere ibilera bereziarekin, hirugarren da sailkapen nagusian, 58 segundora, eta oraindik Vuelta irabazteko lehian guztiz sartuta dago. Contador, ordea, urruti dago, 2.54 minutura; Vueltan ere erori egin da Madrilgo txirrindularia. Ezuste handiena Alejandro Valverde (Movistar) ari da ematen: Giroan hirugarren amaitu zuen; Tourrean, seigarren; Olinpiar Jokoetan aritu zen, eta Vueltan bigarrena da oraingoz, Quintana taldekidearengandik 57 segundora.

«Mendiko etapetan ahalik eta abantaila handiena lortzen saiatuko naiz, azken erlojuaren aurkakoari begira», adierazi zuen atzo Quintanak. Hori izango da aurtengo Vuelta erabakitzeko gako nagusia: hemeretzigarren etapako 37 kilometroko erlojuaren aurkakoa. Etapa laua da, eta, hasiera batean, Froomerentzako oso egokia. Quintanak ez du faltako orain duen abantaila hori areagotzeko mendiko etaparik, ordea. «Oro har, hirugarren astera indartsu heltzen naiz, baina dauden aukera guztiak aprobetxatu beharko ditut gerorako lanik utzi gabe. Indartsu sentitzen naiz, eta konfiantzaz gainezka».

Froomek zalantzaren bat utzi du Vuelta hasieran, baina 58 segundora soilik dago sailkapen nagusian: «Tourra irabazita, Vuelta da orain lehentasuna, eta garaipena lortzea gustatuko litzaidake». Kenyan jaiotakoak Vueltan eman zuen bere berri lehen aldiz, 2011n, eta «niretzat oso garrantzitsua litzateke noizbait irabaztea», azaldu zuen. Quintana orain arte gainetik izan duen arren, uste du bere mailan «gorantz» ari dela: «Azken astean nire mailarik onenean egotea espero dut». Bestalde, Contadorrek argi du irabazteko aukerak «oso urriak» direla. Halere, ez da errendituko: «Lasterketan ez dut segituko segitzeagatik, gauza politak egiteko baizik».

Gaur ere gorantz amaituko dute txirrindulariek, Peña Cabarga izango baitute etapa bukatu aurretik. Igoera motza da, baina gogorra: 5,6 kilometro batez besteko %9,8ko pendizarekin. Atseden egunen osteko etapek beti ematen dituzte sorpresak eta gorabeherak; beraz, ikuskizuna ez da faltako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.