Bakarrik eta arineketan, etengabe ordulariari begira. Errutina hertsagarri baten laburpena izan daiteke. Baita txirrindularitzako erlojupeko saioena ere. Ziklistek desafio egiten diote denborari, jantzi aerodinamikoak soinean eta bizikleta adardunaren gainean. Garaiz iristea dute helburu, orratzak ahalik eta azkarren geldituta. Bada, puntualtasun zorrotza izan beharko dute aurtengo Munduko Txapelketan, Suitzan ariko baitira, erlojurik zehatzenen herrialdean. Erlojupekoak gaurtik asteazkenera egingo dituzte; horren ondoren, errepideko proben txanda izango da, igandera bitarte.
Suitzako erlojuek zehaztasuna baino are handiagoa dute prezioa. Luxuaren erakusgarri dira, egunotan lehiatuko den txirrindulari multzoa bezalaxe. Erlojuaren kontrako saioei dagokienez, munduko espezialistarik onenen bilgune izango dira Zurich inguruan jokatuko diren probak —UCIk hiri horretan antolatu du txapelketa—. Sei izango dira guztira: gaur, elite mailako gizonezko eta emakumezkoek jardungo dute, 12:00etan eta 14:45ean; bihar, 23 urtez azpiko eta junior mailako gizonezkoek, 09:15ean eta 14:45ean; etzi, junior mailako emakumezkoek, 08:30ean; eta asteazkenean, berriz, taldekako erlojupeko mistoaren txanda izango da, 14:00etan.
Maila nagusiko emakumezkoek ekingo diote lehiari, gaur eguerdian. 30 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute: gorabeheratsua da hasieran, eta guztiz etzana bukaeran. Aldapen eraginez, baliteke espezialista petoen eta bestelako txirrindularien arteko desoreka berdintzea. Adituen sailean dago Chloe Dygert (Ameriketako Estatu Batuak), iazko txapelduna. Garaipena berritu nahi du, eta era berean, Olinpiar Jokoetako arantza atera. Parisen Grace Brownek (Australia) kolkoratu zuen urrea, eta ortzadar maillota bereganatzen saiatuko da gaur. Ellen van Dijk (Herbehereak) ere ezinbestean aipatu behar da, hiru bider izan baita munduko txapeldun.
Haiei aurre egiten saiatuko dira Demi Vollering (Herbehereak) eta Lotte Kopecky (Belgika), ibilbideko lehen kilometro malkartsuak baliatuz. Vollering iaz lehiatu zen estreinakoz erlojupeko proban, eta seigarren finitu zuen. Kopecky Belgikako Txapelketako azken sei erlojupekoetan gailendu da, baina hark ere bigarren aldia izango du Munduko Txapelketan —bederatzigarren izan zen 2022an—.
Urrezko erronka
Emakumezkoetan bezala, elite mailako gizonezkoen erlojupekoan ere ez da euskal txirrindularirik izango. Iaz Remco Evenepoel (Belgika) izan zen puntualena, eta aurten ere erlojua orduan jartzen saiatuko da. Parisen urrezko bi domina lortu zituen, eta Munduko Txapelketan balentria egin nahi du berriro. Gaur arratsaldean saiatuko da lehen garaipena lortzen, 46 kilometroko ibilbidean. Laua da oro har, baina zenbait koska ditu erdialdean. Hobe Evenepoelentzat, baita Primoz Roglicentzat ere (Eslovenia). Bolada oso onean da, Espainiako Vuelta irabazi ondotik. Stefan Kueng (Suitza) ere sasoi betean dago, eta dominarik preziatuena lortzen saiatuko da etxeko beroan.
Filippo Ganna (Italia) bi aldiz izan da munduko txapeldun, baina ordularia atzeratu egin zaio azkenaldian. Gora doa, berriz, Joshua Tarling (Britainia Handia), baina baliteke maldan gora ibiltzeak kalte egitea gaur. Haiekin batera, beste hautagai ugari daude: Joao Almeida (Portugal), Brandon McNulty (Estatu Batuak), Edoardo Affini (Italia), Jay Vine (Australia), Mathias Vacek (Txekiako Errepublika)…
Azpiko mailetan, hiru euskal ziklista lehiatuko dira bakarka: Markel Beloki 23 urtez azpikoetan, eta Paula Ostiz eta Irati Aranguren juniorretan. Horren ondoren, Belokik ez du egingo iraupen proba; Ostizek eta Arangurenek, ordea, bai, beste zortzi euskal ziklistarekin batera.
11 euskal txirrindulari ariko dira munduko txapelketan
Euskal Herriko 11 txirrindulari ariko dira Munduko Txapelketan: Alex Aranburu, Pello Bilbao, Mikel Landa, Usoa Ostolaza, Eneritz Vadillo, Markel Beloki, Iker Mintegi, Igor Arrieta, Paula Ostiz, Irati Aranguren eta Ayala Serrano.